Konponbideari begira

Berriak

Aieteko bidea babestu dute Uruguain,«bake justua» lortzeko

Uruguaiko politikari eta gizarte eragile ugarik topaketa egin dute parlamentuan, eta gatazkaren konponbidea eskatu dute

2014-06-07 / Edurne Begiristain

Euskal Herriko konponbide prozesuari atxikimendua agertu diote Uruguaitik. Aieteko Adierazpenak bi urte eta erdi beteko dituenean, aldarri haren lekukoa hartu dute Uruguaiko politikari eta gizarte zibileko ordezkari ugarik. Hain zuzen, Aieteko bidearen baliagarritasuna eskatu dute, bide orri «egokia» delako soluziobiderako. Adierazpen horri bultzada emanez, Euskal Herrian bake «justu eta iraunkorra» lortzeko urratsa egin nahi dute.

Uruguai topaketa Euskal Herriko bakearen alde izeneko jardunaldiak egin dituzte Uruguaiko Parlamentuan, eta han agertu diote babesa Euskal Herriko konponbide prozesuari. Uruguaiko Parlamentuko presidenteak, Euskal Herria euskal etxeak, Uruguaiko Unibertsitate Ikasleen Federazioak, Lokarrik eta Nazioarteko Harreman Taldeak antolatuta egin dituzte topaketak. Aieteko Adierazpena babestu dute, besteak beste, Uruguaiko Gobernuko hiru ministrok. Gainera, Uruguaiko Parlamentuan ordezkaritza duten lau alderdietako ordezkariek bat egin dute euskal gatazkaren konponbidearekin: Frente Anpliok, Partido Nacionalek, Partido Coloradok eta Partido Independientek, hain zuzen.

2013ko urriaren 17an, Aieteko Konferentziak bigarren urteurrena bete zuen egunean, Mexikoko ospe handiko hainbat pertsonak Euskal Herriarentzako Bakearen Aldeko Kontinenteko Topaketa egin zuten. Hain zuzen, topaketa haren «oinordekoa» da Uruguain egindakoa, eta, han gertatu zen bezala, konpromisoa hartu dute Aieteko bide orria bete dadin lan egiteko.

Uruguaiko adierazpena sustatu dutenek txalotu egin dute Nazioarteko Harreman Taldeak eta Egiaztatzaileen Batzordeak egindako lana, eta egiaztatze lanean engaiatzeko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei, ETAren desarmatzea modu «adostuan, baieztagarrian eta ordenatuan» egin dadin. Alde horretatik, ontzat jo dute Foro Sozialaren lana, eta han adostutako gomendioak abian jartzeko eskatu dute.

Amaiurrek txalotu egin du

Amaiurrek pozez jaso du Uruguaiko Parlamentuak gatazkaren konponbideari emandako babesa. Onintza Enbeita Amaiurreko diputatuak azpimarratu du «gero eta argiago» geratzen ari dela Espainia eta Frantzia bakarrik geratzen ari direla. «Euskal Herrian gertatzen ari dena ulertzen ez duten munduko bakarrak dira», salatu du.

Publizitatea