Konponbideari begira

Berriak

Iraganaz «guztiek» autokritika egiteko plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Zuzendu programarekin «zauriak itxi» eta «konfiantza gabeziak» gainditu daitezkeela dio Urkullu lehendakariak. ETAren jardueraz «balorazio kritiko eta argia» egiteko eskatu dio ezker abertzaleari
Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandez, atzo, Gasteizen, Zuzendu programa aurkezten.
Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandez, atzo, Gasteizen, Zuzendu programa aurkezten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2015-04-02 / Asier Garcia Uribarri

Autokritika prozesuak topagune izan daitezke; trabak gainditzeko puntu komuna izan daiteke». Hori litzateke gakoa egun bakegintzan dauden zailtasunak gainditzeko, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren ustez. Iraganeko «zauri handiak itxi» eta familia politikoen arteko «konfiantzarik eza» gainditzeko beharra azpimarratu du, eta «autokritika denek» egin behar dutela esan. Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza planeko Zuzendu programa aurkeztu dute Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eta biek Gasteizen, hedabideen aurrean, giza eskubideen arloan «autokritikaren pedagogia egiteko».

Programa oraingo «hauteskunde zikloa pasatu ostean» abiatuko du Gasteizko gobernuak: irailetik aurrera. Jaurlaritzaren asmoa da urtero autokritikaren balio sozial eta politikoaren inguruko ekitaldi bat egitea.

«Nola sor daitezke konfiantza, elkarlan eta akordiorako baldintzak?» galderari erantzuteko aurkeztu du Jaurlaritzak Zuzendu programa. Lehendakariaren arabera, giza eskubideen urraketarekin zerikusia duen guztian autokritika egitea beharrezkoa da. Gogoeta hori «denek» egin beharko dutela iritzi dio Urkulluk, «baina ez modu berean, erantzukizuna ezberdina delako». Haren ustez, premiazkoa da «ETAren ingurune politikoak» erakunde armatuak eragindako giza eskubideen urraketez «balorazio kritiko eta argia» egitea. Izan ere, hori egiten ez badu, indarkeria justifikatu eta biktimen sufrimendua ontzat ematen duela emango du aditzera, Urkulluren ustez. «Hori ez da onargarria, eta oso arriskutsua da».

Lau ardatz

Gogoetarako lau ardatz proposatuko ditu Zuzenduk. Lehenik eta behin, talde armatuen indarkeria eta ekintzak «arma politiko gisa» zer dela-eta «legitimatu» diren landuko dute. Talde horretan sartuko lirateke, besteak beste, ETA, ETA (pm) eta Komando Autonomo Antikapitalistak erakundeen ekintzak.

Bigarren ardatzean, sufrimendua eta horren ondorioak gizarteratzeko estrategiaz autokritika egitea proposatu dute. «Mehatxuak eta estortsioa» pairatu dituzten pertsonen eta bizkartzainekin bizi behar izan dutenen errealitatea jarriko du Jaurlaritzak mahai gainean, baita kale indarkeria jasan dutenena ere.

Hirugarrenez, Espainiako Estatuaren «bidegabeko indarkeria» eta indarkeria parapoliziaren erabilpena aztertuko dute. Eta, laugarren blokean, biktimek jaso duten arretaz gogoeta egitea sustatuko dute. Izan ere, ETA eta bestelako erakundeen biktimekiko «arreta falta» izan dela jasotzen du planak, baita BVE, GAL eta antzeko taldeen biktimak «ikusezin» izan direla ere.

Euskal presoak gizarteratzeko Hitzeman programarekin lotu du lehendakariak Zuzendu, autokritika haien «gizarteratzea errazteko» gakoetako bat delakoan. Hitzemani buruz, Fernandezek azaldu du hartu-emanak izan dituztela hainbat eragilerekin, programa garatzeko asmoz. Aurrerantzean programa presoekin lantzen hasiko direla esan du.

Informazio osagarria

Publizitatea