Konponbideari begira

Berriak

Armagabetzeko tresnak sortzera dei egin diete Euskal Herriko gobernuei

Urtarrilaren 30ean Gernikan egindako III. Foro Sozialaren ondorioak aurkeztu dituzte. Gidaritza edo Egiaztatze Batzordea osatzea proposatu dute, NEB Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordean oinarritua
Foro Sozialeko antolatzaile eta kontalariak atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan.
Foro Sozialeko antolatzaile eta kontalariak atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2016-02-27 / Maialen Unanue Irureta

Gizarte zibilaren parte hartzea sustatzeko gomendio zehatzak plazaratu dituzte Foro Sozialaren antolatzaileek, Bake Bideak, Gernika Batzordeak, Uharanek eta Antxeta Irratiak. Urtarrilaren 30ean egin zuten III. Foro Soziala Gernikan (Bizkaia), eta han ateratako ondorioak ezagutarazi dituzte, eta hainbat eragilerekin eta erakundeekin partekatuko dituztela jakinarazi dute. Hego Euskal Herriko bi gobernu eta parlamentuak zein Ipar Euskal Herriko hautetsiak inplikatu nahi dituzte prozesuak aurrera egiteko.

Hain zuzen ere, armagabetze prozesua izan zuten hizpide III. Foro Sozialean: batetik, armagabetzea guztiz burutzeko irizpide zehatzak egin dituzte, eta, bestetik, Euskal Herriko erakundeak, eragileak eta gizarte zibila inplikatzeko bideak proposatu dituzte. Gernikako saioan agerian geratu zen parte hartu zuten eragile gehienek kezka bera partekatzen dutela: bake prozesua «blokeatuta» dagoela. Harago joanda, «egoera delikatuan» zegoela zehaztu zuen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Brian Currinek. Egoera iraultzeko, gizartearen esku hartzea gakotzat jo zuten, beste behin.

Prozesua «blokeatuta» egoteko arrazoietako bat Espainiako eta Frantziako gobernuek orain artean erakutsitako jarrera da. Ez dute urratsik egin, ez armagabetzea laguntzeko, ez bake prozesuan aurrera egiteko. Mezua bidali zieten atzo: «Frantziako eta Espainiako gobernuei armen, munizioen eta lehergaien suntsitzeko lana errazteko edo, bederen, ez oztopatzeko deia luzatzen diegu berriz ere».

Haien urratsen faltan, etxeko lanak Euskal Herrian egitea proposatu dute. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eskaera: «Bi lurralde autonomikoek segurtasun eta ordena publikoaren inguruan dituzten eskumenak kontuan harturik, egokia litzateke aipatu jurisdikzioetan armagabetze osoa egiaztatuko luketen tresnak izatea». Bestetik, armagabetze prozesuak Gidaritza edo Egiaztatze Batzorde bat behar duela nabarmendu dute, NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordean oinarrituko litzatekeen eta horrekin harremanetan legokeen batzorde berri bat: «Horren osaketa guztion artean hitz egin, finkatu eta adostu nahi dugu erakunde, eragile sozial, sindikatu eta gizarte zibilarekin». Izan ere, NEBak duen mandatua beste bat dela gogoratu dute, «armen, munizioen eta lehergailuen zigilatze eta baliaezin bihurtzearen egiaztatzea». Horrez gain, prozesuak euskal instituzioen, gizarte zibilaren eta nazioarteko komunitatearen babesa behar duela nabarmendu dute.

Eskutik hartuta jardun

Era berean, egokitzat jo dute Eusko Legebiltzarrean zein Nafarroako Parlamentuan Gidaritza edo Egiaztatze Batzordearekin lotura egiteko mekanismoak sortzea; Ipar Euskal Herriko hautetsiekin ezaugarri berdinak lituzkeen beste batzorde bat osatuko litzateke.

Instituzioak eta «gizarte zibil antolatua» elkartzeko eta lotzeko marko bat sortzeko beharra nabarmendu dute, baita horretarako borondatea erakutsi ere: «Gizarte Foro hau eta osatzen duten antolakundeak prest gaude NEBarekin, instituzioekin eta ukituak diren aktoreekin lan egiteko». Azkenik, NEBak Europako eta nazioarteko instantziak armagabetzearen inguruan informatzeko aholkua eman dute, halako prozesu bat Europako biztanleentzat «berri ona» delako.

Armagabetze prozesua burutzeko hainbat irizpide finkatu dituzte, gainera, III. Foro Sozialean: herritarren segurtasuna bermatzea prozesuak iraun bitartean; armen eta lehergaien kontrola, prozesua osoki burutu dadin; «ahal den neurrian», gardentasuna, gizarteari aurrerapausoen berri emanez; aurrez adosturiko egutegi baten barruan egitea, denboran behar baino luzeago izan ez dadin; inplikatutako eragileentzako ingurune segurua; prozesuan sartuak diren eragileen zilegitasuna; «zuzenean ukiturikoen» onespena eta borondatea; nazioarteko gidaritza, prozesuaren garapena neutrala izan dadin; eta, azkenik, ukitutako gizarte zibilaren parte hartzea.

Ondorio horietara iristeko eta irizpide horiek finkatzeko, hainbat adierazpen izan dituzte gogoan: Baionako deklarazioa, 2014ko urriaren 24koa; Parisko konferentziaren deklarazioa, iazko ekainaren 11koa; Eusko Jaurlaritzak luzatutako «armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor» baterako proposamena; eta, azkenik, konponketarako ETAren ordezkari izendatutako David Plaren adierazpenak, iazko abenduaren 15ekoak —baieztatu zuen inbentariatze eta zigilatze prozesua «lehenbailehen» burura eramateko borondatea duela ETAk—.

Bi urte prozesua abiatu zela

Igandean bete ziren bi urte ETAk eta Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak ETAk armagabetzeari ekin ziola jakinarazi zutela, 2014ko otsailaren 21etik —hilabete lehenago grabatuta zegoen bideo baten bidez—. Ordutik, ez da bestelako mezurik izan armagabetzeari buruz, bi salbuespenekin: batetik, 2014ko uztailean ETAk «egitura logistiko eta operatiboak» desegin zituela jakinarazi zuen agiri baten bidez, eta, bestetik, Gizarte Foroak aipaturiko Plaren adierazpenak Gara-n.

Publizitatea