Konponbideari begira

Berriak

Munduko alkateek bake konferentzia bat egingo dute Donostian urrian

Hiroshiman, Bakearen Aldeko Alkateen batzarrean aurkeztu du egitasmoa Izagirrek, Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko Udalerrietan gatazken konponbidean egindako lanaren berri emango dute
Juan Karlos Izagirre Hiroshimako alkate Matsui Kazumirekin, atzo.
Juan Karlos Izagirre Hiroshimako alkate Matsui Kazumirekin, atzo. BERRIA

2013-08-04 / Jokin Sagarzazu

Urriaren 10ean eta 11n Donostian egingo den bake konferentzia batean parte hartuko dute nazioarteko hainbat alkatek eta udal ordezkarik. Majors for Peace (Bakearen Aldeko Alkateak) erakundea Hiroshiman (Japonia) egiten ari den zortzigarren Batzar Nagusian aurkeztu du egitasmoa Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako hiriburuko alkateak. Batzartoki hori baliatu du Izagirrek han bilduta dauden alkateak egitasmoan parte hartzera gonbidatzeko.

Building Peace from the Local Domain (Herri agintaritzetatik bakea eraikiz) izenburua izango du konferentziak, eta Aieteko Bakearen Etxean eta Kursaal jauregian egingo da. Lau mintegi egingo dituzte denera. Biltzar horietan izango dira gatazken konponbide prozesuetan parte hartu duten hainbat aditu, eta, haiekin batera, beren ikuspuntua emango dute nazioarteko alkateek, eta beren herrietan konponbidearen eta bizikidetzaren alde egindako lanak azalduko dituzte. Parte hartzaileei harrera egin, eta konferentzia irekiko dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

BERRIAk jakin duenez, gonbidatuen artean daude, besteak beste, hogeita hiru hiri hauetako alkateak eta udal ordezkariak: Dyarbakir (Kurdistan), Ramala (Palestina), Sahara, Belfast (Irlanda iparraldea), Durban (Hegoafrika), Bogota (Kolonbia), San Salvaldor (El Salvador), Habana (Kuba), Rosario (Argentina), Caracas (Venezuela), Mexiko DF, Montevideo (Uruguai), Oslo (Norvegia), Anberes (Flandria), Geneva (Suitza), Berlin (Alemania), Naoned (Nantes, Bretainia), Erroma eta Venezia (Italia), Londres (Ingalaterra), Edinburgo (Eskozia), Bartzelona (Herrialde Katalanak) eta Hiroshima (Japonia).

Donostiako Udalak antolatu du konferentzia, eta, Izagirrek azaldu duenez, egitasmoaren helburua da Euskal Herriko bake prozesuari bultzada ematea. Alor horretan udalek lan handia egin dezaketela azaldu du, eta urrian egingo den konferentzia Euskal Herrian abian diren udal egitasmoentzako «inspirazio iturri» izango dela nabarmendu du. «Gure helburua da nazioartean eta udaletan egin diren askotariko esperientziak baliatzea herrien bakerako eskubidea lortzeko bidean aurrera egiteko».

Munduko 5.712 udaletako ordezkarik osatzen dute Bakearen Aldeko Alkateen sarea. Donostiaz gain, elkarteko kide dira Euskal Herriko Gernikako, Abantoko eta Muskizko udalak. Lau urtean behin egiten dute batzarra eta, orduan, kontinente guztietako alkate eta gobernuetako ordezkariak biltzen dira. Atzoko saioan, besteak beste, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki Moonek hitz egin zuen.

Bigarren Mundu Gerran Hiroshimako eta Nagasakiko bonbardaketetan hildako biktimei lore sorta bat eskainiz hasi zuten batzarra, eta asteartera arte iraungo du. Izagirrek gaur hartu du hitza 13:45ean —Euskal Herrian, 06:45—, tokiko politiken eta ekinbideen alorrean. Donostiako alkateak Euskal Herriko gatazkari buruz hitz egin du, eta azaldu du zer egiteko betetzen ari den Donostia bake prozesuan. Han bildutakoei 2011ko urriko Aieteko Konferentziaren berri eman die, eta aurrera begira udalak zer asmo dituen azaldu du; urriko konferentzia, kasurako. Izagirrek azaldu du, bake akordioez gain beharrezkoa dela herritarrek prozesuan parte hartzea bakea «iraunkorra» izan dadin , eta udalek hori sustatu behar dutela azpimarratu du.

Publizitatea