Konponbideari begira

Berriak

Bitartekariek «aurrerapausoak» espero dituzte urtea amaitu aurretik

Horretarako «borondatea» dagoela egiaztatu dute eragile politikoekin eginiko bileretan. Urratsak noren aldetik etorriko diren ez dute zehaztu Powellek eta McGuinnessek
Martin McGuinness eta Jonathan Powell, herenegun eginiko bilera batetik irten ostean.
Martin McGuinness eta Jonathan Powell, herenegun eginiko bilera batetik irten ostean. LUIS TEJIDO / EFE

2014-07-18 / Jokin Sagarzazu

Jonathan Powell eta Martin McGuinness nazioarteko bitartekariak sinetsirik daude urtea amaitu baino lehen «aurrerapausoak» izango direla bake prozesuan, horretarako «borondatea» ikusi dutelako. Hori ondorioztatu dute Euskal Herrira eginiko azkeneko bisitan hainbat eragile politikorekin bildu ostean. Ez dute zehaztu, baina, noren aldetik etorriko diren urrats horiek.

Lokarriren bitartez zabaldutako ohar labur baten bidez egin dute iragarpen hori. Powellek eta McGuinnessek zehaztu dute ez direla inori ezer esatera etorri Euskal Herrira. Aitzitik, azaldu dute «prozesuaren nondik norakoez eta hurrengo pausoez» galdetu dietela eragileei, eta jasotako erantzunekin baikor azaldu dira.

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako burua eta EAJko, Sortuko, PSE-EEko, Geroa Baiko eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak bildu dira Powell Erresuma Batuko gobernuburu ohi Tony Blairren kabineteburu izandakoarekin eta McGuinness Ipar Irlandako lehen ministrorde eta Sinn Feineko buruzagiarekin. PPk uko egin dio nazioarteko bitartekariekin biltzeko gonbidapenari.

«Gurekin biltzeko prest agertu diren buruzagi politikoekin hitz egin ondoren, ziur gaude 2014an, hauteskunde kanpainaren aurretik, aurrerapausoak emateko borondatea dagoela», ondorioztatu dute bitartekariek, 2015eko udal eta foru bozak aipatuz.

Horrekin batera, Powell eta McGuinness prest agertu dira «erabilgarria den edozein modutan» laguntzeko; horren harira, jakinarazi dute «jarraipen talde bat osatzea» proposatuko dietela Aieteko Adierazpenaren sinatzaileei —talde horren sorrera aurreikusita zegoen adierazpenaren bosgarren eta azken puntuan—.

Sortu, baikor; EAJ, isilik

Otsail amaieran izan zen azkenekoz Powell Euskal Herrian. Orduan, ETAren armagabetze sinboliko baten berri eman zuen Ram Manikkalingam Egiaztatze Batzordeko zuzendariak, Bilbon. Handik lau egunera, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten batzordeko hiru kidek. Hurrengo egunean bildu zen Powell euskal eragileekin.

Orduan ez bezala, Iñigo Urkullu lehendakaria ez da bildu harekin —Madrilen ere izan zen Urkullu, bitartekariak babesten—. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak argudiatu duenez, ez du gonbidapenik jaso, eta biltzeko beharrik ere ez du ikusi; otsailetik ez baita «ezer garrantzitsurik» gertatu. Nolanahi ere, Jonan Fernandezek parte hartu du bilera sortan, Eusko Jaurlaritzaren izenean. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar ere bildu da Powell eta McGuinnessekin. Baina ez Jaurlaritzak eta ez EAJk ez dute iritzirik eman han hitz egindakoari buruz. Bai, ordea, Sortu, PSE-EE eta Gero Baik.

Sortuk analisi baikorra egin du bilerei buruz. Pernando Barrenak esan du bere alderdiak prestasun osoa agertu duela lanean jarraitzeko, eta alderdien artean «aldez aurreko baldintzarik gabeko» elkarrizketak izan daitezela eskatu du. «Aurreko baldintzarik gabeko elkarrizketa politikoen garaia da; Sortuk konpromiso partekatuak nahi ditu EAJrekin». Horren harira, ukatu egin du Erkoreka esandakoa: adierazi du ezker abertzaleak ez duela konpromisorik EAJrekin bakegintzaren alorrean eta, beraz, gezurra dela bete ez dituela.

PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek, berriz, esan du alderdi sozialistak bitartekariei eskatu diela ETAren eta presoen aurrean «irmo» agertzeko eta ezker abertzaleari «ausardia» eskatzeko. Bitartekarien bisita «tramitetzat» jo du Pastorrek: «Denontzat ezaguna den egoera bat baieztatzera etorri dira».

Antzera mintzatu da Geroa Baiko kide Uxue Barkos. Esan du bake prozesuan «berritasunik ez» dagoela eta «zaila» dela halakorik izatea ETAk urratsik egiten ez badu. Espainiako Gobernuari ere egotzi dio pausorik ez ematea.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere mintzatu da bitartekariei buruz. Haien egitekoa kritikatu eta ezbaian jarri du. Esan du haien lana «ETAk kutsatuta» dagoela.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarentzat, berriz, Polizia eta Guardia Zibilak dira «egiaztatzaile bakarrak». «Aski da haiekin». Espainiako Gobernuaren jarrera «oso argia» dela azpimarratu du, eta berretsi du ETA desegin arte «lanean» jarraituko dutela. Horren harira, gogoratu du 102 pertsona atxilotu dituztela hiru urtean, ustez ETArekin lotura dutelakoan. Azkena, atzo: Jokin Aranalde iheslaria, Baionatik gertu.

Publizitatea