Konponbideari begira

Analisiak

Parisko Bake Konferentzia. ANALISIA

Bake eta elkarbizitza bidean

 

2015-06-12 / Eguzki Urteaga

Parisko Bake Konferentzia Humanitarioa egin berri da, eta parte-hartze, ikusmin eta oihartzun handia lortu du. Izan ere, euskal gatazkan zuzenean inplikatutako eragileez gain, biktima ala bitartekari izan, Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiak eta nazioarteko pertsonalitate ospetsu bezain esanguratsuak bertan egon dira. Horrez gain, aurreko egunetan egindako aurkezpenek Frantziako komunikabide nagusi batzuen interesa piztu dute, France Inter irratia ala Libération egunkaria adibide direla, gaiaren trataera sakon bezain orekatua eskainiz eta, horren bidez, gertakizunari ikusgarritasun mediatikoa emanez.

Aieteko Nazioarteko Konferentziaren eta Baionako Adierazpenaren jarraipenean kokatzen den Parisko Konferentziak garrantzi berezia dauka lau arrazoi nagusirengatik. Batetik, Parisen eta bereziki Asanblada Nazionalean izan delako, eta, oso zentralizatua den herri batean, eragile eta erabaki nagusiak bertan hartzen direlako. Bestalde, ezagunak diren eta harreman-sare zabalak dituzten Frantziako hainbat erakunderen buruak (Gurutze Gorria edota Giza Eskubideen Liga adibide direla) Konferentzian murgiltzea lortu dutelako. Era berean, nazioarteko ordezkari esanguratsuak daudelako eta Frantziak nazioarteari begira giza eskubideak babesten eta sustatzen dituen irudia eman nahi duelako. Alde horretatik, Irlandako lehen ministro ohia bezalako pertsonei errespetu instituzionala dio Frantziak, Espainiak ez bezala. Azkenik, Ipar Euskal Herriko klase politikoaren artean erabateko adostasuna dagoelako, eta eskuineko, zentroko zein ezkerreko alderdietako hautetsi nagusiek (diputatuek eta senatariek, alegia) aho batez mezu bera plazaratu dutelako.

Parisko Bake Konferentziaren amaieran, 110 eragilek izenpetutako agiria plazaratu da. Aurrekariak gogoratzeaz gain, lau dei nagusi plazaratu dituzte: 1) ETAk bere armagabetzea jarraitu dezala eta gobernuek hori erraztu dezatela, modu koordinatu eta zainduan burutu dadin; 2) dispertsioa amaitu dadila eta, presoak hurbiltzeaz eta batzeaz gain, preso gaixoak askatu ditzatela eta kartzela onurak aplika daitezela; 3) elkarbizitza bultzatze aldera, biktimen errekonozimentua, laguntza eta erraparazioa egin dadila; eta 4) frantses zein espainiar gobernuak euskal gatazkaren konponketan benetan inplika daitezela. Funtsean aurreko adierazpenek esandakoa berresten badu, bi alderdik azpimarra berezi bat merezi dute: batetik, dispertsioaren amaierari egindako deia, eta, bestetik, euskal gatazka konpontze aldera plazaratzen den eskaera, jakinik euskal gatazkak osagai armatu eta politikoak dauzkala.

Edozein kasutan, Bake Konferentzia arrakastatsua izanda ere, horrek ez du esan nahi frantses gobernuaren jarreran aldaketarik eragingo duenik, anbiguotasunean eta joko bikoitzean maisua baita: alde batetik, Parisko Konferentzia onartzen du, bere profil demokratikoa erakutsi nahian, eta, beste aldetik, Miarritzeko operazioa bultzatzen du, ETAren armagabetze prozesua oztopatzeko. Era berean, frantses gobernuan bi ikuspegi daude: bata, Taubira Justizia Ministroak ordezkatzen duena eta jarrera irekiagoa zein ausartagoa daukana, nahiz eta minoritarioa izan; bestea, Valls Lehen Ministroak ordezkatzen duena eta posizionamentu itxiagoa nola gogorragoa duena, nagusia dela jakinik. Argi dagoena da, estatu eta nazioarteko gai bat denez, frantses gobernuak ez duela erabaki esanguratsurik hartuko Espainiako Gobernuaren oniritzirik jaso gabe. Baina, era berean, lehen interesatua da euskal gatazkak suposatzen dizkion buruhausteak konpontzen, hamarnaka euskal preso bere kartzeletan espetxeratuak daudelako eta ETAk arma gehienak bere lurraldean dituelako.

Publizitatea