Konponbideari begira

Berriak

Konponbideari begira. Euskal presoak

PRESOEN EGOERA

 
Bete egin zen Iratzar fundazioaren aretoa osteguneko hitzaldian.
Bete egin zen Iratzar fundazioaren aretoa osteguneko hitzaldian. JON URBE / ARP

2016-06-11 / Berria

Egoera juridikoa eta egoera pertsonala (osasuna, adina) kontuan hartuta, hamar multzotan sartu zituen Iñigo Iruinek Espainian dituzte EPPK-ko kideak —preso bakoitza batean baino gehiagotan egon liteke—. Batez ere, hain ezagunak ez diren alderdiak garatu zituen. Horra multzoak:

1973ko Zigor Kodearekin zigortuak: 69 preso

Gehienezko zigorra. 30 urte. Zigorrak murrizteko aukera dago.

Baldintzapeko askatasuna. Zigorraren hiru laurdenak beteta.

197/2006 epaia. Parot doktrina deitutakoarekin irten ziren asko, Estrasburgoren epaiaren ostean, ordea, Auzitegi Gorenak 2006ko otsailetik aurrera zigortutakoei doktrina hori ezartzeko aukera badagoela esan zuen, nahiz eta delituak 2006tik atzerakoak izan.

1995eko Zigor Kodearekin zigortuak, baina 2003. urtea baino lehen: 157 preso

Bi azpimultzo. 7/2003 legea indarrean jarri aurretik zigortuak: 51. Ondoren zigortuak, baina 2003 aurreko gertakariengatik: 106.

Gehienezko zigorra: 20, 25 edo 30 urte, baldintzen arabera. Ez dago murrizteko aukerarik.

Baldintzapeko askatasuna. 70 urtetik gorakoentzat eta gaitz larriak dituztenentzat.

Zigorren zenbaketa. Artikulu berri bat sartzen da, 78.a: zenbaketa ez da egiten gehienezko zigorretik, baizik eta zigor osotik. Noiz? Zigor osoa gehienezko zigorraren bikoitza baino gehiago denean.

7/2003 legea jarri ondoren zigortuak: 69 preso

Kokapena. «Giltzarria» da Zigorrak osorik eta betetzeko lege hori. «Mendekua» du oinarrian, Iñigo Iruinen esanetan. «Kalkulagailuarekin» egindako legea da. «Blokeatu» egiten du 3. gradura eta baldintzapean aske geratzeko aukera, baldintza berriak sartuta.

Gehienezko zigorra. 40 urte.

Zigorren zenbaketa. 78. artikuluak esaten duena [goian] beti bete beharrekoa da, eta atzeraezina: ez dago berrikusteko aukerarik.

Erantzukizun zibila. Ordaindu egin behar da erantzukizun zibila.

Baldintza berriak graduz aldatzeko. Delituzko erakundearekiko harremanak etetea eta justiziarekin eta poliziarekin kolaboratzea eskatzen da. «Helburu eta bitarteko terroristak» alboratzea, eta «erakunde terroristarekiko eta haren inguruarekiko» harremanak etetea. Hori frogatzeko bide batzuk ezartzen dira: barkamena eta jarduerak gaitzestea, esaterako.

Ezarpena. «Terrorismo» delitu guztietan ezarriko da, larritasuna gorabehera. Eta atzerako eraginez, zigorraren edo gertaeren garaia edozein dela ere.

25 urtetik gorako zigorrak dituztenak: 169 preso.

Espainia. Auzitegi Konstituzionalaren doktrina «oso murriztailea» da. Ez du berrikuspenerako aukerarik uzten.

Europa. «Bizi osoko zigorretan, Estrasburgoko Auzitegian badago jurisprudentzia, Giza Eskubideen Ituneko 3. artikuluaz —«tratu gizagabea» debekatzen du—.

70 urtetik gorakoak: 2 preso

Bi preso daude Espainiako Estatuan 70 urtetik gora dituztenak.

Gaitz larriekin: 9 preso

Ateratzeko baldintzak . Baldintzapeko askatasuna, zigorra bertan behera uztea eta etxean preso sartzea dira gaitz larriak dituzten presoak kartzelatik ateratzeko aukera batzuk.

Frantzian zigortuak: 55 preso

Europako 2008/675 erabaki markoa. Europako erabaki markoaren arabera, Frantziako zigorrak Espainian bete beharreko zigorraren barruan sartuta, kalean behar lukete zazpi presok. Espainian, Auzitegi Nazionala eta Gorena aurka agertu dira. Auzitegi Konstituzionalean dago auzia.

Soilik «erakunde terroristako kide» gisa zigortuak, 2010. urtea baino lehen: 26 preso

7/2003 legearen eragina. Juridikoki, «kide izateko» delitua ez zegoen «delitu terroristen» barruan 2010 arte. Iruin: «Legegilearen oker bat izan zen». Beraz, ezingo litzaieke 7/2003 legea ezarri, ezta hor aipatzen diren baldintzak ere. 2010ean zuzendu zuten «oker» hura.

Zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak: 73 preso

Baldintzapeko askatasuna. Aukerak badituzte baldintzapean aske geratzeko.

Epaia berrikusteko zain daudenak: 26 preso

Zigor Kodearen iazko erreforma. Delituaren larritasunaren arabera, presoei aurrez ezarritako zigorra murrizteko aukera dute epaileek. Orain arteko eskaeretan, aurka agertu dira Espainiako Auzitegi Nazionala epaileen artean desadostasunak izan diren arren. Datorren asteartean aztertuko dute gaia Auzitegi Gorenean, eta irizpideak ezarriko ditu horrek. Iruin: «Horrek ezarriko digu ea noraino aplikatu ahal den aldaketa hau».

Publizitatea