Konponbideari begira

Berriak

Euskal Herriko bake prozesua. HNTren txostena

EAJ-Sorturi akordiorako deia

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak uste du Madril eta ETA mugitzeko «lehentasunezkoa» dela bi alderdiak ados jartzea. «Bake prozesua une kritikoan» dagoela ohartarazi du, txosten batean
Alberto Spektorowski eta Brian Currin HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, joan den irailaren 23an, Bilbon, euskal alderdi batzuekin bilerak egin zituztenean.
Alberto Spektorowski eta Brian Currin HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, joan den irailaren 23an, Bilbon, euskal alderdi batzuekin bilerak egin zituztenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2015-10-17 / Enekoitz Esnaola

Gatazkaren ondorioen konponbide baterako argi pixka bat ikusten hasteko, nolabait Espainiako Gobernuaz ahaztu, eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Euskal Herrian jarri du begia; zehazki, EAJn eta Sortun. «Giltzarri dira». Eta dei egin die berriro hizketan hasteko eta akordioa lortzeko. Izan ere, HNTren ustez, «Madrilek bere politika aldatzeko eta ETAk armagabetze prozesua osatzeko zer egin behar den zehaztea da irtenbidea». Hala, Brian Currin bitartekariaren taldearentzat, «lehentasunezkoa» da EAJ eta Sortu ados jartzea; «eta, akordiora iristeko gai ez badira, jo dezatela hirugarren batengana, edo jurista independenteengana. HNTk ere eman ditzake esperientzia batzuetako testuak». Bi alderdi abertzaleak, baina, urrun dira, aspalditik.

Ugari dira hori adierazteko adibideak. Oraintxe dela hiru urte, Bateraguneko auziak beste horrenbeste zeramatzala, Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak elkarrizketa batean esan zuen Arnaldo Otegi preso eta Batasuneko bozeramaile ohiak, «irabazi» aditza aipatzen zuela eta, «epikan» jarraitzen zuela. Kazetariak, berehala: «...eta kartzelan». EAJk, halaber, ETAk indarkeria erabiltzea «okerra» izan zela aitortzeko eskatzen zion, eta dio, ezker abertzaleari. Egibarrek hura esan baino urtebete lehenago jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela. Duela hiru urteko hartan jeltzaleek eta Sortuk artean harreman ofizialei ez zieten ekin —2013ko uztailean hasi ziren—, baina, bi urtez hitz egin arren, lehen bezalatsu segitzen dute gatazkaren ondorioen arloan ere: adostasunik ez eta, beraz, ekintza batasunik ez; eta Otegi-eta, preso oraindik. HNTren abisu zuzena jaso zaie orain: «Bake prozesua une kritiko» batean dagoelako, EAJri eta Sorturi aldebiko elkarrizketei berriro heltzeko eta akordioa lortzeko ohartarazi die publiko egin duen txosten batean.

HNTk aitortu «ezohiko pausoa» eman duela dokumentua argitaratuta, baina irailaren 23tik 25era Euskal Herrian egindako bisitatik Currin eta Alberto Spektorowski «kezkatuta» joan ziren, eta, Euskal Herriko bake prozesua «une erabakigarrian» dela esanda, iragarri zuten proposamenekin eta aholkuekin txosten baten berri emango zutela hurrengo asteetan. Hain justu, Frantziako Poliziak irailaren 22an Iratxe Sorzabal, David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Flores atxilotu zituen, eta lehen biei ETAko buruzagi izatea egotzi zieten. Atzo goizean zabaldu zuen txostena HNTk; zehatza da, bai eskakizunetan, bai idazkeran. Zazpi orrialde ditu, edukia Aurrerapenak eta lorpenak, Eragozpenak, Zailtasun nagusiak eta azterketa, eta HNTren proposamenak ataletan bilduta.

Badirudi estrategia aldatu dutela. Duela zazpi hilabete Currin, Bilbon zenean, «etsipenez» zegoen PPren gobernuarekin, baina Madrili begira zen nagusiki, BERRIAri elkarrizketa batean aitortu zionez: «Itxarotea da orain funtsean egin beharrekoa, eta ea zer gertatzen den [Espainiako] hauteskundeetan. Badakigu ez genukeela Madrilgo aldaketa politikoen menpe egon beharko bake prozesu hau laguntzeko, baina hori egin behar dugu orain».

«Diferentziak», idazkeran

Prozesua momentu larri batean dagoela esan du HNTk berriz ere, eta oraingoan Euskal Herriko alderdi abertzale nagusiei erantzukizun handiagoz aritzeko eskatu die. «Iraganari buruzko balorazio etikoen idazkeran» dago EAJren eta Sorturen arteko desadostasuna, Currinek-eta txostenean diotenez. «Ezker abertzaleak eta / edo preso norbanakoek iraganeko indarkeriaren gogoeta kritiko bat duten adierazpen espezifikoak egiteko eskatzen da. Idazkeran daude diferentziak». Eta horiek konpontzeko, behar badute eskatzeko laguntza, hala esan die Harremanetarako Nazioarteko Taldeak; alegia, ez galtzeko denbora gehiagorik. «Gure iritziz, EAJren eta Sorturen arteko akordio bat aurrerapen garrantzitsua litzateke berradiskidetzerako, presoentzako eta, beraz, [ETAren] armagabetzerako». Ituna erdiesteko, «mentalitate irekia» izateko eta aurreiritzirik gabe jarduteko galdegin die.

Kartzeletako giltza Espainiako eta Frantziako estatuek dute, baina EAJk —Nafarroan Geroa Bairen bidez— eta Sortuk —EH Bilduren bidez— nagusitasuna dute Hego Euskal Herriko bi legebiltzarretan —Nafarroan Ezkerrarekin eta Ahal Dugu-rekin—, EAJ bi gobernuetan da, eta HNTk uste du faktore instituzional hori garrantzitsua izango litzatekeela Madrili presioa egiteko. «Espainiako gaurko gobernuak edo hurrengo batek elkarrizketa baztertzea ezinezko egingo lukeen giro politikoa sortzeko ardura daukate alderdiek [EAJk eta Sortuk]». Jaurlaritzaren eta gizarte zibilaren biktimekiko lana «areagotzeari» ere inportantea deritzo.

HNTk, gainera, nabarmendu du estrategia berri bati eusteko baldintza jakinak badaudela: ETAk utzi zuen jarduera armatua, biktima mota desberdinak elkarlanean ari dira, bizikidetzaren inguruan «babes instituzional handia» dago, Jaurlaritzaren proposamen «partekatuak» daude...

«Espainiako Gobernuak bere politika eta estrategia antiterrorista aldatuko balitu, eta ETA armagabetuko balitz orduan konponbidea legokeela esatea, sinplekeria bat da», dio HNTk txostenean. Gaur-gaurkoz ez du ikusten halakorik gertatuko denik, eta ezinbestekoa iruditzen zaio Madrilen eta ETAren arteko elkarrizketarako baldintzak ereitea. Nola? Bi haien aurrerapausoak probokatzeko «zer egin behar den zehaztea da irtenbidea». Hau da, mugitzeko dei egin du, «arduragabekeria» bailitzateke Madrilen eta ETAren zain egotea.

Frantziari begira ere bai

Gatazkaren ondorioak konpontzen joateko beste aukera bat Frantzian ikusten dute. «Espero dugu Frantziako Estatuan ate bat zabaltzea, gutxienez euskal presoen itzulerari buruz», zioen Currinek aipatutako elkarrizketan, eta haren taldeak orain bere proposamenen artean bigarren puntuan paratu du hango gobernuari zuzendutakoa: «Frantziako Gobernuari dei egiten diogu Euskal Herritik gertuen dauden kartzelatara presoak eramateko prozesua hasteko». Izan ere, aurrerapenei eta lorpenei buruzko atalean aipatu du Frantziako Gobernua, ministerioak tartean direla, «euskal presoen giza eskubideen aldeko elkarteekin harremanetan» dela, eta «jendaurrean zalantzarik gabeko borondatea» agertu duela «urruntze politika berrikusteko eta presoak gerturatzeko». Orobat, joan den ekainean Parisen «maila altuko» Bake Konferentzia egin izana ere azpimarratu du nazioarteko taldeak. Parisko bilkurara iristeko garrantzitsua izan zen Ipar Euskal Herriko ia eremu politiko osoak iazko urrian Baionan plazaratuko adierazpena. Gatazkaren ondorioetan Frantziari ETArekin ados jartzeko eskatu zioten.

Nazioartearekin, kezka

Madrilen itxikeriaz kezka agertzeaz gain, nazioartearen jarreraz ere badu arrangurarik HNTk, eta hala dio txostenean eragozpenen atalean: «Ez dirudi nazioarteko komunitateak, eta bereziki Europakoak, aitortzen dutenik indarkeriazko euskal gatazkaren bukaeraren garrantzia, edo ez dirudi jabetzen direnik. Babes desegokia agertu diote bake prozesuari».

Bill Clinton, Tony Blair, Lula da Silva, Pepe Mugica, Mary Robinson, Adolfo Perez Esquivel, Kofi Annan, Gerry Adams eta munduko beste hainbat pertsonalitate ezagun gatazkaren ondorioak konpontzearen alde azaldu izan dira azkeneko urteetan, baina Currinek beste behin ere agertu izan du kezka: «Nazioartean jendeak uste du gatazka konponduta dagoela; ETAk egin duela egin beharrekoa. Nazioarteko politikariak ez daude zehaztasunei so. Ez dira ohartzen arazoak ez direla konpondu».

Informazio osagarria

Publizitatea