Konponbideari begira

Berriak

ETAk «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegin ditu

«Konfrontazio armatutik konfrontazio demokratikora» igarotzeko berrantolatzen ari dela azaldu du. Armak zigilatzeko egitura «tekniko-logistikoa» osatzen ari da, eta lan politikorako egitura indartzen
ETAko bi kide, Ram Manikkalingam eta Ronnie Kasrils Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideei arma indargabetuen inbentarioa ematen, joan den otsailean.
ETAko bi kide, Ram Manikkalingam eta Ronnie Kasrils Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideei arma indargabetuen inbentarioa ematen, joan den otsailean. Z / BERRIA
Konfrontazio armatutik konfrontazio demokratikora» igarotzeko prozesua egiten ari da ETA, eta, horren ondorioz, «borroka armatuaren praktikatik eratorritako egitura logistiko eta operatiboa desegiteko» prozesua dagoeneko amaitu duela esan du, erakundeak Gara eta Naiz.info hedabideetara igorri duen agirian azaldu duenez. Atzo arratsaldean zabaldu zuten agiriaren zati bat.

Orain, egitura «tekniko-logistikoa» osatzen ari da ETA, uztailaren 15eko data duen agiriaren arabera. Egitura horren egitekoa armategien zigilatzea bururaino eramatea izango da. Hain zuzen, berregituraketaren «lehen zutabeak» lotura zuzena du ETAk otsailean iragarritako «armategien zigilatze egiaztatua» gauzatzearekin. Prozesuaren «bigarren zutabea» izango litzateke egitura logistiko eta operatiboen desegitearekin lotutakoa.

Hemendik aurrera, lan politikoetarako egitura indartuko duela ere jakinarazi du ETAk. «Bake prozesuak aurrera egin dezan aldeen arteko elkarrizketak sustatzea helburu» duten lanetan ere indar berezia egingo duela.

Aurrera begirako prozesu gisa aurkeztu ditu urratsak erakundeak. Gatazkaren ondorio guztiak gainditzea duela norabidetzat, eta hor kokatzen dituela, besteak beste, bai erakunde armatuaren desarmatzea, bai euskal preso zein iheslarien etxeratzea.

Hori beteta, konfrontazio armatuaren fasea erabat gainditutzat joko luke ETAk. Gatazka politikoaren konponbidea egiteke geratuko litzatekeela dio, baina hori eragile politiko eta sozialen esku geratuko litzatekeela.

Hain zuzen, esan du berari ez dagokiola gai politikoei buruzko erabakiak hartzea. Ezker abertzaleko antolakundeei eta militanteei dagokiela «lidergoa hartu eta fase honetan askapen prozesua bideratzeko ardura». Areago, bere «ikuspuntua edo ekarpena» egingo duenean, beste inor ordezkatu gabe eta beste inoren lanak bere gain hartu gabe egingo duela ziurtatu du.

Urkullu, konpromiso eske

ETAren agiriaren berri izan aurretik, hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erakunde armatuari. Urkulluk esan du lehen armak zigilatu ostean berak «hartu beharreko arrisku guztiak» hartu zituela; ETAk «konpromiso bat» zuela, eta ez zuela bete.

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak, berriz, «ekarpen positiboak» eskatu zizkion Urkulluri, haren hitzen ondoren. Arraizen ustez, ETAk adierazia du armagabetzeko konpromisoa beteko duela, baina horretarako erakundeak dituen zailtasunak kontuan hartzeko esan dio Urkulluri.

Informazio osagarria

Publizitatea