'Begoña Urrozen afera'
Polizia agirien arabera, DRILek hil zuen Begoña Urroz haurra, ez ETAk
1960an Begoña Urroz haurra hil zen atentatua DRILek egin zuela dioten polizia txostenak eskuratu ditu estreinakoz Xavier Montanya kazetariak. Hilketa ETAri leporatzen dion tesia heldulekurik gabe uzten dute agiriek. Igandea gehigarriak gaur argitaratu duen erreportajea da hau.
2013-05-05 / Ainhoa Oiartzabal Azketa
"Frogarik gabe, atentatu kate hori ETAri egotzi izan diote, eta agiri horiek uxatu egiten dute polemika", uste du Montanyak. Eta Espainiako Artxibo Historiko Nazionalak orain desklasifikatu dituen agiriek duten balioari buruz galdetuta, hala erantzun du: "Lehenbiziko aldiz, guk dakigula behintzat, Espainiako agiri ofizial batek argi eta garbi egozten dio DRILi leherketa horien erantzukizuna". Dena dela, agiri hau ez eduki arren, atentatu kate hori DRILi egozteko nahiko informazio bazegoela azpimarratu du, eta bai berak bai beste hainbat kazetari eta historialarik hala idatzi izan dutela. [Afera honen inguruan, 2011ko otsailaren 20an Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajea argitaratu zuen Igandea-k].
Montanyak 2002an jo zuen artxibategira DRILi buruz idazten ari zen Pirates de la llibertat (Empuries, 2004) libururako informazio bila: "Esan zidaten bazirela 1962. urtean eginiko Poliziaren informazio buletinak, baina 50 urte pasa arte ezin zirela kontsultatu". Orain eskuratu ahal izan du Francoren erregimenean informazio gehien maneiatzen zuen Brigada Politiko Sozialak 1961eko otsailean eginiko agiria, non Urroz hil zuten atentatuaren berri datorren.
DRILeko terroristak izenburupean, 1960ko ekainean izaniko atentatuen xehetasunen, horien ostean Madrilen eginiko hiru atxiloketaren eta uztailean Liejan (Belgika) hango Poliziak eginiko beste sarekada baten berri ematen du Poliziaren agiriak. Agiri horretako leherketen datak, ordea, ez datoz bat 1960an Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak prentsara bidali zuen leherketen kronologiarekin: Madrilgo Estacion del Norte geltokiko leherketa ekainaren 26an izan zela jartzen du, eta ez 27an, ministerioak iragarri zuen bezala; Bartzelona-Madril ibilbidea egiten zuen tren furgoian izaniko eztanda, berriz, 27an izan zela dio, eta ez 26an.
Donostiako Norteko eta Amarako geltokietako leherketen datak, Bartzelonako Nord geltokikoa eta Bilboko Atxurikoa, berriz, bat datoz: lehen hirurak ekainaren 27an izan ziren, eta azkena, ekainaren 29an.
Ustezko egileak, Liejan
Liejan atxilotutako "[bederatzi] gizabanako espainiarrak" ekainaren azken egunetan "Espainian izan ziren ekintza terroristen" erantzuleak zirelakoan atxiki zituztela dio Poliziaren dokumentuak. Eta esaten dute atentatu horien ostean eginiko ikerketen ondotik Madrilen "erreserba talde bateko" hiru gizonezko atxilotu zituela Espainiako Poliziak: Angel Martin Ferreras, Jose Luis Rodriguez Rodriguez eta Ernesto Martin Ortiz. Atxilotuak Santiago Martinez Donosorekin harremanetan izan zirela nabarmentzen du Poliziak, eta nola horrek DRIL Askatasunerako Iberiar Direktorio Iraultzailea izeneko taldearen aginduak betetzen zituen.
Baina Poliziaren txostenak argi dio Madrilgo hiru atxilotuek ez zutela harreman zuzenik ekainean izaniko leherketekin: "Ez dira atzeman gure aberrian izaniko ekintza biolentoen arduradun nagusiak, baina hori bai, haietako batzuk identifikatu ziren: Arturo Gonzalez-Mata Lledo eta Reyes Marin Novoa". Buletinaren arabera, ezin izan zituzten atxilotu, atzerrian zeudelako.
Bai Gonzalez-Mata Lledo bai Marin Novoa Belgikako Poliziak —Espainiaren eskariz— 1960ko uztailean Liejan atxilotu zituen ustezko DRILeko bederatzi kideetako bi ziren. Eta lehenari, Gonzalez-Mata Lledori, Bartzelonako tren geltokietan bi bonba-maleta jartzea eta Bartzelonan fakturatuta beste bi bonba-maleta bidaltzea leporatzen dio Poliziaren txostenak. Zehazten dutenez, DRILeko ustezko buruzagi Abderraman Muley Morek aginduta ezarri zituen lehergailuak Bartzelonan 1960ko ekainaren 26an, "baina soilik Bartzelonako Nord geltokian izaniko leherketaren berri izan zuen; ez daki gainerako lehergailuek helburu zutena lortu ote zuten".
Informazio horren harira, Gonzalez-Mata Lledok beste hirietan eta trenbide sarean izan ziren beste bost leherketekin zerikusirik izan zezakeela esatea "espekulatzea" dela iruditzen zaio Montanyari. Eta lehergailuak nork, non eta nola jarri zituzten jakiteko ikerketa sakonik abiatu ote zen ez dago argi. Buletinetan behintzat ez da ageri. Montanyak dio beharbada egunen batean agertuko direla: "Espainiako artxibategiak hutsunez beteta daude. Gainera, sekretu ofizialen legea eta intimitatearen babeserako legea bi oztopo handi dira. Oso eztabaidagarria da, onartezina ez bada, diktadura bateko funtzionarioen intimitatea babestea haien jarduna errepresiboa izan delarik".
Mota honetako gertaerak gerra kontseiluan amaitzen zirela zehaztu du, eta horretarako epaiketa militar bat egin behar izango zutela. "Ikerketa militarrik egin ote zen jakiteko, afera honi dagozkion epaitegi militar guztietara jo dut; erantzun didate beren artxiboetan ez dagoela ezer".
Gonzalez-Mata Lledo eta Marin Novoaz gainera, zeinak Espainiako polizia frankistak jada identifikatuak zituen, Rafael Rojo Ruiz erbesteratua ere atxilotu zuten Liejan. Poliziaren arabera, "armada gorriaren tenientea" izan zen, eta pistola bat, lehergaiak egiteko materiala eta haiek egiteko Alberto Bayo DRILeko buruzagiak emandako eskuliburuak zituen gainean. "Bayo izan omen zen UCE Union de Combatientes Españoles delakoaren sortzailea. Talde horrek eta erbesteko beste zenbaitek sortu zuten DRIL", zehaztu du Montanyak DRIL erakundean zuen egitekoari buruz.
Bayoren eta haren jardueren berri Poliziaren 1960ko abuztuko buletinean aurkitu du Montanyak, non ustez Bayok egin eta banatu zuen eskuliburua datorren erreproduzitua. Besteak beste, lehergailuak egiteko argibideak datoz.
Infiltratuak
Liejan atxilotu zituzten ustez DRILeko buruzagi zirenetako bi ere: Abderraman Muley More eta Eloy Gutierrez Menoyo. 1945ean Belgikara erbesteratutako Jose Antonio Dominguez pasaitarraren etxean atxiki zituzten. Polizia txostenen arabera, Gutierrez Menoyo Kubako armadaren komandantea oso gizon garrantzitsua izan zen: "Kubako Gobernuaren buruak agindu dio gure erregimenaren kontrako borroka antolatzea bai Espainian bai kanpoan". Poliziaren txostenak dio Europan arduradun bat izendatzera etorri zela Liejara: Abderraman Muley More. Azken hori Liejan bizi zen, eta DRILeko arduradun nagusitzat dute polizia agiriek. Hura jotzen dute Espainian izaniko atentatuen arduradun nagusi.
Armak edukitzea eta atentatuak egitea egotzi arren, atxilotuetako hiruk baino ez zuten egin hilabete eta erdi kartzelan —Muley Morek, Rojok eta Dominguezek—, eta lehen biak Herbehereetara kanporatu zituzten gero.
Muley Moreri buruz informazio bitxi asko argitaratu da urteotan: besteak beste, DRILeko komandante Jorge Sotomayorrek Yo robé el Santa María liburuan idatzi zuenez, Muley More "agente bikoitza" zen.
Are eta susmagarriagoa da Eloy Gutierrez Menoyo, Kubako Iraultzan Fidel Castrorekin batera borrokan ibilia: Jorge Sotomayorren arabera, Liejako atxiloketak Menoyoren arduragabekeriarengatik gertatu ziren. "Liejako atxiloketen ondotik, Miamira egin zuen ihes, eta antikastrista egin zen", adierazi du Montanyak. Haren ustez, DRILen parte hartu zuten Kubatik etorritako partaideek egindakoa, oro har, oso iluna da. "Liejako atxiloketek susmo asko piztu zituzten Venezuelan zituen kideen artean, eta, ondorioz, hurrengo ekintza —Santa Maria transatlantikoaren bahiketa entzutetsua— militante kubatarrekin kontatu gabe prestatu zuten".