«Konpromiso guztiei» eusten diela dio ETAk, baina ohartarazita «erasoen larritasunaz»
Agindutakoa betetzeko «gaitasuna» baduela baieztatu du. ETAk salatu du « armategiak desegiteko eredu ordenatua auzitan» jarri nahi dutela Frantziako eta Espainiako estatuek
2015-10-01 / Erredakzioa
ETAk «konpromiso guztiei» eusten diela jakinarazi du, «erasoaldiaren larritasunaz» ohartarazita. Hona, hitzez hitz, atzo Naiz eta Gara-ra bidalitako agiria:
«Orain dela 40 urte hil zituen Estatu espainiarrak Jon Paredes Manot, «Txiki», eta Angel Otaegi Etxeberria ETAko burkideak, FRAPeko Jose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo militante iraultzaileekin batera. Orduz geroztik, Gudari Eguna dugu irailaren 27a. Orduz geroztik, egun honetan, bidean eroritako lagun eta burkideak gogoratzen ditugu, maitasunez eta miresmenez. Txikik idatzita utzi zuenez, askatasun haizea direlako.
Agintaldia hasi bezala amaitu nahi izan zuen frankismoak, muturreko basakeriaz, eta, bidez batez, Txiki eta Otaegi akabatuz, mezu bat helarazi nahi izan zion euskal erresistentziari: etorkizunean ere Estatu espainiarrak ez ziela euskal herritarrei, Euskal Herriari bidea bakean egiten utziko. Eta halaxe izan da frankismoaren erreformaren ondotik ere, 1978ko Konstituzioak jarritako giltzarrapoaren bitartez.
Espainiako agintariek lepo beretik dute burua gaur egun ere. PPko Gobernuak mezu bera helarazi nahi baitigu euskaldunoi legealdiaren amaiera honetan: ez da konponbide justu eta demokratikorik izango, Espainiako proiektuaren inposizioa baino ez. Hala, polizia bideari gorazarre egin dio eta harropuzkeriaz agertu da jendaurrean berriro ere, Baigorrin ETAren eta, aldi berean, konponbideari lagundu nahi dioten herritarren kontrako operazioa dela-eta.
Honenbestez, ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, ondoko irakurketa helarazi nahi die Euskal Herriari eta konponbidearekin konpromisoa duten guztiei:
1. Azken hilabeteotako polizia operazioek konponbideak behar dituen oinarriak kaltetzea dute helburu, konponbide aukeraren beraren beldur baitira Euskal Herriarentzat inongo proposamen politiko zuzenik ez dutenak. Herri borondatearen beldur direlako eusten diote inposizioari eta konponbide ezari. Gatazkaren ondorioak ondo bidean eta Euskal Herriaren geroa eztabaida politikoaren erdian, zer lukete esateko, eskaintzeko? Ezer askorik ez, ustelkeriak, eskubide urraketak eta menpekotasunak jandako estatu eredu agortu bat baino ez. Katalunian ikusten ari gara porrot historiko horren isla garbia.
2. Erasoak eraso, Euskal Herriak aurrera begira bide oparoa egiteko duelako, ETAk agertoki berriak eraikitzeko konpromisoari eutsiko dio. Espainiako Gobernuak, Frantziakoa lagun, ETA behartu nahi omen du. ETAk orain arte hartutako erabakiak eta aurrerantzean hartuko dituenak, ordea, beste zerbaitek «behartzen» ditu; askapen prozesuan aurrera egiteko nahiak eta gogoak, hain zuzen ere. Bi estatuek darabilten jokabide errepresiboa eta probokazioa ikusita, batek baino gehiagok esan ahalko luke beste motatakoak izan zitezkeela erabaki horiek. Ez dago horrelakorik. Behin baino gehiagotan adierazi bezala, Euskal Herriaren askatasuna helmuga duen ziklo politikoa indar osoz azkartzeko unea da, eta etorkizuneko proiektu berritu baten alde indarrak metatzeko. ETAk ez du erronka horri modurik egokienean heltzeko baldintzak erraztea baizik egingo.
3. Horregatik, nazioarteko eragileei jakinarazi nahi die ETAk bere konpromiso guztiei eusten diela, eta horiek betetzeko gaitasuna izan baduela, konponbidea jasaten ari den erasoaldiaren larritasunaz ere ohartarazi nahi badie ere; besteak beste, estatuek armak deuseztatzeko eta armategiak desegiteko eredu ordenatua ere jarri nahi baitute auzitan.
4. Oso deigarria da Frantziako Gobernuaren jokabidea, Madrilgo jarrera arduragabearen alde erabat lerrokatuta. Sinesgaitza da armak eta armategiak kontrolik gabe geratzeko arriskua dakarren jokabidearekin horrela bat egin izana.
5. Zorionez, ardura eta konpromisoa erakutsi dituenik egon da bake ahaleginari ekiteko beharrezkoak ziren oinarriak eta baliabideak jartzeko orduan. ETAk bereziki nabarmendu nahi du urteotan ahalegin horri laguntza eman dioten herritarren ekarpen eskuzabala.
6. Edonola ere, bere ibilbidearen zati handiena egina duen ETAk jakin badaki, ondo jakin ere, non dagoen Euskal Herriarentzat etorkizuneko erronka nagusia: Euskal Estatura eramango gaituen herri prozesu politikoaren egituraketan. Ezkerreko independentistek ekarpen erabakigarria dute egiteko horretan denetan, konfiantzarekin, batasunarekin eta ausardiarekin.
Euskal Herrian,
2015eko irailaren 27an
Euskadi Ta Askatasuna»