Konponbideari begira

Berriak

Begia epaileengan ere jarrita

«Presoen gizarteratzea eta integrazioa» arautzeko dekretu proiektu bat egingo du Jaurlaritzak. Aholkulariak jarriko ditu. Epaile batzuen jarrera aldaketak itxaropena sortu die

2016-06-18 / Enekoitz Esnaola

Jaurlaritza euskal presoak «gizarteratzeko» beste saio bat egitekoa da, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak iragarri duenez. Duela bi urte Hitzeman programaren aurkezpenean bezala, aitortu du Jaurlaritzak ez duela espetxe politikaren eskumenik, baina ba omen daude zirrikituak, eta haiek urratu nahi dituzte beren «ahalmen mugatuen» eta jarduera batzuen bitartez. Legealdi hau amaitzerako, presoak «gizarteratzeko eta integratzeko» dekretu proiektu bat egingo du EAEko gobernuak, Eusko Legebiltzarrak ondorengo agintaldian eusteko asmoarekin. Moncloan PPk segitzen badu, berriz ere oso zaila egongo dela iritzi dio Fernandezek, eta haren itxaropena Espainiako epaile batzuen jarrera aldaketa da. Garaiak garrantzia duela uste du. «Txosten honen edukia testuinguru espezifiko batean dago kokatuta. Duela bost urte terrorismoaren amaiera iragarri zuen ETAk, bost hamarkadaren ostean», dio Jaurlaritzaren idatziko aurreneko pasarteak. Ondorioz, «bakea sendotzeko eta bizikidetza normalizatzeko» aukera batzuk ikusten dituzte, eta azpimarratu dute «hura helburu duten politika publikoak» gauzatzen ari direla.

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak onartzen du egoera aldatuz joateko ez dela aski izango euren lana, beste eragile batzuena ere beharko dela. Irakurria du Iñigo Iruin abokatuak joan den astean Sorturen egoitzan Espainiako Estatuko «salbuespenezko espetxe legediaz» egin zuen azterketa. Iruin ere zirrikituez mintzatu zen. Abokatuaren esanetan, «harlauza bat» da Espainiako «salbuespen legedia», zirrikitu batzuk badituena —«zirrikitu txikiak»—, eta dei egin zuen «konfrontazio juridikoa» egitera, «hori konfrontazio politikoa ere bai baita». Fernandezek ere uste du auziak baduela politikotik, baina baita juridikotik ere, epaile batzuen jarrera aldaketagatik aukera batzuk hor daudelakoan. Hala, «Euskadin espetxe eta gizarteratze politika sustatzeko, hura arautuko duen dekretu baten arauzko estaldura behar da, [Espainiako] konstituzioren arabera eta zer une historikotan aplikatuko den aintzat hartuta».

Dekretu proiektuan bi kontzeptu bereiziko dituzte, «elkarren osagarri» diren bi jarduera mota: gizarteratzea eta integrazioa. Hain justu, gizarteratzeko proiektua lege prozesu batzuk bultzatzean datza, Jaurlaritzak dioenez. «Horrenbestez, terrorismo delituagatik zigortutako presoak aukera izango du, egindako delitutik urruntze kritikoa egiaztatuz, biktimei egindako kaltea aitortuz, eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko konpromisoaren bitartez, birsozializatzeko prozesuan aurrera egiteko». Integrazio programa, berriz, espetxealdiaren osteko prozesuari buruzkoa da, «presoak bizitza sozialera ongi egokitzeko izan ditzakeen behar materialei dagokiena».

Beraz, Jaurlaritzaren egitasmoa presoa oraindik espetxean dagoenean hasiko litzateke garatzen. «Giza eskubideak, bakea, bizikidetza, aniztasuna eta printzipio demokratikoa sustatzeko konpromisoa» hartu beharko luke kartzelan dagoen hark, eta espetxe onurak jasotzeko «zigor legea errespetatu» beharko luke.

Jarraipena preso bakoitzari

Preso oro bere borondatez atxikiko litzateke proiektura. Bost urtetik gorako zigorra beteko duen edo bete duena izan behar da, eta EAEn jaiotakoa, edo espetxean sartu aurretik erkidegoan gutxienez bi urtez bizi izandakoa. Banan banako prozesuaren jarraipena egiteko aholku batzorde bat sortuko luke Jaurlaritzak, eta presoaren aldeko edo kontrako irizpena egingo du. Batzordeak aldeko txostena egiteko, presoak «giza eskubideen iraganeko, oraingo edo etorkizuneko urraketa oro arbuiatu» beharko du, «biktimei eragindako errekonozimendu kritikoa adierazteaz gain».

Txosten horretan oinarrituta, Jaurlaritzak irizpen bat helaraziko die estatuko espetxeko tratamendu batzarrari eta espetxe zaintzako epaitegiari. Preso bakoitzak berari buruzko txostena erabili ahal izango du «peritu froga» gisa, «espetxe graduetan aurrera egiteko eskaerekin eta gizarteratzeko beste edozein neurri hartzeko eskaerarekin batera». Fernandezek erantsi du euskal presoak bestelako aipamenik ere egin ahalko lukeela, onurak lortze aldera; adibidez, ETAren armagabetzearen, desegitearen edo desagerpenaren alde dagoela esanda.

EHUko Udako Ikastaroen barruko jakinarazi du egitasmoa, Donostian, Gizarteratzea eta justizia leheneratzailea hitzaldian. Haren arabera, biktimak gaur egun «justizia konpontzailearen» bidez batik bat lor dezakeena «kaltearen egileari egindakoak justifikaziorik ez zuela entzutea da». Uste du «prozesu konplexua» dela, baina saiatu beharrekoa, denentzat ere «onura handiak» ekar ditzakeelako. Hala, berebiziko garrantzia eman dio presoen gizarteratze politika eta biktimei buruzkoa batera kudeatzeari. «Elkarrekin eta hobeto bizitzea» bilatu nahi du egitasmoak. Jaurlaritzak egingo duen dekretu proiektua giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearekin bat datorrela dio Fernandezek.

Saioak, duela bi urtetik

Eusko Jaurlaritzak 2013an onartu zuen Bake eta Bizikidetza Plana, hemezortzi ekinbiderekin. Haien artean da presoak birsozializatzeko legezko prozesuak errazteari begirako programa bat garatzea. 2014ko urrian aurkeztu zuten Hitzeman, eta Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi zuen saio bat egingo zuela Espainiako Gobernuarekin. Hiru urte ziren ETAk jarduera armatua utzi zuela esan zuela, baina Madrilek erabat itxita jarraitzen zuen. Urkulluk Hitzeman azaldu zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, baina honek sekula ez dio jaramonik egin; uzteko denbora bat, hori esan izan dio, baina gero ezer ez. Ezker abertzaleak txarretsi izan du programa. Jaurlaritzak iazko martxotik aurrera Hitzemanen «esperientzia pilotu bat» garatu zuen, legelari batzuen-eta ekarpenak jasoz, eta orain ildo horretan beste saio bat egin nahi du, euskal presoak «gizarteratzeko eta integratzeko» arautzeko dekretu proiektu bat eginda. Udazkenean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta baliteke gobernuak haren atarian aurkeztea egitasmoa.

Presoa gizartean berriro integratzeko programa da beste arloa, erkidegoko preso guztiei zuzendua. Leihatila bakarra ezarriko dute, eta, zerbitzu horren bidez, edozein presok, preso ohik edo espetxetik ateratzeko bidean dagoenak eskuratu ahal izango du informazioa Diru sarrerak Bermatzeko Errentari, etxebizitza zerbitzuari, eta prestakuntza, osasun edo gizarte baliabideak lortzeko baldintzei buruz.

Fernandezekin batera, Ana Agirre Jaurlaritzako Justizia sailburuordea eta Monica Hernando Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria izan dira Donostian, Kursaalgo hitzaldian, berrehunen bat lagunen aurrean. «Aurrera egiteko, ez da ahaztu behar iragana», esan du Agirrek. «Asko dago egiteko».

Informazio osagarria

Publizitatea