Konponbideari begira

Berriak

Euskal Herriko bake prozesua. Nazioarteko babesak. Izaskun Bilbao. EAJko europarlamentaria

«Europari babesa eskatu aurretik, etxeko lanak egin behar ditugu»

 

2015-01-28 / Edurne Begiristain

Euskal Herriko prozesurako egokitutako Peace programa beharrezkoa ikusten du Izaskun Bilbao EAJko europarlamentarioak (Bermeo, Bizkaia, 1961), baina uste du Euskal Herrian eta Europan ez dela nahikoa lan egiten ari hori lortzeko.

Ekuadortik iritsi da azken babes keinua Euskal Herriko bake prozesurako, bart. Nazioarteko sostengua ezinbestekoa al dugu?

Nazioartetik datorren laguntza beti da lagungarria edozein bake prozesutan, baina Euskal Herrian orain daukagun erronkarik garrantzitsuena gure artean akordioa lortzea da. Inportantea da nazioarteko laguntza, baina garrantzitsuena etxeko lanak egitea da. Gaur egun, egoerak eskatzen du beste aurrerapauso batzuk ematea gure erakundeen barruan. Europako Parlamentuan ere urrats horren falta ikusten dut; aukerak badaude, baina uste dut denbora galtzen ari garela.

Zergatik?

EAJk aspaldi aldarrikatu du Peace programa, beste herrialde batzuei lagundu zaien modura guri ere lagundu ahal zaigulako. Europako Parlamentuan izan dugun azkeneko eztabaidan berriro egin genuen eskaera, baina erantzuna izan da Peace programa abiatzeko Espainiako Estatuak egin behar duela eskaera. Egoera zein den ikusita, uste dut Eusko Legebiltzarreko bakerako batzorde txostengileak Peace programaren antzeko zerbait zehaztu beharko lukeela, ondoren Espainiako Gobernua derrigortzeko akordio hori Europako instituzioetara ekar dezan.

Baina gaur-gaurkoz zaila da halakorik gertatzea, ezta?

Bai, eta, akordioa ez dagoen bitartean, uste dut aukera ederra ari garela galtzen beste laguntza bat jasotzeko. Nik, europarlamentario, jeltzale eta euskal herritar modura, nahiko nuke esatea Europako instituzioak laguntza osoa ematen ari direla Peace programaren bitartez Euskadiren arazoa gainditzeko. Ordea, urrats gehiago egiteko aukera galtzen ari gara adostasunik ez dagoen bitartean.

Europako Batasuna zergatik ez da gehiago engaiatzen bake prozesuarekin?

Europako Batasunaren laguntza gehiago ez badugu, beharbada izango da guk geure barruari gehiago begiratu beharko diogulako eta lan gehiago egin beharko dugulako. Daukadan irudipena da Jaurlaritza ari dela proposamenak egiten, baina oposizio guztia kontra duela. Politika egiteko modua ez da baikorra, eta horrela ez da Europako instituzioen inplikazioa lortuko. Errua Europari bota beharrean, guk etxe barruan zer eta nola egiten dugun begiratu beharko genuke. Ezin diogu inplikazio eta babes guztia Europari eskatu, guk barruko lanak ez baditugu egiten. Gainera, kontuan hartu behar dugu orain Europaren kezka nagusia jihadisten indarkeria dela, eta terrorismo horrek duen dimentsioa hain handia da, non Europarentzat gure prozesua ez den garrantzitsua.

Kolonbian izan zinen duela gutxi, hango bake prozesua babesteko. Eredutzat duzu?

Andeetako Herrialdeekiko Harreman Taldeko kide gisa, ongi ezagutu dut Kolonbiako errealitatea, eta hango bake prozesuak gure laguntza izan du hasieratik. Kolonbiako instituzioek asko eskertu digute emandako babesa, eta guk erreferentzia modura hartzen ditugu.

Publizitatea