Konponbideari begira

Berriak

Bakea eta bizikidetza. Euskal presoak

Presoentzako onurak lortzeko plan bat du Jaurlaritzak, baina esan du ez duela bermerik

Hitzeman programan sartzeko, «bake eta bizikidetzaren» aldeko adierazpen bat onartu beharko dute presoek. Haien «autokritika» nahi du Jaurlaritzak, damurik eskatu gabe
Arabako Zaballa espetxearen kanpoaldea.
Arabako Zaballa espetxearen kanpoaldea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2014-10-03 / Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzak plan bat aurkeztu du, «presoen gizarteratze edo birgizarteratze» prozesua bideratzeko onurak lortzeko asmoz: Hitzeman. Oraingoz, «zirriborroa» da, eta eragileen ekarpenak jasotzeko irekitako bost hilabeteko epearen ondoren jo nahi du behin betikotzat. Nahi duen presoa sartuko da Hitzemanen, baina lehendabizi adierazpen bati atxiki beharko zaio: «Bakea eta bizikidetza betiko» ezartzearen aldeko konpromisoa hartzen duenari. Jaurlaritzak ondoren jarriko luke abian programa.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko eztabaida saioan Hitzemani buruzko xehetasun batzuk eman zituen atzo zortzi, eta atzo egin zuten aurkezpena Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Donostian. Fernandez baizik ez zen mintzatu, eta ohartarazi zuen espetxe eskumena Espainiako Gobernuak duenez programak ez duela «ezer bermatzen». «Ez da inolako formula magikoa, eta ez du itxaropen faltsurik sortu nahi oso arazo konplexu baten konponbidearen inguruan. Jaurlaritzaren helburua legezko bide bat irekitzea da, bideragarria, errealista eta mailakatua».

Fernandezek jakinarazi du Urkulluk Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari Hitzeman programa azaldu ziola irailaren 16an biek Moncloan egindako bileran, «eta Rajoyk erantzun zion aztertuko duela». Abuztuaren 28an Donostiako Miramarreko ekitaldian bezala, Jaurlaritzak ez du iragarri Rajoyren ezezkoaren kasuan zer egingo lukeen.

Oraingoz, plana «partekatu» nahi du politikako eta gizarteko eragileekin. Sortuk atzo bertan jakinarazi zuen txarretsi egiten duela Hitzeman. «Plana ekimen hutsala da. Gasteizko gobernuak ez du inongo eskumenik berezko ekimen gisa eduki horiek aurrera eramateko. Madrilek presoen kontra darabilen eskubide urraketa politikatik arreta desbideratzeko ahalegina da». Oharreko bukaeran zioen presoei dagokiela dokumentua aztertzea eta iritzia ematea eta Sortuk berak «arreta handiz» entzungo duela.

Hiru helburu

Hitzemanek hiru helburu ditu: biktimei, gizarteari eta presoei dagozkienak. Presoen alorrean, besteak beste,«gogoeta autokritikoko prozesu etikoak bultzatzea eta indartzea» du xede, «biktimei eragindako kaltea onartzearekin lotuta». Ez die damua eskatuko. «Autokritika da hautatutako kontzeptua, arrazionalagoa baita. Damuak moralarekin du zerikusia. Dena dela, ez dugu hitz-joko batean sartu nahi».

Biktimei «erreparazio moraleko hitzak eta ekintzak» eskaini nahi dizkie, eta gizartetik ekarpenak sustatu, «bakea eta bizikidetza sendotzen laguntzeko».

Programa aztertzeko kudeaketa batzorde bat sortuko du, «hainbat ibilbideko eta diziplina askotarikoko pertsona ezagunek osatutakoa», eta hark proposatuko die presoei zer ibilbide hartu. Lau lankidetza mota eskainiko dizkiete: akademiarekin, gizarte zibileko erakundeekin, instituzioekin eta elkartasuneko proiektuekin lotutako lankidetzak. Halaber, programara atxikita dauden presoei «babes instituzionala» emanez, «premia edo beharra» dutenek bi urterako aholkularitza pertsonala, laneratzeko laguntza eta etxebizitza bilatzeko laguntza jasoko lukete.

Jaurlaritzak dio larri gaixo dauden presoek —hamar dira, Etxerat-ek dioenez— eta 70 urtetik gorakoek «legez dagokiena jasotzeko» ez dutela zertan jarraitu programari. «Presoen hurbiltzea ere ez dago horrekin lotuta».

Azken batean, «ETAk terrorismoa behin betiko bukatu ondoren» sortutako testuinguruari garrantzia ematen dio Jaurlaritzak, eta bakegintza sustatzen segitzeko aurrerapausoak beharrezkoak direla iritzi dio.

Beste eskaera batzuk Madrili

Proposamenaren esparruan eta «akordio berriak» lortzeko helburuarekin, Espainiako Gobernuari espetxe eskumena Eusko Jaurlaritzari igortzeko eskatu dio, «Gernikako Estatutuak zehazten duena betez». 1979an onartu zuten estatutua EAEn, erreferendum bat eginda, eta jasotzeko falta diren hamalau eskumenetako bat da espetxeetakoa. Espainiak maiz baztertu du Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarraren eskaera.

Presoak bizilekutik gertu dauzkaten espetxeetara hurbiltzeko prozesu bat egituratzea ere galdegin du Urkulluren gobernuak, «hala zehazten baitu Espainiako espetxe legediak». Gaixo dauden presoentzako «giza konponbideak» ezartzeko ere eskatu dio, eta auzi politikoengatik kartzelan dauden lagunei «legezko neurriak aplikatzeko».

Informazio osagarria

Publizitatea