Konponbideari begira

Berriak

Euskal Herriko bake prozesua. Nazioarteko babesak. Igor Zulaika. Sorturen ordezkaria Bruselan

«Prozesu hau ez dago ulertzerik nazioartearen laguntzarik gabe»

 

2015-01-28 / Edurne Begiristain

Sortuk Europan duen ordezkarietako bat da Igor Zulaika (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Haren ustez, nazioartearen inplikazioak berebiziko garrantzia dauka, besteak beste, Espainiako Estatuaren jarrera «higatzeko».

Egungo prozesuan zer garrantzi dauka nazioartearen babesak?

Bi arlotan laguntzen du. Batetik, Espainiako Estatuaren jarrera higatzeko eta baldintzatzeko lagungarria da. Bestetik, Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen gainean ekarpen zuzena egiteko balio du. Bakearen aldeko Foro Sozialean parte hartu duen aditu taldeak egindako ekarpenek edo Aieteko Konferentziara etorritako pertsona ezagunen inplikazioak ongi erakutsi izan dute hori. Nazioarteko adituek Euskal Herrian bertan ekarpen positiboa egin dute, ezagutza eta input bat eskainiz.

Orain arte nazioartetik egindako urratsak eraginkorrak izan al dira prozesua sendotzeko?

Bai. Aieteko Nazioarteko Konferentzia mugarria izan zen prozesuan, Bruselako adierazpenak beste mugarri bat ezarri zuen, eta egindako beste hainbat urrats edo ekinbidek —akaso, hainbesteko oihartzuna izan ez dutenek—, ekarpen handia egin diote prozesuari. Alderdien jarrerak finkatzeko ere berebiziko garrantzia izan dute. Ezingo genuke ulertu egungo prozesua nazioartetik jaso den babes, laguntza, informazio eta ezagutzarik gabe. Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea dira adibiderik argienak.

Nahikoa al da nazioarterik jasotzen ari den babesa?

Badago oraindik pauso gehiago emateko aukera. Azkeneko babes keinuak Latinoamerikatik etorri dira: Uruguain alderdi guztiek eman zioten babesa prozesuari, eta Argentinan, euskal diasporak ez ezik, bi presidenteek eta parlamentuko alderdi gehienek ere babestu zuten. Euskal Herriak jaso duen babes maila ez da nolanahikoa izan. Gogoratu behar dugu Kofi Annan izan dugula hemen, eta uste dut ezingo dugula haren gainetik munduan dauden egituretan urrunago jo. Baina badaude oraindik gure prozesuarekin engaiatuko diren beste herrialde batzuk.

Sortu ere ari al da lantzen nazioartearen inplikazioa bake prozesuan. Zein da orain arte egindako lanaren balorazioa?

Bai, sostengua eta inplikazioa lortzeko lanetan gabiltza. Beste era batera esanda, Sortuk dituen ordezkariek lobby lana egiten dute munduan. Une honetan lanik garrantzitsuena Josu Juaristik egiten du, Europako Parlamentuan. Eta Sortuk, alderdi gisa, bidaiak egiten ditu hainbat herrialdetako errealitatearen berri jasotzeko eta ikusteko zer aukera dauden eta zeintzuek egin dezaketen ekarpen positiboa gure prozesuan. Euskal Herriko prozesurako input erabilgarriak izan daitezkeen ekarpenak bilatzen ditugu, uste dugulako badagoela zer ikasi beste herrialdeetatik. Une honetan lan nagusia, hala ere, Europako Parlamentuan dago.

Zer-nolako ezagutza dago nazioartean Euskal Herriko prozesuaren inguruan?

Denetarik dago. Badira Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak nahasten dituztenak, baina bada Euskal Herriko auziari buruzko izugarrizko ezagutza duen jendea ere, azkenengo urteetako prozesua eredutzat hartzen duena. Europako Parlamentuan ere badaude Euskal Herriarekin harreman estua dutenak, baita apenas ezagutzen dutenak ere. Azken urteetan Kataluniak oihartzun handiagoa lortu du nazioartean, baina, horrekin lotuta, jende askok Euskal Herriko errealitatea ere ezagutu du.

Publizitatea