Konponbideari begira

Berriak

Presoak hurbiltzearen alde agertu da Taubira

Frantziako Justizia ministerioa eta «euskal presoen aldeko elkarteetako ordezkari zenbait» uztailaren 8an bildu ziren. Espainiako Justizia ministroarekin elkartuko da gaur
Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean.
Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. Y. V. / EFE
AFP berri agentziak jakinarazi eta BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, Frantziako Justizia ministerioa eta «presoekiko elkartasunez lanean ari diren elkarteetako zenbait ordezkari» uztailaren 8an elkartu ziren, euskal presoen hurbiltzeari buruz mintzatzeko. Eta, hain justu, horren alde agertu da Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa, AFPren arabera, «kasuz kasu eta arrazoi humanitarioengatik».

Alain Christnacht Justizia kabinete buruak hartu zituen presoen aldeko elkarteetako ordezkariak uztailaren 8an, berri agentzia frantsesaren arabera. Ez du zehazten zein elkarte diren «presoen alde ari direnak», ezta zein pertsona zehatz bildu ziren ministerioarekin ere. Christnacht bera, aldiz, pertsona esanguratsua da: Lionel Jospin Frantziako lehen ministro ohiaren kontseilari izan zen 1997tik 2002ra, eta Noumeako (1998) eta Matignoneko (2002) prozesuak hurbiletik segitu zituen, Kaledonia Berria eta Korsikako gatazken gaiak jorratu zituztenak.

Olivier Pedro-Jose Justizia ministerioko bozeramaileordeak, bertzalde, ministroaren partetik presoak hurbiltzeko borondatea badagoela baieztatu du. Konpromiso zehatzik ez dagoela ohartarazi du, halere: «Engaiamendurik ez dago, Frantziako euskal presoak kasuz kasu eta arrazoi humanitarioengatik hurbiltzeko borondatea baizik». Colette Capdevielle diputatu sozialista ere berdintsu mintzatu da: «[Justizia] Ministroa euskal presoen hurbiltzearen alde dago, kasuz kasu eta arrazoi humanitario edo familiarrengatik».

Gertaturikoaren balorazio laburra ere egin du Capdeviellek: «Lehenbiziko bilkura hau seinale politiko azkar eta itxaropentsua da bakearen aldeko Parisko konferentzia humanitarioaren biharamunean». Joan den ekainaren 11n egin zuten konferentzia Parisko Asanblea Nazionaleko Victor Hugo gelan, eta, hain justu, Frantziako Gobernuari engaia zedila eskatu zioten parte hartzaileek. Eskaeren artean zegoen, bertzeak bertze, Frantzian sakabanaturiko euskal presoak hurbiltzea. Gaur egun, 92 preso daude Frantziako espetxeetan, eta Mont de Marsangoa dute (Okzitania) Euskal Herritik gertueneko kartzela.

Ez da Taubirak euskal presoen eskubideen aldeko jarrera erakusten duen lehenbiziko aldia. 2013an, hain zuzen, eri dauden presoek senideen ondoan hil beharko luketela erran zuen, Frederique Espagnac senatari sozialistak gaixo dauden presoei buruz egindako galderari erantzunez: «Prozedura luzea eta konplexua da. Oraindik, presoak espetxean hiltzen dira. Haien bizia arriskuan dutenean, hurbilekoen ondoan hiltzeko aukera izan behar dute». Presoen hurbiltzeari buruz ere galdetu zion Espagnacek, baina horri ez zion ihardetsi. Halaber, 2014an Baionako unibertsitatera hitzaldi bat ematera etorri zen Taubira, eta han zeuden kazetariek presoen hurbiltzeari buruz galdetu zioten. Gaiaz hitzik egin ez zuen arren, Euskal Herrira «luze gabe» itzuliko zela jakinarazi zuen, «horretaz guziaz mintzatzeko». «Presoen aldeko elkarteetako ordezkariekin» izandako bilkuraren harira, bertzalde, gobernua «pixka bat aldatzen» hasi dela dio AFPk, sakonean Espainiari jarraitu arren.

Catalarekin, gaur

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa eta Taubira bera elkartu eginen dira gaur. Parisko Vendome plazan hartuko du Frantziako ministroak Espainiakoa, Justizia ministerioan, eta elkarri ohore dominak emateaz gain, bilkura eginen dute 14:15ean. Ikuskizun dago zein gai aipatuko dituzten.

Publizitatea