Konponbideari begira

Berriak

Euskal Herriko bake prozesua. Nazioarteko babesak

Hegazkinean, euskal jatorriaz

David Bieter Boiseko alkate euskalduna Barack Obama AEBetako presidentearekin egon zen joan den asteazkenean. Euskal Herriaz hitz egin zuten, baina ez ziren sartu kontu politikoetan.

2015-01-28 / Enekoitz Esnaola

David Bieter Boiseko (Idaho, AEB) alkatea lehengo astean Washingtongo hiriburuan zegoen, AEB Ameriketako Estatu Batuetako alkateen biltzar batean. Barack Obama AEBetako presidenteak gaur zortzi Idahon egon behar zuen, hitzaldi bat emateko, orduan Washingtonen zegoen hura ere, eta Bieterrek bueltako bidaia harekin egiteko baliatu zuen. Obamaren Air Force One hegazkinean bidaiatu zuen, eta hari bere euskal jatorriaz hitz egiteko beta hartu zuen Boiseko alkateak —Larrabetzukoa (Bizkaia) zuen aitona—. «Obama lehendakariak eta biok Euskal Herriari buruz hitz egin genuen pixka bat», esan zion atzo BERRIAri Bieterrek (Boise, 1959). «Azaldu nion zelan etorri zen gure aitona Boisera handik, artzain. Hemen euskaldunak gaudela-eta interesa agertu zuen Obamak».

Idahorako bidaian eta Boiseko egonaldian ez zuten Euskal Herriko bake prozesuaz hitz egin, Bieterrek berak kazeta honi jakinarazi dionez: «Ez genuen hitz egin horri buruz».

AEBetako gobernuburua Obama denetik —2009an hartu zuen kargua—, Etxe Zuria inoiz mintzatu izan da Euskal Herriko egoera politikoaz. 2011ko urriaren 21ean izan zen, aurreko egunean ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu zuela jakinarazi zuela medio. Ohar bat atera zuen Etxe Zuriak,erakunde armatuaren erabakia «pauso historikotzat» joz. «Oraindik bide luzea» geratzen zela aurreikusi zuen Obamaren kabinetearen oharrak.

Bill Clinton AEBetako presidente ohia (1993-2001) ere mintzatu zen orduan. ETAk indarkeria bukatu izanak «Europako azkeneko borroka armatuaren kaltetuek bizitza hobe bat izan dezaten lagundu» ahal duela zioen. Iazko otsailean ere hitz egin zuen Clintonek Euskal Herriko bake prozesuaz, ETAk armagabetzeari ekin ziola iragarri zuenean. «Albiste ona» dela idatzi zuen Twitterreko bere kontuan —uneotan 2,8 milioi jarraitzaile dauzka—. «Bake prozesuak jarraituko duen itxaropena dut».

Egungo bake prozesuan Jimmy Carter eta George Mitchell estatubatuarrek ere agertu izan dute babesik. Aieteko adierazpena plazaratu zenean izan zen. 2011ko urriaren 17an ezagutarazi zuten Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari ohiak-eta Aieteko adierazpena, eta handik bi egunera sostengua azaldu zioten bi haiek —Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak ere bai—. Carter 1977-1981 artean AEBetako presidente izan zen, eta 2002an Bakearen Nobel saria jaso zuen, nazioarteko gatazka politikoak konpontzeko egindako saioengatik. Mitchell, 1980etik 1995era AEBetako senatari izan zen, eta Obamaren gobernuaren ordezkaria da Ekialde Hurbilean. Mitchellek Ipar Irlandako gatazka konpontzeko elkarrizketetan ezarritako printzipioak dira geroztik hainbat negoziazio prozesutan oinarri izan direnak. Ezker abertzaleak berak bere barne eztabaidari buruzko dokumentatuetan aipatu zituen. 2009ko azaroan, Altsasuko agirian, eta 2010eko otsailean, eztabaidaren emaitza gisa, Zutik Euskal Herria adierazpenean: «Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz. Inork ezingo du indarkeria edo mehatxua erabili alde anitzeko negoziazioaren garapena edo emaitza baldintzatzeko, ezta prozesu horretan erdietsitako akordioa aldatzeko ere».

Autodeterminazio eske

Bieterrek ere agertu izan du euskal gatazkaren konponbidearen aldeko konpromisorik. 2002ko martxoan Pete Cenarrusa Idahoko Estatu idazkari eta errepublikanoarekin batera Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko ebazpen bat sustatu zuen, eta Idahoko Memoriala onartu zuten. «Autodeterminazioa etorriko da. Ez dakit noiz eta nola, baina etorriko da», esaten du Bieterrek.

Duela bi urteko urrian Donostian izan zen hura, Alkateen Nazioarteko Konferentzian. Ordurako bi urte ziren ETAk jarduera armatua bukatu zuela iragarri zuenetik, «eta harrezkero ez da besterik gertatu», zioen Boiseko alkateak ere. Euskal diasporaren lana ezinbesteko jo zuen, Ipar Irlandako bake prozesua ispilu hartuta: «Argi dago euskal-amerikarrok irlandar-amerikarren norabide berean bultzatu behar dugula. Gure komunitatea ez da juduena edo irlandarrena bezain handia AEBetan, baina bagara. Edozer egin badezakegu, txikia bada ere». Mezu bera plazaratu du orain ere: «Konponbidea lortu ahal dela pentsatzen dut. ETAk utzi zuenetik errazagoa da. Euskal-amerikarrok Euskal Herrian bakea egon dadin interesa daukagu, eta prest gaude laguntzeko».

2008an, AEBetako kanpainan, «Gora Obama!» oihu egin zuen Bieterrek haren aldeko ekitaldi batean, Boiseko hockey zelaian. Gustuko agintaria du hura; uste du beste presidenteek baino gehiago begiratzen duela nazioartera.

Informazio osagarria

Publizitatea