Aieteko konferentzia: 5. urteurrena
"Estatu logika" da nagusi azkenean
Duela bost urte ETAk jardun armatuaren behin betiko bukaera iragarri aurreko bi egunetan, Hollanderekin izan zen Espagnac Madrilen, Zapaterorekin eta Rubalcabarekin bilduta. ETAri buruz aritu ziren. "Frantziak euskal gatazka Espainiaren arazotzat jotzen du, Espainiak ez du Frantzia auzian sartzerik nahi, eta Frantzia ez da sartzen", dio Espagnacek.
2016-10-16 / Enekoitz Esnaola
Hollandek Espagnaci esan zion beste astebete behintzat pasatzekoa zela Hossegorren, eta ezagutu nahi zuela Iparraldeko barnealdea. "Abuztuaren 7an pastorala zegoen Larrainen [Zuberoa], eta haraxe eraman nuen". Espagnacek dio Hollandek, orduan bederen, ez zituela asko ezagutzen Euskal Herria eta hemengo problematika, "baina ez interes faltagatik". Pastoralean zer gai tokatuko, eta: Telesforo Monzoni buruzkoa. Mamia bazegoen. Monzon: duela 80 urte Jaurlaritzaren sorrerako protagonistetakoa, frankismo garaian Iparraldean euskal iheslarien aterperako Anai Artea elkartearen sortzailea, HBren sortzaileetakoa 1978an… "Zaila da Hollande eserita ordubetetik gora edukitzea, baina Larrainen han egon zen hiru orduz pastoralean, hasi eta buka".
Hollandek oso gertuko politikari eta lankidea du Espagnac, hori 1999tik ari baita hari laguntzen. Baina 2011ko oporraldi hartatik bi hilabete pasatxora heldu zen Aieteko Nazioarteko Konferentzia —urriaren 17an—, eta Espagnacek Hollanderi ez zion esan joan egingo zela. "Neure kabuz joan nintzen, ez PSko ordezkari bezala", zehaztu du. "Alderdiak konferentziaz ez zeukan informazio askorik, baina nik Aieten egon behar nuela uste nuen, Euskal Herriko bake prozesuari buruzko konpromisoagatik". Hiru aste lehenago hautatu zuten Frantziako senatari.
Aieten zen Frantziako Barne ministro ohi bat: Pierre Joxe, Kofi Annanekin-eta batera adierazpenaren egileetako bat. Espagnacek dio 1980ko hamarkadan Joxe saiatu zela Euskal Herriko bakerako pausoak ematen —baita euskal departamenduaren alde egiten ere—, eta Aietekoa, nolabait, jarraipen bat zela harentzat. "Joxek pentsatuko zuen Frantziako Estatuari grazia handirik ez ziola egingo bera Aieten egoteak, baina hark badu ibilbide bat egina, eta han egon zen, PSri baimenik eskatu gabe". Pierre Joxeren seme bat Senatuko langilea izan arren, Barne ministro ohiak ez zekien Espagnac senataria Aieten egotekoa zenik. Han zeuden biak, PSri baimenik eskatzeke.
Hollanderen gonbitea Zapaterorekin biltzeko
Konferentzia amaitu zenean eman zion Espagnacek Hollanderi bere parte hartzearen berri, Donibane Lohizuneko etxera heldu zenean. "Badaezpada ez nion deitu aurretik… Azaldu nion Pierre Joxe ere han egon zela. ‘Beraz, ondo babestuta egon zara’, esan zidan. ‘Baina, Frederique, seguru al zaude ongi egin duzula Aietera joanda?’. Erantzun nion hori nuela egin beharrekoa. Aieteko adierazpenaren berri eman nion". Orduan heldu zen ustekabea Espagnacentzat. "Frederique, badakizu bihar Madrilen egon behar dudala Zapaterorekin. Nirekin joan nahi al duzu?". Baietz.
Hollandek Aieteko konferentziaren bezperan —urriaren 16an— irabazi zituen PSko primarioak Frantziako presidentegai izateko, eta bilera hitzartu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) Espainiako gobernuburuarekin. Espainiako hauteskundeak handik hilabete batera ziren, eta, presidente zela, Zapaterok azkeneko aldiz hartuko zuen Hollande urriaren 18 hartan. Aspalditik ezagutzen zuten elkar; Espagnacek dioenez, 1990eko hamarkadaren erdialdetik. Hollande 1997an PSko idazkari nagusi hautatu zuten, eta Zapatero, PSOEkoa 2000n, eta 1997rako bazuten harremanik. Biak alderdi sozialistako buru zirela, urtean pare bat aldiz biltzen ziren Madrilen, Parisen edo Bruselan, eta bilera denetan izaten zen Espagnac, Hollanderen taldeko kide gisa. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak izan zirenean, Zapaterok Hollanderi deitu zion, manifestaziora joateko eskatzeko, eta joan zen Frantziako PSko burua, Europako beste buruzagi sozialista batzuekin batera. Han zen Espagnac ere. Zapatero handik gutxira hautatu zuten Espainiako Gobernuko presidente, eta Moncloan hartu zuen nazioarteko lehen politikaria Hollande izan zen. "Ni ere joan nintzen".
Eta Aieteko Adierazpenaren biharamunean, Zapatero-Hollande bilera, Moncloan. Espagnacek Loiuko aireportuan (Bizkaia) hartu zuen Madrilerako hegazkina, eta PSOEren egoitzan elkartu zen Hollanderekin. Ondoren, Moncloara. Bileran, Hollanderekin, haren kanpainaburu eta gero Ekonomia eta Finantza ministro izendatuko zuena zegoen: Pierre Moscovici. Eta Espagnac. "Askotariko gaiak izan zituzten hizpide, eta haien artean, beste batzuetan bezala, ETArena ere bai. Baina ez Aieteko Adierazpena", kontatu dio PSko senatariak BERRIAri, Baionan. Ez du 2011ko urriaren 18ko bileraren xehetasun gehiago eman nahi izan.
Rubalcabaren iragarpena
PSko ordezkariek beste egun bat egin zuten Madrilen, eta urriaren 19an (asteazkena) Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiarekin bildu zen Hollande Frantziako enbaxadan, Espagnac ere bertan zela. 2012ko urtarrilaren 21ean Le Journal du Pays Basque kazetan jakinarazi zuen bezala, senatariak aitortu du Rubalcabak iragarri ziela hurrengo egunean ETAren agiri bat egon zitekeela. "ETAren agiriak ostegunean beharko lukeela zioen Rubalcabak". Moncloarako hautagai izendatuta, 2011ko uztailean utzi zion Rubalcabak presidenteorde eta Barne ministro izateari. Informazio ona zeukan ETAri buruz, nazioarteko bitartekariek emanda. Urriaren 19 hartan adierazpenak egin zituen Hollandek, Madrilen: "Frantzian badakigu Zapaterok eta Rubalcabak egin dutela bukatzen ari den [ETAren] terrorismoaren kontrako borroka".
Urriaren 19an utzi zuten Madril Hollandek-eta. "Haren hegazkin pribatuan Parisera joan ginen, eta une hura baliatu nuen Aietekoaz hitz egiteko", dio Espagnacek.
Hollande Frantziako presidente hautatu zuten 2012ko maiatzean. Manuel Valls izendatu zuen Barne ministro. Senatariaren arabera —2012ko azarotik PSren bozeramailea ere bada—, Hollandek aukeran bi lagun zituen Barne ministro izendatzeko: Valls zen bat, eta Pierre Joxe Barne ministro zeneko kabineteburu eta gaurko Lan ministro François Rebsamen. Vallsen alde egin zuen, hauteskunde kanpainan kolaboratzailerik estuenetakoa izan baitzuen. Ez zitzaion hautu hura gustatu Espagnaci. "Kasurako, 2012ko urri bukaeran esan zuen Vallsek: ‘Ez da euskal egitura administratiborik egongo ETAk armak entregatzen ez dituen bitartean’. Urtebete zen ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuela, eta Valls jite horretan genuen. Hollanderi deitu nion segituan, eta aitortu zidan ez zekiela Valls gisa horretara mintzatuko zenik". Euskal senatariak dioenez, Frantziako presidenteak Barne ministroari jakinarazi zion Ipar Euskal Herriko ordezkari batzuk haserre zirela berarekin, eta egin beharko zuela bilera bat haiekin. 2012ko azaroan bildu ziren. "Euskal Herriko gako garrantzitsu denak mahai gainean jarri genizkion Vallsi, baina erantzun zigun hemen ez dagoela bake prozesurik. Guk, baietz, eta gogoratu genion Frantziako Barne ministro ohi bat Aieten egon zela, eta eskatu genion hitz egin zezala harekin. Ez dakigu hitz egin zuten".
Espainiaren arazotzat joa
Azkenean, Hollandek Vallsek baino jarrera irekiagoa izan arren, "estatu logika" nagusitzen da, Espagnacek azaldu duenez: "Frantziak euskal gatazka Espainiaren arazotzat jotzen du, Espainiak ez du Frantzia auzian sartzerik nahi, eta Frantzia ez da sartzen". Teoria bera du Max Brisson Iparraldeko Les Republicains alderdiko kide eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilariak ere, eta, "oroz gain, Espainiaren borondate eza" txarretsi du. "Vallsek nabarmentzen zigunez –dio Espagnacek–, Frantziak eta Espainiak borroka antiterroristako akordio bat dute aspalditik, eta 'egin behar dena egiten dugu'". Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak aste honetan esan du ETAren aurkako borrokan "ezin hobea" dela Frantziaren "jarrera", eta bi gobernuak "elkarrekiko leialak" direla. Baina tartean beste interes batzuk ere sartzen dira; finantzakoak, adibidez, eta orduan ere ondo etortzen zaie elkarrekiko leialtasun hori.
Hala ere, PSko euskal senatariak azpimarratu du Frantziako Gobernuak egin dituela urrats batzuk konponbiderantz: Justizia ministro zela Christiane Taubirak euskal presoen aferan —"lastima gobernua utzi izana"—, eta 2014an Bake Konferentzia Frantziako Asanblean egin zen. "Espainiak noizbait mugitu beharko du", esan du akaberan.