Konponbideari begira

Analisiak

Handik eta hemendik

Aieteko balkoia

 

2013-06-02 / Imanol Murua Uria

Ez da gauza bera Aieteko balkoiko argazkian Kofi Annan, Bertie Ahern, Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe eta Jonathan Powell agertzea, edo Maitena Thicoipe, Maialen Lizarralde, Andy Carl, Peio Dufau eta Paul Rios agertzea. Ez gaizki ulertu. Kontua ez da Foro Soziala gutxiestea, batzuetan izen handirik gabe oihartzuna eta eragina lor daitezkeela nabarmentzea baizik.

Beste testuinguru batean, Lokarri eta Bakean Bidea elkarteek konponbideaz jardunaldiak antolatu, ondorioak aurkezteko prentsaurrekoa eman, kazetari gutxi batzuek informazioa jaso eta kito, horretara mugatuko litzateke Foro Sozialarena. Ez da horrela izan, ordea. Formalki ez baina praktikan bai, Aieteko Konferentziaren lekukoa hartu du Foro Sozialak. Garrantzitsuena ez da nazioarteko adituek eta Foroko beste parte hartzaileek zer proposatu duten, baizik eta proposatu duten hori konponbide prozesuan zer esana duten eragile esanguratsu batzuekin adostu bide dutela aurretik. Eta pauso horiek emateko aterkia eskatzen dietela. Aieteko Konferentziak egin zuena, baina formatu txikian.

Aieteko Konferentziakoek ETAri hau eta gobernuei hura eskatu zietenean, mundu guztiak susmatzen zuen Kofi Annanek eta abarrek eskatutakoa beteko zuela erakunde armatuak. Zalantzan, garai hartan, beste aldearena zegoen: zer neurritaraino zegoen lotua, edo bideratua behintzat, Madrileko eta Pariseko Gobernuek espetxe politikan mugimenduak egitea edo ETArekin elkarrizketa prozesua zabaltzea. Ezkorrenek bakarrik uste zuten urte eta erdi geroago gauden egoeran egongo ginela, Aieteko jauregiko balkoian eskuarekin agur eginez agertu ziren mandatarien itzalak hain eraginkortasun eskasa izango zuela.

Behin Aietekoa ikusita, errazago interpreta daiteke oraingoa. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak adierazia du Foro Sozialarekiko sintonia. Kartzeletako mintzakide izendatuek foroan parte hartu ahal izateko kartzelatik atera zitzaten eskatu zuten, ez baimena ematea espero zutelako, foroari keinua egin nahi ziotelako baizik. EPPKren kanpoko mintzaideek hartu zuten parte azkenean eta, orain, ez litzateke ulertuko Foro Sozialaren eskaerei erantzungo ez balie Kolektiboak.

Armagabetzearen auziarekin gaizki ulertzeren edo desadostasunen bat izan zuen ETAk Su-etena Egiaztatzeko Batzordearekin. ETAri desarmatzearen arloan pausoak ematea eskatzen ari zitzaiola ulertu zitzaion Ram Mannikalimgani Euskal Herrira egin zuen azken bisitan, eta gai horretan egiaztatzaileen batzordeak zer esanik ez duela erantzun zion erakundeak hurrengo agirian. Gai hau bideratzeko ahalegina ematen du Foro Sozialaren gomendioak: egitura armatuen desegitearen diseinua egitea erakunde independente baten laguntzarekin. Ez litzateke harrigarria izango ETAk formula honi oniritzia ematea.

Eta beste aldea? Zaharrak berri, itxura batean. PSE-EEri ulertu zaio estimatzen dituela Foroaren proposamenak, interesgarria iruditzen zaiola ezker abertzaleak, oro har, bat egitea irizpide horiekin. Ez du Jesus Egigurenek esan, Rodolfo Aresek baizik. Giltza, ordea, PPk du. Eta Mariano Rajoyren gobernuak eta alderdiak harkaitza baino egoskorrago jarraitzen duten bitartean, blokeoa ez da hautsiko, foroaren ekimenak mugimendua eragin nahi duen arren, eta mugimendu batek bestea ekar dezakeen arren.

Aieteko balkoiko aste honetako argazkiak hori ere esaten digu. Rajoy presoak gerturatzeko eta konponbidearen aldeko neurri gehiago hartzeko prest dagoela jakin balute Aieteko sukaldean ari direnek, balkoian ez lirateke atera direnak aterako. Jaka eta gorbata gehiago ikusiko genituzke argazkian.

Publizitatea