Konponbideari begira

Berriak

Bake prozesua indartzeko gizarte foroa. Gomendioak

Hamabi gomendio bake prozesuak bidea egin dezan

Gizarte Foroko ondorioak aurkeztu dituzte Lokarrik eta Bake Bideak, Aieten Egindako mina aitortzeko gomendatu diete presoei, «konponbide integrala» has dadin; estatuei, berriz, sakabanaketa amaitzeko
Maitena Thicoipe, Maialen Lizarralde, Andy Carl, Peio Dufau eta Paul Rios, atzo, Aieten .
Maitena Thicoipe, Maialen Lizarralde, Andy Carl, Peio Dufau eta Paul Rios, atzo, Aieten . JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2013-05-28 / Oihana Elduaien Uranga

Aldeak ez atzera ez aurrera daudela, akuilua sartzeko beste saio bat egin dute Lokarrik eta Bake Bideak. Bake prozesua bultzatzeko, garatzeko eta burura eramateko hamabi gomendio egin dizkiete aldeei. «Desarme eta presoen itzultzerako, giza eskubideen bermerako eta iraganari aurre eginez elkarbizitza eraikitzeko». Aieten egin dute berriro, eta nazioarteko eragileen babesarekin, berriz. Ondorio horiek garatzea, zabaltzea eta zehaztea dute erronka orain, Paul Riosen esanetan. Eta hori guztia, gizartearen parte hartzearekin egin nahi dute.

Parte hartze hori sustatzeko helburuz martxoaren 14an eta 15ean egin zuten foro sozialean atera zituzten ondorioak dira, hain justu, atzo aurkeztu zituztenak. Lokarriko Maialen Lizarralde eta Paul Riosek, Bake Bideko Peio Dufau eta Maitena Thicoipek eta Conciliation Resources erakundeko Andy Carlek aurkeztu zituzten ondorioak, Aieteko Bakearen Etxean, Gandhi aretoan. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiaren babes eskutitz bat ere irakurri zuten.

Gizarte foroan parte hartu zuten nazioarteko eragileen ordezkaritzan hitz egin zuen Carlek. Nabarmendu zuen Euskal Herriko gatazka konpontzeko «modu klasikotik» aparteko bideak urratu behar direla. Izan ere, «modu klasikoa» ezinezkoa da Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako gobernuek uko egiten baitiote ezer negoziatzeari, hitz egiteari eta pausoak emateari.

Horiek hala, prozesuak aurrera egin dezan, lau bloketan aurkeztu zituzten gomendioak: ETAren desegite eta desarmatzerako «prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramateko» bi aholku; preso eta iheslarien itzulera errazteko lau; giza eskubideak bultzatu eta bermatzeko hiru; eta «iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizunaren elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko» egia eta memoria babesteko beste bi.

Gai horiei «modu ordenatuan, eraikitzailean eta erabiltzailean heltzea ahalbidetzeko» adostasuna lortzea ezinbestekoa dela da gizarte foroan atera zuten ondorio nagusia.

Preso eta iheslarien gaia da gomendioetan zehaztasun gehien dituena. «Konponbide integrala» behar dela diote, baina era mailakatuan egin behar dela. «Hasiera puntu modura», gaixorik larri dauden presoak zein zigorra beteta daukatenak askatzeko eskatu dute. Baita sakabanaketa amaitzeko ere. Legeak errealitatera egokitzeko eta justizia trantsizionala martxan jartzeko gomendioak ere eman dituzte. «Prozesu integral» hori martxan jartzeko, bada presoek egin beharreko urrats bat ere, Lokarri eta Bake Bidearen irudiko: «Bake jokaleku berriarekiko konpromisoa agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea», eta «bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortzea». Presoek bake prozesuan «eragile aktibo» izan behar dutela ere badiote, eta iheslariak gizarteratzeko bideak bilatu behar direla.

Bestalde, kontuan hartuta Espainia eta Frantziako gobernuek ETAren desarmearen gaian laguntzeko asmo eta borondaterik ez dutela erakutsi, «erakunde erraztaile independenteen laguntza» sustatzea izan daiteke bidea, Lokarri eta Bake Bidearen iritzian.

Informazio osagarria

Publizitatea