Konponbideari begira

Berriak

Euskal iheslari politikoek sorterrira itzultzeko lehen urratsari ekin diote

'Herria dugu arnas' lelopean elkarretaratu dira 80tik gora iheslari politiko Lapurdin, Arrangoitzen, itzuleraren berri emateko Erran dute herriaren esku dagoela bueltatze mailakatua «zentzuzko epean» antolatzea
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren agerraldia, atzo, Arrangoitzen (Lapurdi). Iheslariek sorterrira itzultzeko lehen urratsa iragarri zuten.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren agerraldia, atzo, Arrangoitzen (Lapurdi). Iheslariek sorterrira itzultzeko lehen urratsa iragarri zuten. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2014-03-23 / Aitor Renteria

Ilusioz beterik eta itxaropentsu jakinarazi zuten euskal iheslari politikoek sorterrira itzultzeko lehen urratsari ekin diotela. Adierazpena Lapurdin egin zuten, Arrangoitze herrian, laurogei iheslarik baino gehiagok, Herria dugu arnas lelopean. Aitzinean, joan den ekainean izendatu zituzten mintzaideak izan ziren. Euskal Herriak luzaz pairatutako gatazka politikoak eta haren ondorioek konponbidea behar dutela erran zuten, eta konponbidearen aldeko urratsak egiteko garaia dela azpimarratu: «Euskal Herriaren geroari itxaropenez eta ilusioz begiratu nahi diogu, inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez dezan». Idoia Espiasek eta Jon Irazolak irakurri zuten adierazpena, lehenik frantsesez eta ondotik euskaraz.

EIPKren helburua, garatu beharreko prozesu demokratikoaren barnean, erbestearekin behin betiko bukatzea dela adierazi zuten mintzaideek. Bakeak eta konponbideak «etsaiak» dituztela erran zuten. Traba horiek guztiak gainditzeko iheslarien kolektiboa bidea egiten ari dela azaldu zuten mintzaideek. Gogoratu zuten joan den ekainean Miarritzeko Irati gelan Herria Dugu Arnas ekitaldian iheslariek plazaratu zuten bide orria.

Egindako ekarpena gatazkaren konponbide orokorraren barnean kokatu zuten iheslariek. Orain, plazaratutako egitasmo hura egituratu eta gauzatzeko ordua heldu dela deritzote: «Zentzuzko denboran iheslari guztien sorterriratze mailakatua egiteko».

Hastapeneko urratsa

«Argi dago Frantziak eta Espainiak oraindik ez dutela bat egiten guztiok irabaziko genukeen prozesu demokratiko baten egituratzearekin», erran zuten. Euskal Herria, errepresioaren eta bortizkeriaren bidez, iraganean bizitzera kondenatu nahi dutela deitoratu zuten iheslariek. Alta, Euskal Herrian eta nazioartean ere konponbidea erdiesteko indarrak biltzen ari direla jakinarazi zuten: «Egiten diren urratsak atzeraezinak izan daitezen eta aukera berriak ireki ditzaten».

Gatazkari konponbide orokorra ematea nahi du herriak, iheslarien aburuz. Askatasunean bizitzeko nahia etengabe adierazten dela azaldu zuten. Ildo horretan segitzeko, urratsak egitea eskatzen du egoerak. Konponbidearen norabidean eta Euskal Herrian berean kokatzen dituzte urratsak iheslariek, urrats horien oinarria delarik euskal herritarrek konponbiderako duten nahia eta beharra. Bide hori herritarrekin batera egin behar dela nabarmendu zuten.

Konponbiderako ekarpena plazaratu zutenetik bederatzi hilabete pasatu dira, eta hainbat bilkura egin dituzte eragile sozial eta politikoekin. Harreman horietatik babes handia jaso dutela jakinarazi zuten: «Horrela, ekainean plazaratu genuen bide orria gauzatzen hasteko erabakia hartu dugula jakinarazi nahi diogu Euskal Herriari».

Zailtasunak gaindituz

Iheslariek azpimarratu zuten kolektiboaren izaera aniztuna, eta aitortu horrek —erraterako, munduan sakabanaturik egoteak— eragiten dituen zailtasunak. Horrek, bertzeak bertze, eragozten du iheslari guztiak sorterrira itzuli ahal izatea. Aukera ematen duten egoerei gaurdanik soluzioak ematen hasteko hautua egin dutela erran zuten, eta gaineratu adierazpena zabaldu zuten momentutik ikusiko ahalko direla berriro «sorterriko plazetan». Engaiamenduz beteriko urratsa dela azaldu zuten. Izan ere, lehen iheslarien itzulera lehen urratsa baino ezin daiteke izan, atzo elkarretaratuen aburuz, azken iheslaria sorterrira itzultzea lortu arteko bidean.

«Guztion artean lortu behar dugu azken iheslaria etxeratzerainoko dinamika iraunkor eta sendo bat sortzea». Konponbide prozesua garatzean, ezinbestean, preso eta iheslari guztiek etxeratu behar dutela berretsi zuten.

Estatuen jarrerak suposatzen duen blokeo eta eragozpena indartsua dela jakinik ere, horien gainetik «ilusioz eta indarrez» aitzina egiteko mezua helarazi zioten Euskal Herriko gizarteari. Hasitako prozesua bururaino joatea nahi duten indarrak gero eta handiagoak direla erran zuten: «Herritar bakoitza da askatasunerako giltza».

Bidea egiteko unean eragile ugariren sostengua dutela diote iheslariek. Ihesean eta erbestean, Euskal Herrian, Frantzian eta mundu zabalean, milaka herritarrek sostengatu izan dituzte iheslariak hamarkadatan. «Aske izateko joan ginen, eta aske izateko hasi gara itzultzen, denok izan gaitezen libre. Herritarrekin prozesua bultzatuko dugu».

Publizitatea