Konponbideari begira

Berriak

Presoek arlo juridikoan «ausardiaz» jokatzea nahi du Sortuk

Estatuen itxikeria ikusirik, kolektiboak «egin beharreko ibilbiderako ekimena» hartu beharra duela esan du Rufi Etxeberriak, Iruñean. «Ezin gara aldebikotasunaren zain egon»
Josu Beaumont eta Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbidearen arduraduna, atzo, Iruñean.
Josu Beaumont eta Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbidearen arduraduna, atzo, Iruñean. J. MANTEROLA / ARP

2016-01-13 / Enekoitz Esnaola

Gatazkaren ondorioen konponbidean ez dago aurrerapausorik, eta fitxa berriz ere ezker abertzaleak mugitu behar du; bai, behintzat, euskal presoen arloan, eta aldebakartasunez. Hori ondoriozta daiteke Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbidearen arduradunak Iruñean emandako Askatasunaren bidean, presoak etxera izenpeko hitzalditik. Etxeberriak 120 bat lagunen aurrean eman ditu azalpenak, eta entzule izan ditu Floren Aoiz, Bakartxo Ruiz, Juan Kruz Aldasoro eta ezker abertzaleko beste hainbat kide ezagun.

Sortuko buruzagiak bere hitzaldian esan du «salbuespeneko» zigor, espetxe eta auzibide politika legedi «arruntera» itzuli beharra dagoela, baina alor juridikoan «ekimena» euskal presoek hartu beharraz ere mintzatu da. «Ausardiaz jokatzeko garaia da. Euskal presoen kolektiboak eremu juridikoan ere ausart jokatzeko urratsa egin beharko luke, egin beharreko ibilbidea ekimena hartuz eginez, betiere damuaren eta salaketaren marrak alboratuz», adierazi du.

Beraz, ezker abertzalearen estrategia berritu bat datorrela dirudi. 2010ean Zutik Euskal Herria adierazpenarekin marraztutako hiru faseen «aplikazio politikoan» ez dute «asmatu», Etxeberriak aitortu duenez, eta «berregokitzea» dagokie. Hain zuzen, gatazkaren ondorioak konpontzeko fasea zen bat; «erabakitzeko eskubidea bere egingo zuen lurralde batasunaren esparru juridiko eta politikoa» beste bat; eta «independentzia irabazteko» aroa bestea. Hirurak «uztartuz» egingo zuten bidea, baina estrategia aldaketa «erabaki propioz» gauzatu ostean —«hau da, borroka armatuaren ibilbidea ixtea erakarri zuen erabakia hartu ondoren»—, ezker abertzaleak «lehen egitekotzat» ipini zuen gatazkaren ondorioak «irtenbidearen bidean» jartzea. Sortuk onartu du estatuek lortu dutela prozesua «kateatzea»; Hego Euskal Herrian, «bereziki».

Izan ere, Sortuko arduradunaren esanetan, Espainiako Estatuak konponbiderako zer egingo «bilatu» zuten, harekin aldebikotasun harremana izango zutelakoan. «Nazioarteko eragileek eta ezker abertzaleak» uste zuten bazela «arrazoirik» baikor egoteko, 2011n Aieteko Konferentziara heltzeko atzerriko bitartekariek Espainiako Gobernuarekin eta ETArekin lortutako konpromisoengatik. Etxeberriak esan du PPren gobernuak «hasieratik» hartu zuela aurkako estrategia, azken batean «ez duelako nahi proiektu politikoen arteko baldintza bereko lehia demokratikoa ahalbidetuko lukeen esparrurik». «Aurreko eskemak» utzi eta berriz bide berriak urratu beharra dutela ondorioztatu du Sortuk. «Ezin gara aldebikotasunaren zain egon. Presoen kaleratzea mahai baten bueltako akordioaren bidez etorriko ez denez, legediaren garapenaren bidez etorri beharko du, eta jokaleku horretarako prestatu beharra dago».

Kolektiboaren ezaugarritzea

Orain arteko «urrats juridikoek» ez dute fruiturik eman. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013ko abenduan «erabaki garrantzitsuak» plazaratu zituen, Sortuk azpimarratu duenez. «Lege baliabideak» erabiltzeko eta «eragindako mina» aitortzeko konpromisoak hartu zituen kolektiboak, eta harrezkero hango presoek espetxe zuzendaritzetan eta Espainiako Auzitegi Nazionalean egin izan dituzte Euskal Herriratzeko eskaerak-eta, baina ezezko erantzunak jaso dituzte. «Estatuen jarrera ezin ankerragoa da», salatu du Etxeberriak. Iritzi dio presoen kolektiboak «behar-beharrezko ariketa politikoa» duela «gogoeta egitea eta pauso berriak ematea». Baina «beste ezaugarritze bat behar du»; hau da, «estrategia independentistaren parte izan behar du, irtenbideen bidea lagunduz eta ekarpen politikoa eginez», «espetxe frontearen ikur» izatetik hara pausoa emanda. Etxeberriak iragarri du kolektiboak «bete-betean» hartuko duela parte ezker abertzalearen Abian prozesuan —«euskal preso independentisten kolektiboa», deitu dio—.

Sortuk nabarmendu du gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko ezinbestekoa dela eragile ezberdinek parte hartzea, eta Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egin die «indarkeria politikorik eta giza eskubideen urraketarik egon ez dadin inplikatzera». Batik bat, Jaurlaritzari eskatu dio. «Ezker abertzalea lagun izango du bide horretan, eta euskal gizartearen gehiengoa ere bai».

ETAren armagabetzeaz, berriz, ez du gauza berririk iragarri Etxeberriak. EH Bilduren Bakerako Euskal Bideko ardatzak gogoratu ditu —iazko apirilean aurkeztu zuten—. Han aipatzen da koalizioak «ahal bezain laster gauzatzea» nahi duela «ETAren armategien zigilatze eta egiaztatze prozesua», ondoren Armagabetze Batzorde Independente bat eratzeko, armategien deuseztatzea «arrazoizko epe batean bururaino eramateko». ETAk armagabetzeko borondatea agertu izan du, baina estatuen trabak salatu ditu.

Informazio osagarria

Publizitatea