Konponbideari begira

Berriak

EIPKren ekitaldia Miarritzen. 'Herria dugu arnas'

Konponbidean eragile aktibo izateko borondatea zabaldu dute iheslariek

Euskal errepresaliatuak etxera itzultzeko garaia dela erran dute iheslariek Miarritzen, eta eskuetan dutena egiteko prestasuna azaldu Salbuespen neurriak indargabetzeko edo berraztertzeko garaia dela plazaratu dute
Ehun iheslari politiko inguru igo ziren oholtzara, eta txaloz eskertu zuten jasotako sostengua.
Ehun iheslari politiko inguru igo ziren oholtzara, eta txaloz eskertu zuten jasotako sostengua. GAIZKA IROZ

2013-06-16 / Aitor Renteria

Euskal Iheslari politikoek eragile aktiboa izan nahi dute gatazkaren konponbidean, eta euskal errepresaliatuak etxera itzultzeko garaia dela jakinarazi dute. Mukuru beterik zegoen Miarritzeko Irati gela, Elkartasun Hatsa ekitaldiaren bukaeran ehun iheslari inguru oholtzara igo zirelarik eta haien ekarpena zabaldu zutelarik lau haizeetara. Ordurako, oren bateko testigantzak begirada sakona, sentibera egin zion azken hogeita hamar urteotako bizipenei. Iheslariek argi adierazi dute haien arazoa ez dela konpontzen egoera pertsonala zuzenduz, baizik eta ihes egitera bultzatu zituzten arrazoiak gaindituz.

«Ez dadila pertsona bakar bat ihes egitera beharturik izan etorkizunean, eta guk egin dugun bidea pairatzera», erran zuen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren izenean Jon Garmendia Txuria-k. Konponbidearen ildoan, haien eskuetan dagoena egiteko prestasuna dutela iragarri zuen.

Gatazkaren arrazoiak politikoak direla berretsi zuten, 30 urteko testigantzak biltzen zituzten bideoen bidez. Lekukotasun horiek argi erakutsi zuten euskal iheslari politikoek pairatutako egoera eta errepresioa hamarkada luzetan.

1. Salbuespen neurriak

Urratsak egin ahal izateko borondatea behar dela erran zuten. Horregatik, salbuespen neurriak indargabetzeko edo berraztertzeko ordua dela erran zuten. Tortura bidezko aitorpenetan oinarritutako prozedura judizialak eta horietatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak bertan behera geratzeko eskatu zuten, estatuei mintzo relarik. Iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak eta horietatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak bertan behera geratzeko.

Bigarrenik, legedi arruntean oinarritutako arauetan artxibatuta edo zigor gabeturik egon beharko luketen prozedura judizialak bertan behera geratzeko eskatu zuten. Azkenik, munduko hainbat herrialdetan deportatuta eta konfinatuta dauden euskal herritarren mugimendu askatasuna bermatzeko eskatu zuten.

Oholtzara igo ziren iheslarien argazkiak kadira huts bat zuen, ekitaldi horretan presente egoterik ukan ez dutenentzat. Iheslariek kolektiboaren agerraldi guztietan kadira hori horrela agertuko dela jakinarazi zuten. Izan ere, euskal iheslarien kolektiboa plurala da, bizipen eta errealitate anitzez osaturikoa. Batzuk Irati gelan egoteko parada ukan zuten, baina bertze hainbatek ez, Espainiak eskaturik Frantziak deportatu dituelako Amerika edo Afrikara, edota klandestinitatean bizi behar direlako. Horien egoera ere aztertu eta bideratu beharko dela jakinarazi zuten.

2. Duintasuna

Gatazka gainditzeko eta konponbidea eraikitzeko bideak duintasuna eskatzen du eta, bereziki, larrialdi egoerei ahalik eta lasterrena ihardesteko. Horregatik, Euskal Herriarekin eta erakunde ororekin partekatu nahi izan zituzten giza eskubideen eta bizi duintasunaren alorrean lehentasunez egin behar diren urratsak. Horien artean, honako hauek aipatu zituzten: larriki eri dauden iheslarien zerrenda osatzea eta haien egoera konpontzeko bideak aztertzea; bazterketa egoeran dauden iheslarien duintasuna ziurtatzeko neurriak hartzea eta, azkenik, iheslari guztien etxeratzean laguntzea.

3. Herriari mintzo

Joan den asteazkenean iheslarien kolektiboak mintzaide taldea aurkeztu zuen. Garmendiak azaldu zuen urrats hori ez zutela egin Espainiako eta Frantziako gobernuak haiekin mintza daitezen. Iheslariek Herria dugu Arnas izeneko gogoeta-ekimena burutu dutela jakinarazi zuten, «herriak eramango gaituelako etxera eta guk herriarekin mintzatu behar dugulako».

4. Kontaketa eta egia

«Gatazkaren konponbidean, modu partekatu batean eraiki nahi dugun jendarte demokratiko berriaren mesedetan egin beharreko kontaketan eta konponbide sozialean, iheslariok pairatutako desagerpenak, erasoak eta hilketak argitzeko exijitzen dugu». Iheslariak egia hori azalarazteko prest daudela erran zuen Lurdes Mendinueta iheslarien mintzaideak. «Konponbide garaia da, Euskal Herriaren geroari itxaropenez begiratzeko eta berriro ere inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez izateko. Gizon-emakume librez osaturiko herri librea egitera goaz.».

Ekitaldian parte hartu zuten urte luzeetan iheslariei laguntza eman dieten eragile eta pertsonek. 1936ko gerratik hasi eta egundaino, iheslariek pairatu dituzten egoerak aipatu zituzten Bixente Garcia, Dominika Agerre eta Ane Marie Grenierrek. Gerra zikina, Triple A, Batallon Vasco-Español eta GALen eskutik, baina baita atxiloketa eta kanporatze masiboak, deportazioa, estradizioak edo berehalako Espainia- ratzeak.

Informazio osagarria

Publizitatea