Konponbideari begira

Berriak

Parisko Bake Konferentzia. 2011 eta 2015

Aiete eta Paris, konparazio bat

2011ko eta atzoko ebazpenetako eskaeretako lehen puntua ETAri zuzendutakoa da. Bietan Espainiari eta Frantziari inplikatzeko eskatzen diete. Oraingoan presoak ere aipatu dituzte.
Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell, 2011ko urriaren 17an, Donostian, Aieteko Nazioarteko Konferentziako ebazpenaren berri ematen.
Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell, 2011ko urriaren 17an, Donostian, Aieteko Nazioarteko Konferentziako ebazpenaren berri ematen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2015-06-12 / Enekoitz Esnaola

Donostian Aieteko konferentzia izan zenetik (2011-10-17) 1.333 egunera izan da Pariskoa. Egoera asko aldatu da Euskal Herrian, ETAk utzi baitzuen jarduera armatua. Baina bi hitzorduetako egoerak desberdinak izan arren, egin ahal da bi adierazpenen arteko konparazio bat:

KONFERENTZIAREN IZENA

Aieteko hitzordua bakegintzari buruzkoa zen, baina Nazioarteko Konferentzia izena eman zioten, bakea aipatzeke. Pariskoak bakea aipatu du izenburuan (Paris Euskal Herriko bakearen alde).

IZENPETZAILEAK

Nazioartean sona handiko sei lagunek izenpetu zuten Aieteko ebazpena: Kofi Annan (NBEko idazkari nagusi ohia), Gro Harlem Brundtland (Norvegiako lehen ministro ohia), Bertie Ahern (Irlandako lehen ministro ohia), Pierre Joxe (Frantziako Barne ministro ohia), Gerry Adams (Sinn Feineko presidentea) eta Jonathan Powellek (Erresuma Batuko kabineteko buru ohia). Pariskoa, 110 lagunek. Aietekoaren sinatzaileen artetik Frantziako hiriburuko ekitaldian izan dira Ahern eta Joxe.

GATAZKA ARMATUA

Bi ebazpenetan ageri da Euskal Herrikoa dela Europako azkeneko gatazka armatua. «Europa mendebaldeko azken gatazka armatua», zioen Aietekoak, eta «Europako azken konfrontazio armatua», Pariskoak.

ITXAROPENA

2011ko ebazpenean baikor ziren, gatazka armatua «betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako». Pariskoak dio auzia «konponbiderako fasean sartua» dela.

SOSTENGUA

Bietan aipatzen da konponbidearen xedeak euskal gizartearen babesa duela. Aietekoak zioen nazioarteko komunitatea ere prest zegoela laguntza emateko. Pariskoak dakar nazioartea «geroz eta babes handiagoa» ari dela ematen horretan.

ESKARIA ETA-RI

2011ko urriaren 17ko ebazpenean ETAri jarduera armatua betiko uzteko iragartzeko eskatu zioten. Eskaera bete zuen ETAk. Orain, berriz, «desarmatze prozesua burura» eraman dezala eskatu diote. Bi eskaeretan lehen puntu gisa ageri dira biak.

BI ESTATUEN INPLIKAZIOA

Aietekoak Espainiako eta Frantziako gobernuei «soilik gatazkaren ondorioez aritzeko elkarrizketa» abiatzeko dei egin zien. Parisko idatziak ere bi gobernuen engaiamendua eskatu du; «Bakearen aldeko baldintzak sortzeko ahaleginak ezin dira aldebakarrekoak izan. Bakea, nahi ala ez, Frantziako eta Espainiako gobernuak gatazkaren konponbidean engaiatzearekin soilik helduko da». ETAren desarmatze prozesuan «inplikatzeko» galdegin diete orain, prozesua «molde adostu eta kontrolatuan» egin dadin.

EUSKAL PRESOAK

Aieteko idatziak ez zekarren euskal presoei buruzko aipamenik. Gatazkaren ondorioak konpondu beharra aipatu zuten, baina presoak zehazki aitatzeke. Pariskoak bigarren puntuan aipatu du; batetik, sakabanaketa amaitzeko eskatu dute, eta, bestetik, «presoei legearen baitako zigorren malgutzea aplikatzeko eta eri direnak askatzeko».

BIKTIMAK

Bi testuek bildua dute «biktima guztien aitortza» egin behar dela, eta haiek lagundu behar direla. 2011ko adierazpenak «eginiko minaren aitorpena» aipamena ere bazekarren. Bietan dator adiskidetzearen beharra.

GAI POLITIKOAK

Aietekoak aipatu zituen «gai politikoak», Pariskoak ez. Duela hiru urteko idatziak «eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak biltzera iradoki» zituen, «gai politikoak eta gaiarekin zerikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz».

JARRAIPEN BATZORDEA

Annanen taldea prest azaldu zen emandako «aholkuak bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea» osatzeko. Pariskoak ez du espresuki halakorik aipatzen. Dena dela, 2011tik dira, Aieteko taldeaz gain —Powell dela buru—, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordea eta Harremanetarako Nazioarteko Taldea. Gainera, 2013tik Mexikon, Uruguain, Argentinan eta Ekuadorren Aieteko edukien alde azaldu izan dira hainbat lagun ezagun, eta aurtengo martxoan Arnaldo Otegi askatu; euskal presoak etxera adierazpena aurkeztu zuten Europako Parlamentuan, Friendship taldeak sustatuta. 2011tik aurrera nazioartetik sostengu zabala jaso da.

ETA-REN ERANTZUNA

Aieteko Nazioarteko Konferentzia izan eta hiru egunera jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela. 2011ko urriaren 20a zen. Orain, ikusteko dago Parisko adierazpenari erantzungo dion ala ez. Egiaztatzaileek iazko otsailean baieztatu zuten ETA armategia indargabetzen hasi zela.

@ Aieteko eta Parisko konferentzietako ebazpenak ikusi nahi izanez gero, bisitatu: www.berria.eus

Publizitatea