Konponbideari begira

Berriak

«Gure apustua argia da: bizikidetza posible da»

Urte eta erdi batez biltzen aritu ostean, 22 eskaera bildu dituzte ETAren, poliziaren eta GALen 15 biktimek 'Eraikiz' dokumentuan. Agiria asteazkenean Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko diote
Eraikiz agiria sinatu duten hainbat biktima, atzo, Bilbon, aurkezpenean.
Eraikiz agiria sinatu duten hainbat biktima, atzo, Bilbon, aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2015-09-12 / Iñigo Astiz

Urte eta erdi bat eman dute elkarrizketetan ETAk, poliziak eta GALek hildako biktimen hamabost senidek, eta 22 eskaera biltzen dituen agiri batean batu dute orain elkarlanean egindako lan hori: Eraikiz agirian. «Etorkizunerako gure apustua argia da: bizikidetza posible da». Biktima guztientzako tratu berdintasuna eskatzen du testuak, ezinbestekotzat jotzen du indarkeria justifikatu zutenen autokritika, eta biktima guztiak babesteko lege esparru bat garatu eta Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldea aktibatzeko ere eskatzen dio Eusko Legebiltzarrari. «Elkar ulertzeko gutxieneko puntu batzuk eztabaidatzeko eta adosteko topagunerik ez egotea ulergaitza da». Agiria zabaltzea da orain sinatzaileen asmoa; Bilbon egin zuten atzo lehen aurkezpen publikoa, eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera joango dira asteazkenean.

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Adian-adian programan du abiapuntua ekinbideak. Eskoletara indarkeriaren biktima izandakoen senideen ahotsa eramatea zen egitasmo haren helburua; izan ere, eta bertan parte hartutakoak dira Eraikiz agiria sinatzen dutenetariko asko. Bidean jende gehiago batu zaie, eta biktima talde horren ekimenez sortu da testua orain. Jaurlaritzak bultzatuta hasi ziren topaketekin, baina biktima taldearen borondatez heldu da orain agiria eta hura aurkezteko asmoa.

Testuko lehen puntuan zehazten dute nor diren: «Euskadin terrorismoak eta hainbat motatako indarkeriak hildako pertsonen senideak gara». Eta bigarren puntuan dator dokumentu osoa hartzen duen oinarrizko ideietariko bat: «Indarkeria erabat onartezina da. Beti izan da, eta izango da porrot ikaragarri bat. Ez du inolako justifikaziorik inongo kasutan eta inongo baldintzatan, ezta aurretik jasandako bidegabekeriarik handienaren aurrean ere».

Aho batezko gaitzespena

Zazpi orriko testuan ez dago ETAri, GALi edo polizia indarrei egindako aipamen zuzenik, baina zehatzak dira testuan egiten diren eskaera batzuk. Bakearen aurkakotzat jotzen dute, esaterako, «indarkeria erabili zutenak gorestea eta gudari edo heroitzat hartzea»; eta justiziaren aurkakotzat dituzte «biktima batzuek eta besteek jasotzen duten tratu desberdina» eta «zigor esparruko erabakien aplikazio desorekatuak». Eta, hain zuzen ere, hori da testuan behin baino gehiagotan nabarmentzen duten beste ideia nagusietako bat: biktima guztiek eskubide berak dituztela, baina biktimak ez direla talde homogeneoa. Aniztasun hori errespetatzeko eskaria ere badakar horregatik agiriak.

Ñabardurarik gabeko gaitzespena eskatzen die agiriak politikariei. «Guztiek adieraz dezatela argi eta garbi indarkeriara jotzea gaizki dagoela gaur egun, eta iraganean ere gaizki egon zela». Zehatzago ere adierazi dute beren nahia sinatzaileek: «Gure ordezkariak honako hau aho batez esaten entzun behar ditugu: hil izana gaizki dago». Justifikazioak baztertuta autokritika egiteko ere eskatzen diete biktimek ordezkari politikoei, eta ikertzeko, eta baita argitzeko dauden kasuak ikertzeko eta argitzeko ahaleginak «bikoiztu» ditzatela ere. «Biktima batzuek ez dute justiziarako sarbiderik izan, kasu askok ez baitute prozesu judizialik ere eduki». Biktimen duintasuna «kolpatzen» duten arduradun politikoen adierazpen guztiak ikertzeko eskaria ere egiten dute.

«Ez dugu errukirik bilatzen»

Bada gizarteari zuzenean egindako eskaerarik ere agirian. «Bere egin dezala bizikidetza eraikitzeko lana». Etorkizunari itxaropentsu begiratzeko deia egiten diote sinatzaileek jendeari, adibidez, baina iraganik ez ahazteko ere eskatzen diete herritarrei. Autokritika beharra ere aipatzen dute. «Terrorismoa edo indarkeria justifikatu eta goraipatu zituen euskal gizartearen zatiak, edo hurbileko sentitu zituenean bakarrik baztertu zituenak, har dezala bere gain hura iraunaraztearekin eta hark eragindako sufrimendua luzatzearekin loturiko bere erantzukizun handia». Indarkeria hori justifikatu eta ulertu ez arren, sinatzaileen ustez bada «nahikoa egin ez zuen» gizartearen beste zati bat ere. Eskertu egin nahi izan dute indarkeriari aurre egin eta bakearen alde egin zuten euskal herritar guztiei.

«Herritartasun-sentimenduen dibertsitatea» onartzeko deia ere egiten diote sinatzaileek jendeari, baita biktimei dagokien neurria aitortzekoa ere. «Ez dugu errukirik bilatzen», aitortu dute. «Ez ditzala gure iritziak gutxietsi minak itsututa funtzionatzen dugula pentsatuz, baina ez gaitzala egiaren edo arrazoiaren jabe eztabaida ezin bihurtu».

Hedabideentzako sei eskari ere biltzen ditu Eraikiz agiriak. Beren editorialetan gizartea sentsibilizatzeko eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko lana egin dezaten eskatzen diete sinatzaileek kazetariei, esaterako, eta baita biktimen duintasuna urratu edo indarkeria justifikatzen duten iritziei buruzko informazio minimiza dezatela ere.

Informazio osagarria

Publizitatea