Parisko Bake Konferentzia. Erreakzioak
Pozik, baina konpromiso eske
Eragile, parte hartzaile eta politikari gehienek «biziki positibotzat» jo dute bakearen aldeko Parisko konferentzia. Gobernuen erantzunaren zain daude orain
2015-06-12 / Maddi Ane Txoperena Iribarren
Hunkigarria, garrantzitsua, positiboa eta mugarria. Halakoa izan da konferentzia politikari, biktima eta bertzelako eragile gehienentzat. Manifestua irakurri eta denbora gutxira erantzun zieten atzo BERRIAk egindako galderei: irribarrea ahoan anitzek, oraindik urduri bertze batzuek. Guziek dituzte, ordea, aitzina begirako sentimendu positiboak, eta uste dute eragina izan dezakeela aitzina begirako urratsetan. Frantziari eta Espainiari dagokie orain, galdekatuen ustez, konponbidearen aldeko urratsak egitea.
SYLVIANE ALAUX PSko diputatua
JEAN LASSALLE Modem-eko diputatua
ANITA LOPEPE EH Baiko bozeramailea
MIXEL BERHOKOIRIGOIN EHLGko lehendakari ohia
JEAN PIERRE MASSIAS Zuzenbide irakaslea
AXUN LASA Joxean Lasaren arreba; biktima
ROBERTO MANRIQUE ETAk zauritua; biktima
EMMANUELLE COSSE EELVko hirugarren idazkaria
SYLVIANE ALAUX PSko diputatua
«Azken lau urteok ez dira galduak, baina fiteago aitzinatu behar gara»
Sylvaine Alaux PSko diputatuarentzat ,«emozio anitz» egon da konferentzian, eta pozik agertu da hitzaldien edukiarekin: «Kalitate handikoa izan da konferentzia». Biktimak mintzatu diren unea egin zaio bereziki hunkigarria: «Eta ez dezagun ahantz bi aldeetatik daudela biktimak, ez bakarrik ETArenak». Bake prozesua poliki doa, halere, sozialistaren irudiko. «Aietetik lau urte pasatu dira, eta ez dira galduak, lanak jarraitu baitu. Baina fiteago aitzinatu behar gara». Frantziako Gobernuak entzuteko Parisera joan behar izatea deitoratu du: «Entzunak izatera etorri gara».JEAN LASSALLE Modem-eko diputatua
«Ezinen die ezerk aurre egin indar eta emozio hauei, ezta armek ere»
Parisko konferentziara etorri izanaz anitz pozten da Modemeko diputatua: «Xantza handia da erantzukizun politikoak izatea ezagutu ditugunak bezalako mementoak bizi ahal izateko, nahiz eta batzuetan luzaroan itxaron behar den horretarako». «Zerbait berria» gertatu dela uste du, nahiz eta ez jakin oso ongi zergatik: «Zergatik gaur? Zergatik ez lehenago? Uste dut indar eta emozio hauei ezinen diela ezerk aurre egin, ezta armek ere».ANITA LOPEPE EH Baiko bozeramailea
«Ez dut uste gauzak desblokeatuko dituenik, baina abiapuntu ona da»
Konferentzia antolatzea bera positiboa da Anita Lopepe EH Bai koalizioko bozeramailearen ustez: «Segur aski, lehen aldikoz aipatzen da Parisen termino horietan gatazkaren konponketaren gaia». Parte hartzaileak ere asebete dituela uste du, «aterabide zehatzak» proposatu dituztelako zenbait gairi buruz. Badaki konferentziak izanen duen eragina ez dela berehalakoa izanen, baina «inflexio puntu» izan daitekeela deritzo, halere: «Ez dut uste konferentziak gauzak desblokeatuko dituenik guztiz, baina Parisen bakearen aldeko elkarlan bat egiteko abiapuntu ona da».MIXEL BERHOKOIRIGOIN EHLGko lehendakari ohia
«Prozesua elkarrekin eraikitzea da: jarrerak aldatu behar ditugu»
«Pisu handikoa, sentimenduzkoa, aberatsa». Hala definitu du Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari ohiak bakearen aldeko konferentzia. Jorraturiko edukiak hemendik aitzina «gogoetatu eta landu» beharko direla dio, eta gobernuei ere eskatu die erantzukizuna: «Bake bide hori aldebakarrekoa da oraindik, eta estatuek behar dute sartu». Halere, gizarteko kide gisa «guziek» parte hartu behar dutela dio. «Prozesua da elkarrekin egitea; ez galtzea, ez irabaztea. Bakoitzak bide horretan behar ditu aldatu bere pentsamoldeak eta jarrerak».JEAN PIERRE MASSIAS Zuzenbide irakaslea
«Aldebakartasunaren bururaino joan gara: pilota gobernuen bandoan dago»
Parisko konferentziak «galdera egokiak egin ditu, eta ongi egin ditu, gainera», Massiasen ustez: «Funtsean, Baionako foroetan egin genuena berriro hartu du, hots, gobernuei inplikazioa galdegitea». Memento indartsuak izan ditu goizak haren arabera, biktimen testigantzenak bereziki. Eta prozesuaren «eraginkortasuna» erakutsi du horrek, haren hitzetan. «Aldebakartasunaren bururaino joan gara, eta, beraz, pilota bi gobernuen bandoan dago orain. Uste dut konferentziaren ekarpen garrantzitsuena dei hori dela, pertsona garrantzitsuek izenpetu dutena».AXUN LASA Joxean Lasaren arreba; biktima
«Espainia kontura dadila ez dela hasi ere egin haren eginbeharretan»
Komunikabideen eta jendearen aldetik «arreta handia» izan duelako «oso positiboki» baloratzen du Axun Lasak Victor Hugo gelako trukea. 1983an GALek hildako Joxean Lasaren arrebak espero du Frantziako Gobernua «aztoratuko» dutela errandakoek, baina baita Espainiakoa ere: «Espainia kontura dadila behingoz ez dela hasi ere egin haren eginbeharretan».ROBERTO MANRIQUE ETAk zauritua; biktima
«Asko gara hau ongi bukatzea nahi dugunak; enpatia kontua da»
Roberto Manrique ere gustura atera da ekitalditik, eta, maiz errepikatzeaz «nekatua» dagoen arren, gogoratu du badirela biktimak konponbidearen alde daudenak. «Bertzeentzako onena» nahi duela azaldu du, eta horretarako egindakoa ez dela errepikatu behar: «Inork ez dezala guk sufritutakoa berriro bizi behar izan». Legea errespetatuz, «dena ongi» bukatzea nahi duela dio. «Asko gara hau ongi bukatzea nahi dugunak, baina indarrak egin behar dira. Enpatia kontua da».EMMANUELLE COSSE EELVko hirugarren idazkaria