Aieteko konferentzia: 5. urteurrena
Ondorioen ondorioak
Bost urte dira Aieteko konferentzia egin zela. ETAk berehala iragarri zuen bukatu zuela jarduera armatua, baina gatazkaren ondorioen atala blokeatua da oraindik. Datorren larunbatean, Foro Sozialak beste bultzada bat eman nahi dio, Aieten, eta lan iraunkorra egingo du aurrerantzean.
2016-10-17 / Enekoitz Esnaola
Aieteko konferentziako adierazpeneko 1. puntua: «ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko». Hiru egunera bete zen, ETAk agiria plazaratuta. Aieteko bigarren puntua: «Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko». Ez da bete. Aldiz, hirugarren puntuak —biktimen aitortza— eta laugarrenak —elkarrizketa politikoa eta herri kontsulta— izan dute garapenik, bide bat egiteko dagoen arren. Beraz, zer egin bigarren puntua abian jartzeko? Bi estatuengan eragiteko, lehenik Euskal Herrian espazio pluralak eratzeaz hitz egiten dute eragileek. «Hiru erpin» aipatu ditu Rufi Etxeberria Sortuko kideak: «Arlo instituzionala, soziala eta euskal presoak» (haren elkarrizketaren bertsio luzea).
Bost urte dira Donostian, Aieten, Bakearen Etxean Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutela. Datorren larunbatean, Aieteko jauregian bertan, Foro Sozialak beste bultzada bat eman nahi dio gatazkaren ondorioen konponbideari: euskal presoen auziari, ETAren armagabetzeari... Hainbat eragile sozial eta politiko bilduko dira, Brian Currin nazioarteko bitartekaria ere izango da (elkarrizketa), eta foroak izaera «iraunkorra» hartuko du. Hilabeteak daramatzate aro berria prestatzen. Duela hilabete ziren topaketa egitekoak, baina irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako bozak zirela-eta urriaren 22ra atzeratu zuten. 80ren bat ordezkari elkartuko dira, eguerdian. Rufi Etxeberriak, Joseba Aurrekoetxea EAJren EBBko kideak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak BERRIAri aitortu diote garrantzitsua litzatekeela «gizartea aktibatzea». Hala ere, impasse egoeraz ondorio desberdinak dauzkate hirurek —Aieten ziren 2011ko urriaren 17an—.
Euskal presoen eta ETAren armagabetzearen aferek gaur egun beste itxura bat zuketen Aieteko konferentzia baino lehenxeago ETAk eta Espainiako Gobernuak ustez hartu zituzten konpromisoak bete izan balira. Sortuk aurtengo urtarrilean jakinarazi zituen lehen aldiz konpromisoak, Iruñean, Espainian PPrena ez zen beste gobernu bat eratzeko aukera zegoela iritzita, Etxeberriak dioenez. «PSOEren gobernuak [Jose Luis Rodriguez] Zapatero presidente zen garaian hartu zituen konpromisoak zein ziren gogoraraztea nahi genuen. Ez zituen bete, eskuak garbitu zituen. Betetzeko exijitzen dugu guk».
Sortuko kideak azaldu du nazioarteko eragileek PSOEren gobernuarekin duela hamar urtetik zutela harremana: «2005-2007ko prozesuan nazioarteko eragileek harreman zuzena izan zuten [Alfredo Perez] Rubalcaba Barne ministroaren taldearekin. Ezker abertzaleak 2009-2010ean estrategia aldatu zuenean talde horrek segitzen zuen, eta nazioartekoek horrengana jotzen zuten. Konpromisoak talde horrekin landu zituzten. Nazioartekoek, aldi berean, ETArekin ere bazuten harremana». Parte bakoitzak erabakiak «alde bakarrez, bere kabuz» hartu zituela nabarmendu du Etxeberriak, zeharka elkarren berri bazuten arren. Sortuk Iruñean iragarri zuenez, ezker abertzaleak 2011ko urriaren 8an jaso zuen konpromisoen dokumentua. Han zetozen presoei buruzko kontuak —gaixotasun larriak dituztenak libre, presoen Euskal Herriratze mailakatua, ETAk eta Espainiako Gobernuak presoen kaleratzea aztertzea...—; ETAren ordezkaritza Europako estatu batean kokatzea; ezker abertzalearen legeztatzea...
PSOEk sekula ez du onartu konpromisorik hartu zuenik, baina hango kide batzuek aitortu izan dute Aieteko konferentzia egitea «erraztu» zutela, han «ETAri eskakizunak» egin ziezazkioten. ETAk bete zuen lehen puntua. Bigarrena garatzeke dago. Ezker abertzaleak borondaterik ez izatea leporatzen dio Espainiako Estatuari. Riosek kasu argigarri bat kontatu du: «2010eko martxoan nazioarteko eragileek Bruselako Adierazpena aurkeztu ondoren, estatuak bere makineria osoa martxan jarri zuen oztopatzeko, sinatzaile guztiei banan-banan deitu zielako esanez ea ba al zekiten zer sinatu zuten». «Egia da hori», dio Etxeberriak. Lokarriko orduko koordinatzailearen ustez, «Espainiak beldurra zeukan bake prozesuak nazioarteko proiekzioa izateko».
2006-2007ko prozesuan bitartekari lanetan ibili zen bat Jonathan Powell da, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabineteburu izandakoa. Aieteren aurreko elkarrizketetan ere bazebilen. Powellekin EAJk bazuen harremana, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako egungo jarduneko lehendakariaren bidez, Aurrekoetxeak esan duenez: «Aiete aurretik, guri iristen zitzaigun ETAk bide politikoen aldeko apustua egingo zuela». EAJren informazio iturriak Lokarri eta Currin ere baziren, baita Zapatero ere. «Urkullu [EBBko burua orduan] egoten zen harekin, eta eskatu ziguten eurekin batera aritzeko». EBBko Antolaketa arduradunak nabarmendu du Urkullu «busti» egin zela Bildu koalizioa legezta zezaten.
Ezker abertzalearen galdera
2007ko hausturaren ondoren, ezker abertzaleak estrategiari buruzko barne eztabaidari ekin zion. Bi egiteko zituzten, Etxeberriaren esanetan: «Batetik, artean egiteke genuen negoziazio prozesuaren ezaugarritzea; hau da, prozesu modura hartzea, garapen modura. Bestetik, estrategia politiko-militarrarekiko sakoneko eztabaida bat egin gabe genuen. Munduko errealitatea eta Espainiako Estatuaren jarrera ere ikusita, prospektiba bat egin genuen, eta galdera zen: 'Orain arteko estrategiak emango al digu egin nahi dugun hori egiteko aukera?'. Ondorioa izan zen ordu arteko estrategia oztopo bilakatu zitzaigula». Ofizialki, 2009ko azaroan ekin zioten eztabaidari, eta Powellen bisita jaso zuten. «Hura 2008an ere egon zen ezker abertzaleko jendearekin, Euskal Herritik kanpo. Bazekien ezker abertzalea zertan zebilen, eta 2009ko azaroan hona etorri zen, guregana».
Etxeberria 2009ko irailean irten zen kartzelatik, eta urrian Arnaldo Otegi-eta espetxeratu zituzten Bateragune auzian. Etxeberriak hartu zuen lema. «Baina jende gehiago ibili zen; gehienak, gazteak». 2009 bukaeran eta 2010ean PSE-EEtik Jesus Egigurenekin izan zuen hark harremana, Loiolako 2006ko elkarrizketetatik gertutasun bat bazutelako. «Erabateko konfiantza dut Rufi Etxeberriarengan», esan zuen Egiguren PSEko orduko presidenteak publikoki, eta ETAren jardun armatuaren bukaera 2011n hel zitekeela ere adierazi zuen, «maiatzeko hauteskundeak hor zeudelako». Boz haiek baino lehenago gertakari garrantzitsuak izan ziren: Bruselako Adierazpenaz eta ezker abertzaleak hari emandako erantzun baikorraz gain, Zutik Euskal Herria ebazpena, Sorturen estatutuak, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearen aurkezpena…
2011ko udaberritik aurrera beste martxa bat sartu zuten. Currinek Riosi esan zion irailaren erdialdera Donostian nazioarteko konferentzia bat egitea aurreikusten zutela. Lokarriko kide ohiak dio nabaritzen zuela aurrerapausoak gertatzen ari zirela, baina ez zuen asko jakin nahi: «Uda aldera egunero kazetarien hogeiren bat dei jasotzen nituen, eta, badaezpada, ez nuen Aieteko edukien berri izan nahi. Bestela, kazetariren batekin hanka sartzeko arriskua nukeen. Beraz, batere ez». EAJk bazuen informazio zuzenik, Aurrekoetxearen esanetan. «Baina guk hasieratik esan genuen ez genuela nahi protagonismorik. Lagundu egin nahi genuen, besterik ez. Bakea lortzeko gune guztietan egon gara, eta Aietekoarekin usaintzen genuen ETAren lurreratze pista izan zitekeela hura».
Nazioarteko pertsona esanguratsuak etorri ziren konferentziara: Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro izandakoa, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Powell. Seien izenpean atera zen adierazpena, urriaren 17 hartako arratsaldean. Konferentziaren antolatzaileak nazioarteko bost erakunde eta Lokarri herritar sarea izan ziren. Euskal Herriko eragile politikoen aldetik, PP, UPN eta PSN baizik ez ziren falta.
Etxeberriak esan du Blair ere etortzekoa zela. «Haren ordez, Annan etorri zen, baina azaldu behar da aldaketa hori: Blair ez zen etorri, Rubalcabak nahi izan ez zuelako. Rubalcabak azken orduan oztopatu egin zuen Blairren presentzia». ETAren urriaren 20ko agiri historikoaren biharamunean Blairren iritzi artikulu bat argitaratu zuen The New York Times-ek, eta hark zioen gatazkaren ondorioez elkarrizketak hastea beharrezkoa zela ETA desegiteko.
Prozesua? Aldebakarrekoa?
Azaroaren 20an izan ziren Espainiako hauteskundeak, Zapaterok bost hilabete aurreratu baitzituen; uztailaren bukaeran jakinarazi zuen aurrerapena. Konpromisoak zirela-eta konferentzia haren agintaldian egin beharra ikusi zuten nazioarteko eragileek-eta. Bozak 2012ko martxoan izan balira ere, ordea, ezin jakin Zapaterok beteko zuen agindutakoa presoen arloan-eta, Etxeberriak dioenez. 2006-2007ko prozesutik euskal presoen azterketa indibidualak baziren. «Bakoitzak lehenbailehen irteteko zer bide eraman behar zuen sailkatua» zuten hizketan ibili zirenek, Egigurenek duela bi urte jakinarazi zuenez, baina Madrilek ez zuen alerik mugitu ETAk jardun armatua utzi ostean ere. Aurrekoetxeak aipatu du ez zegoela prozesurik: «Ezker abertzaleak nahi izan zuen adieraztea prozesu bat zela, baina hura alde bakarreko planteamendu bat zen, eta atxiloketek-eta jarraitu egin zuten». Nazioarteko eragileak kezkatuta zeuden.
Sorturen arabera, PPk «konponbidearen aurkako estrategiari» heldu zion Moncloan jarri zenean ere. Gainera, Etxeberriaren aburuz, «2012ko otsailean EAJk PPri lagundu egin zion ateak ixten, gatazkaren konponbideak ibilbiderik izan ez zezan, ETAren desegiteaz ebazpen bat onartuta elkarrekin [PSOEk eta CiUk ere bai, besteak beste]». Riosek ere PPren jarrera deitoratu du, «baina ETAren tragedia da berandu iristen dela toki guztietara». «Aiete berandu etorri zen?», galdetu du Aurrekoetxea EBBko kideak, eta haren erantzuna: «Agian, Aietek ez zuen gertatu behar. Prozesu demokratikora berandu, ETA heldu zen. Niretzat aukera handia Aljer izan zen, 1989an; han konpondu behar zen [Antton Etxebesteren elkarrizketa]. Gerora estatuak ez du aitortu hemen gatazka bat dagoela, eta, erakunde terroristatzat joz, ETA garaitu egin nahi du».
PP barruan jarrera ofizialaz bestelako imintzioak segituan geratu izan dira ezerezean. «ETAk hitz egitea eskatzen du, ez negoziatzea. Ñabardura hori garrantzi handikoa da. ETAk ez du ezer exijitzeko asmorik», adierazi zuen Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak 2011ko azaroan. Ñabardura baino gehiago da hori, baina PPk ez du kontuan hartu nahi izan. Oraintxe dela urtebete Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak dimisioa eman zuen, indarkeriaren gaitzespena-ren partez baztertzea proposatu zuenean alderdian bakarrik sentitu zelako. Publikoki PPn jarrera gogor hori baino ez dago. Pribatuan guztiak ez dira berdinak izango, Riosen azalpen honek erakusten duen bezala: «Aieteko konferentziaren bezperan EAEko PPko batek deitu zidan, zorte ona opatzeko, eta zioen pozten zirela 'hau dena [ETA] bukatu' egingo zelako. 'Baina, Paul, Aietekoaren ondoren egurra emango dizugu; badakizu zer den joko politikoa…'. Hala egin zuten».
370 preso, legedi «berezia»...
Etxerat-en duela bi asteko datuen arabera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboan 358 lagun daude: 355 preso, kartzelan, eta hiru, etxean. 355 haietatik, hiru baizik ez dauzkate Euskal Herriko espetxeetan, eta gainontzekoetatik 271 Espainiako Estatuko beste kartzeletan daude, 79 Frantziakoetan, bat Portugalen eta beste bat Suitzan. Beste zortzi lagun Langraiz bidekoak dira —preso daude sei, eta bi, baldintzapean aske—, beste bi preso kolektibotik atera dira azkenaldian eta AEMko iturriek diote beste bi kanporatu egin dituztela EPPKtik. Oraintxe dela bost urte kolektiboan 703 kide zeuden. Urteotan izan du lanik Harrera elkarte asistentzialak preso eta iheslari ohiei «gizarteratzen» laguntzen.
Etxeberriak bi plano bereizten ditu presoen aferan: legedia eta «salbuespeneko» legeak. Hark dio gaurko legedia erabiliz presoak Euskal Herrira daitezkeela, eta 70 urtetik gorakoak eta gaixorik larri daudenak kaleratu. «Presoek horretarako eskubidea dute, eskaerak egin zituzten, eta legedia bete ez dutenak gobernuak dira». Horrez gain, «oztopo handi bat dago: 2003ko legedi berezia, salbuespenekoa. Hori dagoen bitartean, pentsaezina da kaleratze programa bat egotea. Kolektiboak eta ezker abertzaleak historikoki esan dute legediaren erabilpena bai, baina damua eta salaketa guretzat marra gorria direla eta ez ditugula pasatuko». Sortuk urte hasieran EPPKri eskatu zion «legedia garatzeko», «urrats ausartak» eta «berriak» eginez. Iñigo Iruin abokatuak, ekainean, presoen egoera aztertu, eta hamar multzotan banatu zituen. EPPK-k irailean ateratako agirian zioen 2013an kolektiboak ontzat emandako ildoa garatuko duela. «Ez da hutsetik abiatuko», ondorioztatu du Etxeberriak. Gaineratu du «plano politikoan euskal gizarteari zor zitzaion adierazpena» atera zuela kolektiboak orain ia hiru urte, eragindako mina aitortuz eta.
EAJren aurtengo batzar nagusiko dokumentuak bezala, Aurrekoetxeak iritzi dio Urkulluren Jaurlaritza ari dela auziari irtenbidea aurkitu nahian: Hitzeman eta Zuzen Bidean programen aurkezpena, espetxe eskumenaren eskaera... «Baina presoek ez dute garatu 2013ko adierazpena. Guk gatazkaren ondorioen irtenbide ordenatu bat nahi dugu. Gainera, ETA armagabetzeko plan bat aurkeztu zuen Jaurlaritzak orain bi urte, baina azkenean eurek hartu behar dituzte ETA armagabetzeko eta desegiteko erabakiak». Etxeberriak azaldu du ez diotela «bideragarritasunik» ikusten Jaurlaritzaren plan horri, eta bi estatuen «oztopoak» salatu ditu. «ETAk maiz esan du prestasuna duela armagabetze prozesu bat egiteko».
Gizartearekin batera
Paul Rios ez dator bat ETAk azkeneko Gudari Eguneko agirian idatzitakoarekin: «ETAk zioen bera izan dela Aietez geroztik hitza bete duen bakarra. Ez da egia. Lokarrik bete zituen konpromisoak, beste batzuek ere bai, hor da Foro Soziala... Ulertzen dut ETAk frustrazioa izatea, baina frustrazioak immobilismora eramaten zaitu». Haren ustez, ETA oraindik «Madrili begira» dago, «alde biko eskema batean». «Ikusi da giltza Espainiari ematea dela hori. Aieteko irudi plural hura da aintzat hartu beharrekoa, gero lanketa bat egiteko». Riosek dioenez, urteotan urratsak egin dira biktima desberdinen, torturen eta polizia «gehiegikerien» arloetan, presoen aferan-eta gizartea oraindik aktiba daiteke, eta nazioarteko eragileak prest daude laguntzeko. Aurrekoetxeak ere iritzi dio «ona» dela «askotariko ahaleginak» egitea, «baina erantzukizunik handiena ezker abertzaleak du. Gizarteari konfiantza eman behar dio».
Etxeberriak azpimarratu du «presoen kolektiboak ibilbidea gizartearekin batera» egin behar duela, «dinamika bateratu eta partekatu bat garatuz. Instituzioek ere ildo aktibo bat behar dute. Gizarteak zenbat eta adierazpen zabalagoak eta indartsuagoak egin, estatuari behar handiagoa sortuko zaio konponbiderako». Berriro Espainiakorik ezean, Hego Euskal Herrian 2019ra artean ez da bozik izango, eta Sortukoak uste du aldi hori «ezker abertzalearentzat oso garrantzitsua» izango dela. «Batetik, prozesu subiranista indartzeko. Bestetik, hori indartuz doala, gatazkaren ondorioetan urratsak egiteko». Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere subiranismoa aipatu du ondorioa ateratzean: «Estatuak jakin du nola jarri galga euskal subiranismoari: gatazkaren ondorioen atala blokeatuta». «Esparru subiranista indartzeko, konfrontazio demokratikorako» dei egin du Muñozek.