Konponbideari begira

Berriak

Bake prozesua indartzeko gizarte foroa. Gomendioak

Bide berrien xerka

Formula berriak saiatzeko eskatu du Gizarte Foroak, ausardiaz jokatzeko eta aldebakarreko urratsak egiteko. EPPK-k eta ETAk begi onez ikusi dituzte orain arte antzeko foroek egin dizkieten gomendioak.

2013-05-28 / Jokin Sagarzazu

Gomendioak dira. Konponbide prozesuak egun bizi duen «blokeo eta zailtasun momentua» gainditzeko. Orokorrean, eragileak ez dituzte zuzenean interpelatzen. Baina gai batzuetan zehaztuta daude, ezinbestez. Aldebakarreko urratsak emanez blokeoa nola gainditu iradokitzen dute. Gobernuei zuzentzen zaienean, adibidez, justizia trantsizionala aipatzen dutenean. Baina gobernuek ez dute bide horretan sakondu nahi. Eta uler daiteke ez dituztela Gizarte Foroaren eskaerak aintzat hartuko.

Beste kontu bat da foroa begi onez ikusi duten eragileen jarrera. Tartean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarena eta ETArena. Honela mintzatu zen Lorentxa Gimon EPPK-ko mintzakidea BERRIA-ri martxoan eskainitako elkarrizketan: «Interes handiz eta espektatibaz begiratzen diogu ibilbideari, Foro Soziala antolatzeari eta hortik ondorioztatuko diren lan ardatzei (...) Gu ere hor kokatzen gara: bide hori sakontzeko prest». Foroaren gomendioen artean, bosgarrenak interpelatzen ditu presoak, eta orain arte eginiko adierazpenei erreparatuz, bide horretan sakontzeko prest egongo lirateke. Indarkeriazko bideei uko egiteari buruz eta egindako minaren aitortzari dagokionez, gogoratu behar da EPPK-k Gernikako Akordioa sinatu zuela, eta testu horretan jada jasotzen direla bi puntu horiek. 2012ko ekainean, berriz, kolektiboko kideek eginiko barne eztabaidaren berri eman zuenean, aipatu zuen gaia EPPK-k, hitz hauekin: «Gatazkak kaltetuak eta biktimak eragin ditu (...) Alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz (...) Hainbeste min eragindako gatazkaren erroak ulertzea, alde bakoitzaren ikuspegiarekin, ezinbesteko eginbeharra izango da».

Presoen kolektiboak ez ezik, ETA ere prest zaldu da urratsak egiteko. Honela mintzatu zen azaroren 15eko data duen agirian: «Konfrontazioak biktima eta kaltetuak eragin ditu. Bake prozesuan ezinbestean jorratu beharreko gatazkaren ondorioa da (...) ETA prest dago gai hau agendan sartzeko, egia eta norberaren erantzukizuna aitortze aldera».

Foro sozialaren bosgarren puntu horrek ere badio presoen itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatu behar dela, integrala izan behar dela, eta era mailakatuan eta banaka gauzatu behar dela. Honela hitz egin zuen Gimonek horri buruz: «Legeek une honetan ez dute irtenbide integrala jasotzen. Nolanahi ere, legeek ematen dituzten aukerak baliatzen ditugu, bai. Ari gara». Eta kaleratze mailakatuei dagokionez, berriz, honako hau esan zuen Xabier Alegriak, elkarrizketa berean: «Forma nahiz epeekin jokatzea ez da gure kezka nagusia baldin eta konponbide plan integral batean gauzatzen bada». Hori gauzatu ahal izateko sakabanaketa amaitzea eskatu zuten.

Iheslarien egoera ere aipatzen du foroak. Iheslarien kolektiboak hainbat urrats egin ditu eta ekitaldi bat deitu dute ekainaren 15erako. Martxoan, berriz, Espainiako kontsulatuak pasaportea eman zien 30 bat iheslariri.

ETAren desarmatzea da foroak askatu nahi duen beste korapiloa, eta talde independenteen esku hartzea eta laguntza eskatu du, gobernuen ezekoaren aurrean. Tartean da Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, baina bere zeregina ez da hori. ETAren jardun armatuaren amaiera egiaztatzeko sortu zen. Era berean, gogoratu behar da ETAren ordezkaritza bat Oslon izan zela urte hasieran, gobernuekin hitz egiteko, baina ez zioten deiari erantzun. ETAk, hala ere, bere erabakia berretsi zuen, martxoan kaleratutako agirian. «ETAk armagabetzearen gaiaz hitz egiteko prestutasuna agertu duela oroitarazi nahi du, gatazkak eragin dituen ondorio guztiak behin betiko gainditzea helburu izango duen elkarrizketa agenda baten baitan». Orain ikusteko dago talde independentea sortuko bada, nola eta noren ekimenez sortuko den.

Informazio osagarria

Publizitatea