Konponbideari begira

Berriak

Aieteko bideari «nazioarteko beste bultzada bat» eman diote Mexikon

«Blokeo egoera» gainditzen laguntzeko prest azaldu dira Euskal Herriko Bakearen Aldeko Kontinenteko Topaketan Latinoamerikako hamabi presidente ohi eta bi Nobel saridun daude sustatzaileen artean
Euskal Herriko Bakearen Aldeko Topaketan parte hartu zuten hizlariak, atzo, Mexiko Hiriko museoan.
Euskal Herriko Bakearen Aldeko Topaketan parte hartu zuten hizlariak, atzo, Mexiko Hiriko museoan. BERRIA

2013-10-18 / Iñigo Bilbao Sagastiberri - Berriemaile berezia

Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako prozesua «blokeatuta» dago, gaia gertutik jarraitzen duten Euskal Herriko zein nazioarteko adituen hitzetan. Horixe ikusi dute Latinoamerikan ere, eta desblokeatzeko saioan murgildu dira. Ospe handiko hainbat pertsonak Euskal Herriarentzako Bakearen Aldeko Kontinenteko Topaketa egin dute Mexiko Hirian, Aieteko Konferentziak bigarren urteurrena bete duen egunean. Hain zuzen, Aieteko Adierazpenaren baliagarritasuna aldarrikatu dute, eta bide orri hori bete dadin lan egiteko konpromisoa hartu dute.

Ekitaldia Latinoamerikan bakearen eta giza eskubideen alde diharduten bost erakundek eta Lokarrik antolatu dute, eta hemezortzi pertsona ezagunek bere egin dute lana aurrera eramateko ardura. Horien arteko hamabi beraien herriko presidente izanak dira; Guatemala, Ekuador, Bolivia, Txile, Paraguai, Uruguai eta Kolonbiako presidente izanak dira, hain zuzen. Bik Bakearen Nobel saria dute, bat Unescoko zuzendari nagusia da, eta gainontzekoak senatariak edo ministro ohiak dira.

Aieteko Adierazpena publikoki sinatzea da egin duten lehen gauza, eta, Miguel Alvarez Serapaz elkarteko kide eta topaketetako antolatzaileak ekitaldian jakinarazi duenez, ez da egingo duten ekitaldi bakarra izango. Aieteko Adierazpena babesteko sinadurak biltzeari ekingo diote Latinoamerikan zehar. Euskal Herriko gatazka konpontzen laguntzeko konpromisoa ere hartu dute. Horretarako, babes bila arituko direla jakinarazi dute, eta bestelako ekinbideak ere egingo dituztela. Colombianos por la Paz taldeko eta Poder Ciudadano mugimenduko kide Piedad Cordobak, esaterako, atzoko bilkuran bertan egin zuen Mexikon egindako konferentzia horren antzekoa Kolonbian egiteko gonbita.

Alberto Spektorowski izan zen Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako prozesua zertan den argien azaldu zuena. Normalizazioa errazten laguntzeko sortu zen Harremanetarako Nazioarteko Taldekoa da, eta buru-belarri sartua dago konponbidea sustatzeko lanean. Taldeak duela bi urte lehentasuntzat ezarri zituen bi alorrak ezker abertzalea legeztatzea eta ETAk borroka armatua bertan behera uzteko plazaratu zuen erabakia egiaztatzea izan zela azaldu du.

Eta, egun egoera «blokeatuta» ikusten duen arren, bi urteotan asko aurreratu dela dio: batetik, Egiaztatze Batzordean eta Espainiako Barne ministroak berak egiazkotzat eta atzeraezintzat jotzen dutela ETAren erabakia, eta, bestetik, Sortu legeztatuta egonik, sentsibilitate guztiek dutela politikan aritzeko aukera.

Euskal Herrian egiten ari den «eraldaketaren» zati bat besterik ez da hori Spektorowskiren ustez, eta, hala ere, «bakerako aukera» sortu duela.

Baina oraindik egiteko «asko» dagoela ohartarazi du: «Espainiako Gobernuak ez dio erantzun ETArekin desarmeaz eta presoez hitz egiteko deiari». Eta ez du jarrera hori ulertzen: «Normalena urteetako gatazka amaitzeko aukera aprobetxatzea litzatele baina ez dirudi horretarako asmorik duenik». ETAren aurkako polititika eta espetxe politika bere horretan mantentzen dituela du horren erakusgarri. ETAk ere, ez duela desarmerako urratsik egin ohartarazi du.

Ondorioa argi du adituak: «Zailtasun handiak daude prozesua egonkortzeko. Blokeo unean gaude eta ez badira urratsak egiten ezin da aurrera egin». Egoera «desblokatzeko» esperantza du, halere, eta atzoko bilkura hartarako modua dela azaldu zuen: «Hemen gaude uste dugulako prozesuak beste indar bat behar duela nazioartetik eta gizartetik». Espainiari zerbait «ulertarazten» ere lagundu nahi du: «Bakeak ezin dituela garaileak eta garaituak izan; Espainia ez dela gure etsaia eta euskal herritarrena ere ez; eta haien alboan, aparte, bizi daitezkeela, hala nahi badute».

Eskaera zuzena ere egin zion Espainiako Gobernuari: konponbiderako lehen urrats bat, «keinu» bat behintzat egin dezala; presoak hurbildu ditzala. «Gobernuarentzat ez da prezio handia eta horrek desarmea gauzatzen lagunduko luke. Amaierako bidean ginateke, beraz».

Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak gizarteari entzuteko eskatu zien bai ETAri bai Espainiako Gobernuari. «Elkarri begira egon ordez, gizarteak behar duenari begiratu diezaiela».

Uneotan «oztopo asko» daudela baieztatu zuen Riosek ere. Baina orain arte «asko aurreratu» dela berretsi, eta oztopoak gaindituko diren esperantza azaldu zuen. «Hemen eta orain dugu aukera. Baliatu behar dugu, ez baitakigu gero izango dugun aukera hau».

Adituek sinatutako manifestua irakurri zuen Cuauhtemoc Cardenas Centro Lazaro Cardenas y Amalia Solorzanoko kideak. Aieteko bide orriaren baliagarritasuna aldarrikatu, eta ETA eta gobernuei presoen kaleratzea eta desarmea adosteko eskatu zien. Konponbiderako konpromisoa plazarat zuen, eta «bake justu eta iraunkorra eraikitzen inplikatzeko» eskatu zien «alde guztiei».