Konponbideari begira

Berriak

Biktimen aitortzan bat egin dute; iraganaren interpretazioan, ordea, ez

Memoriaren alde lan egitea «guztien erronka» dela esan die Urkullu lehendakariak EAEko 114 alkateri. «Oroimen partekatua» eskatu du EH Bilduk, eta indarkeriaren «deslegitimazioa» EAJk eta PSE-EEk
Biktimen memoriari buruzko bileran parte hartu zuten alkateak eta Urkullu lehendakaria, atzo, topaketa hasi aurretik.
Biktimen memoriari buruzko bileran parte hartu zuten alkateak eta Urkullu lehendakaria, atzo, topaketa hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2015-09-05 / Edurne Begiristain

Biktimen memoriaren aldeko politikak sustatzeko prest dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko alkateak. Indarkeriaren biktima guztien sufrimendua aitortu eta haiek gogoratzeko ekitaldiak antolatzeko borondatea badute. Hori egiteko bide orria, baina, ez dute denek modu berean irudikatzen. Aurrera begiratzeko atzera begiratu behar delako, eta iraganerako begirada hori egitean mesfidantzak azaleratzen direlako. Bizikidetza iraganaren interpretazio autokritikoan nahaspilatuta dago, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EAEko alkateekin egin duen topaketan agerian geratu denez.

Herrietan bizikidetza sustatu eta biktima guztien aldeko politika publikoetan aurrera egiteko prest agertu dira, hala ere, hiru alderdietako alkateak. Hori egiteko lehen pausoa eman dute Bilboko Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan egindako bilkuran.Tokian-tokiko oinazearen argazkia osatzeko aurreneko urratsa egin dute: elkartzea eta eztabaidatzea. Eta izan dute horretarako lan tresna: Jaurlaritzak landutako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2010) izeneko txostena. EAEko 128 udaletako alkate deituak zituen Urkulluk bilerara, biktimak gogoratu eta omentzeko erakundeen arteko lana sustatzeko, baina, azkenean, 114 joan dira. Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza sailetako arduradunek beste horrenbeste liburuxka banatu dizkiete joandakoei, herri bakoitzak jakin dezan indarkeriak eragindako zein biktima izan dituen.

Txosten horietako datu basea «irekia» dela azaldu die Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak alkateei, udalerri bakoitzaren ekarpenekin osatu eta «hobetu» daitekeena. Ez dela dokumentu itxia, eta eztabaidarako tresna izan nahi duela esan die. «Batzuentzat gehiegi izango da, eta beste batzuentzat, gutxiegi. Baina bidea eginez egiten da», adierazi die. Eta ekitaldiaren garrantzia ere azpimarratu du, lehen aldia delako gisako topaketa bat egiten dena: «Askotan, lehen urratsa zailena izaten da».

Hain justu ere, alkateek biltzarrera joateko egindako pausoa eskertu du Urkullu lehendakariak. «Memoriaren alde» lan egitea guztien «erronka» dela azpimarratu du, nahiz eta aitortu duen hori lortzeko zailtasun nagusia iraganean dagoela: «Arazoa, gakoa, iraganari begiratzen diogunean sortzen zaigu. Gertuegi dugu; gehiegi sufritu dugu». Urkulluren hitzetan, indarkeriak utzitako saminaren «datu objektiboek» laguntzen dute iraganari buruzko gogoeta «kritikoa» egiten. Zehazki, ETAk, GALek, BVEk edota poliziaren indarkeriak «mila pertsona baino gehiago» hil dituela azpimarratu du, eta denek «bidegabeko sufrimendua» pairatu dutela: «Mila arrazoi ditugu memoriaren alde egiteko».

'Zoru etikoa'

Lehendakariaren ustetan, erakundeek biktimekiko eta haien sendiekiko «erantzukizuna» eta «betebehar etikoa» dute, eta, horregatik, udalei eskatu die «eskuzabal» jokatu dezatela eta susta ditzatela memoriaren aldeko politikak. Azaroaren 10ean —Memoriaren Egunean— biktimak gogoan hartu eta omentzeko deia egin die Urkulluk alkateei. Eta ekitaldi horiek mamitzeko oinarria ere proposatu die: legebiltzarrak onartutako zoru etikoa.

Joan den legealdian legebiltzarrean adostutako zoru etiko hori izan da orain arte alderdien arteko desadostasun behinena, eta alkateen hitzaldietan ere agerian geratu da alor horretan dituzten ikuspuntu desberdinak. Iraganeko kontakizunari buruzko eztabaida azaleratu egin dute EH Bildu, PSE eta EAJko alkateek. Alderdi horietako bakoitzeko alkate batek hartu du hitza topaketan: Julen Mendoza Errenteriakoak, Jose Antonio Santano Irungoak eta Juan Mari Aburto Bilbokoak.

Bakearen aldeko dinamikak sortzeko «konfiantza» lortzeak duen garrantzia nabarmendu du Mendozak, eta ezberdinen arteko akordioak aldarrikatu ditu: «Bakea eraikiko bada, etsai politikoekin akordioak lortuta eraikiko da. Bakearen eraikuntzan denok gara ezinbesteko bidelagunak». Bake bidean aurrera egiteko «guztien arteko eztabaida» funtsezkoa dela esan du Errenteriako alkateak: «Ez dut irudikatzen bakerik PP eta PSE gabe, baina ezta EH Bildurik gabe ere». Elkarrizketa eta eskuzabaltasun berbera eskatu ditu bizikidetzarako.

Iraganera begiratu behar dela iritzi dio Mendozak, baina ez lubakietan geratzeko, etorkizunera urratsak egiteko baizik. «Iraganari begiratu behar diogu bake bidean justizia egiteko, politika gizatiarrago bat egiteko eta etorkizunerako oinarri sendo eta demokratikoak ezartzeko». Mendozak gonbita egin die gainerako alkateei biktimen sufrimendu oro aitortzeko eta «memoria partekatua» eratzeko lan egiteko.

Indarkeria mota guztien sufrimendua aitortu eta memoria osatzearen alde egin du Irungo alkateak ere, baina argi utzita gertatutakoaren kontakizuna ezin dela «desitxuratu». Biktimen aitortzak barruan eraman behar du, Santanoren aburuz, ETAren indarkeriaren deslegitimazioa eta gaitzespena, eta esan du zoru etikoak zumeak eskaintzen dituela hori lortzeko. «Terrorismoaren biktima guztiei zor zaie aitortza, baina sufrimenduaren jatorria ezberdindu behar dugu», ohartarazi du. Eta EH Bilduko alkateei dei egin die «iraganeko okerrak» onartzeko eta indarkeriaren «deslegitimazioan» pausoak emateko.

Bide beretik jo du Bilboko alkateak ere: «Denontzako gizarte bat eraiki nahi badugu, indarkeriari zilegitasuna kendu eta egindako mina aitortu behar dugu». Haren ustetan, indarkeria mota guztien biktimek «topagune» izan behar dute, ez «ika-mika iturri».

Bilera itxian, ekarpenak

Topaketaren lehen zatia komunikabideei irekita egin ostean, gogoeta eta eztabaidarako aukera izan dute gero, ateak itxita, alkateek eta Jaurlaritzako ordezkariek. BERRIAk jakin duenez, bileran hainbat alkatek Bake eta Bizikidetza idazkariari helarazi diote zenbait biktima falta direla banatutako txostenetan —hildako ETAko kideenak, bereziki—, eta «elkarlanean» zerrendak osatuz joateko borondatea agertu die Fernandezek. Alkateek askotariko ekarpenak egin dituzte biltzarrean: besteak beste, bizikidetzaren alde euren herrietan egindako jardunaldien berri eman dute, eta erakundeek ez dituztela biktima guztiak berdin hartzen salatu. Biktima guztiak aintzat hartuko dituen lege proiektua udazkenean aurkeztuko dutela agindu die Jonan Fernandezek.

Informazio osagarria

Publizitatea