Konponbideari begira

Berriak

Tortura. Torturen Prebentziorako Europako Batzordearen txostena

Madrilek dio «onartezinak» direla torturak ikertzeko CPTk eginiko gomendioak

Inkomunikazioak «salbuespenekoa eta mugatua» izan behar duela dio, eta salatu du epaileek «ohituraz» erabiltzen dutela Aztertu dituen tortura kasu ia guztiei sinesgarritasuna eman die batzordeak
Inkomunikazioa amaitzeko exijitu zuten milaka herritarrek 2010eko urriaren 30ean, torturaren auka Donostian eginiko manifestazioan.
Inkomunikazioa amaitzeko exijitu zuten milaka herritarrek 2010eko urriaren 30ean, torturaren auka Donostian eginiko manifestazioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2013-05-01 / Jokin Sagarzazu

Espainiako Gobernuak ez ditu bete nahi CPT Torturen Prebentziorako Europako Batzordearen gomendioak. Atxiloketa aldian Espainiako poliziek erabiltzen dituzten metodoak modu «zorrotz eta independentean» ikertzeko eskatu dio CPTk, baina gobernuak erantzun du eskaera hori ezin duela onartu. Batetik, Espainiako ordenamendu juridikoan dauden organo administratibo eta judizialek «modu independentean» lan egiten dutelako, eta, beraz, gisa horretako ikerketa bat egitea ez litzatekeelako «bateragarria» izango Espainiako legediak organo horien esku uzten duen «misioarekin». Eta, bestetik, gisa horretako ikerketa bat egiteak «eragina» izan dezakeelako polizien «gaitasunean eta eraginkortasunean». Alegia, gomendio horiek onartzea batzuen zein besteen lanean eskua sartzea litzatekeela adierazi du gobernuak, agerian utziz inkomunikatutako pertsonen eskubideen gainean epaileek eta poliziek duten botere ia erabatekoa.

Hori hala, Madrilek beste behin entzungor egin die batzorde horren eskaerei. Eta badira 20 urte inguru jarrera horri eusten diola. Batzordeak berak bere txostenean ohartarazi duenez, 1991. urtetik, Espainiara lehen bisita egin zuenetik, «ezer gutxi» egin du gobernuak inkomunikatutako atxiloaldietan salatzen diren tortura kasuak eragozteko. Madrilek, berriz, argudiatu du urratsak egin dituela alor horretan eta horiek jasota daudela hainbat lege eta neurritan —horietako batzuk derrigorrezkoak ez diren arren—. Batzordeak, halere, ez ditu nahikotzat jo ditu urrats horiek, eta, gainera, salatu du kasu gehienetan ez direla betetzen.

2011. urteko maiatzaren 30etik ekainaren 13ra eginiko bisitari buruzko txostena kaleratu du CPTk, Espainiako Gobernuaren oniritziarekin eta Barne Ministerioak emandako erantzunen txostenarekin batera. Batzordearen txostenak 102 orri ditu, eta zati handi bat inkomunikazioari buruzkoa da. Baita Espainiako Gobernuaren erantzunen kasuan ere; 237 orri ditu Barne Ministerioaren txostenak, eta 50 orri inguru erabiltzen ditu neurri hori justifikatzeko..

Bisita horretan hainbat polizia etxe eta espetxetan izan ziren batzordeko kideak, eta agintari ugarirekin bildu ziren; besteak beste, orduko Barne ministro Antonio Camachorekin eta Francisco Javier Velazquez Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendariarekin, Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiarekin eta Angel Juanes Espainiako Auzitegi Nazionaleko orduko eta egungo presidentearekin. Eusko Jaurlaritzako arartekoaren bulegoko Rafa Sainz de Rozasekin ere bildu ziren, eta Ertzaintzaren Arkautiko polizia etxean izan ziren. Horrez gain, gobernuz kanpoko erakundeekin ere izan ziren, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiarekin, adibidez, eta torturak salatu dituzten hainbat pertsonarekin elkarrizketak izan dituzte. Ondorio argi bat atera du CPTk: Espainiako estatuak ez du behar beste egiten torturak eragozteko. Hainbat adibide jarri ditu, eta horiek ezeztatzen saiatu da gobernua.

1. Salaketa sinesgarriak

Inkomunikazioari buruzko atalean, hainbat tortura salaketa jaso ditu CPTk. Hain zuzen ere, 2011ko lehen hilabeteetan Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu zituen 11 pertsonaren testigantzak aztertu ditu, eta salaketa horiek egin zituzten pertsonekin bildu da —lekukotasunen ezaugarrien arabera, pentsa daiteke euskal herritarrak direla salaketa horietako protagonistak—.

Horien arabera, atxiloketaren lekutik Madrilerako bidean bertan hasi ziren tratu txarrak, eta gorputzean eta buruan emandako ostikadak eta ukabilkadak salatu zituzten batez ere. Halaber, atxilotuek adierazi zuten galdeketetan plastikozko poltsa bat buruan jarri eta itolarria eragin zietela, eta ondoren ariketa fisikoak egitera behartu. Txostenean agertzen denez, galtzak eta barruko arropa kendu eta sexu abusuak egitearekin mehatxatu zuten atxilotuetako bat, eta sexu abusuak egin zizkioten beste bati.

Hamaika kasu horietatik hamarri sinesgarritasuna eman die batzordeak eta ondorioztatu du pertsona horiek torturatu egin zituztela polizia aurreko deklarazio bat sinarazteko, ahozko epaiketara begira, besteak beste, autoinkulpazioak edo beste batzuen inkulpazioak lortzeko.

Batzordeak azpimarratu duenez, jaso duen informazioak agerian uzten du, «beste behin», tortura eta tratu txarrak saihesteko neurrien «beharra» dagoela, eta, bereziki Guardia Zibilak esku hartzen duen polizia operazioetan —bere txostenean Guardia Zibila aipatzen du bereziki —. Batzordeak nabarmendu duenez, bi hamarkada darama salaketa bera egiten, eta gobernuak ez ditu aholkuak praktikara eraman. Arazoa konpondu gabe jarraitzen duela azpimarratu du. Hori hala, Espainiako Gobernuari eskatu dio hiru hilabeteko epean aholku horiek ezartzeko txosten zehatz bat bidaltzeko.

Espainiako Gobernuak bere erantzunean azaldu du torturak saihesteko hainbat lege eta neurri daudela. Prebentziorako neurriak hartzea, halere, epaileen eta polizien esku dagoela nabarmendu du, agerian utziz lege aldetik dagoen hutsunea. Auzitegi Nazionaleko epaileen kasuan, adibidez, Garzon protokoloa deituriko aipatu du —batzordeak kritikatu duena—, eta, polizien kasuan, azaldu du torturak saihesteko «hainbat ikastaro» antolatzen dituztela, eta barne diziplina legez arautua dagoela —hori ez dela betetzen salatu du batzordeak—.

Ikerketei dagokionez, Barne Ministerioak adierazi du tortura salaketak egiten direnean, «beti» jartzen direla martxan horiek ikertzeko prozedura judizial eta administratiboak, baina, kasu horretan ere, epaileari soilik dagokiola horiek abiatzea. Horrekin kezkatuta agertu da batzordea eta salatu du berak aztertu dituen kasuetan epaileak ez duela urrats bakar bat ere egin kasu horiek ikertzeko. Era berean, batzordeak ohartarazi du tortura salaketak egiten direnean, epaileek ez dituztela aintzat hartzen salaketa horiek, fidagarriak ez direla argudiatuta. Jarrera hori «sistematikoa» dela nabarmendu du batzordeak eta hori ezin dela inolaz ere onartu. Era berean, batzordeak ohartarazi du, elkarrizketatu dituzten pertsonek adierazi dutela Auzitegi Nazionaleko epaileen «interes eza eta mespretxua». Batzordeak salatu du epaile batek ezer ez egitea erabaki zuela akusazioak «aldez aurretik fabrikatuta» zeudela iritzita.

Horri guztiari erantzunez, Espainiako Gobernuak tortura salaketen aurrean erabiltzen dituen betiko argudioei eutsi die. Batetik, Madrilek dio batzordeak aipatzen dituen tortura salaketa horietatik bakar bat ere ez dela frogatu sententzia irmo baten bidez —ezinezkoa, ikertu ez zirelako—. Eta epaileak aurrera egitea erabaki ez bazuten, salaketei sinesgarritasuna eman ez zielako izan zela. Horren harira, Madrilek adierazi du ustez ETAkoak diren kideek «sistematikoki» salatzen dituztela torturak eta tratu txarrak, eta horretarako «eskuliburu» bat dutela. Batzordearentzat, halere, hori ez litzateke oztopo izan behar ikerketa bat egiteko.

2. Berme ez-fidagarriak

CPTk ezbaian jartzen duen beste puntu bat da inkomunikazio aldian torturak saihesteko Auzitegi Nazionalak erabiltzen dituen «bermeak». Lehenik eta behin, batzordeak dio atxilotuen inkomunikazioak «salbuespenekoa eta mugatua» izan behar duela, eta hala esan duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere. Hainbat kasu ikertu ondoren, baina, batzordeak ondorioztatu atxilotuen gaineko kontrol judiziala eskasa dela. Salatu du epaileek ez zutela aztertu inkomunikazioa ezartzea egokia zen edo ez. Eta atxilotuak inkomunikatzea «errutinazkoa» izan zela.

Bermeei dagokionez, berriz, batzordeak gogoratu du Auzitegi Nazionaleko epaile batzuk hainbat neurri hartzen dituztela torturak saihesteko —Garzon protokoloa deiturikoa—, baina salatu du auzitegi horretako sei instrukzio epaitegietatik hiruk baino ez dituztela aplikatzen neurri horiek. Eta erabiltzen ez dituen horien artean dagoela, hain zuzen ere, batzordeak aztertu dituen kasuen apailea. Espainiako Gobernuak bere erantzunean onartzen du inkomunikatu dituzten atxilotuen %32,5ari bakarrik aplikatu zaiela protokolo hori. Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko presidenteak horri buruz emandako erantzuna jaso du, halaber, batzordeak. Juanesek berretsi zuen neurri horiek ez direla derrigorrezkoak eta epaileak ezin direla derrigortu horiek betetzera

Batzordeak banan bana aztertu ditu «berme» horiek eta beste batzuk, eta ondorioztatu du ez direla nahikoak. Epaileen lana salatu du lehenik. Nabarmendu du atxilotuak bisitatzeko eskubidea duten arren, ez dutela atxilotuekin hitz egiten harik eta epaitegira eramaten dituzten arte —kasu batean, batzordeak salatu du epailea ez zela joan auzi medikuaren bitartez tortura salaketa jaso zuen arren—. Konfiantzazko abokatuen kasuan, salatu du aztertu dituzten kasuetan ez zela abokaturik izan epailearen aurrera eraman arte. Ofizioko abokatuen kasuan, berriz, polizien aurreko galdeketetan izan bai baina ez zutela parte hartzen dio, eta hori egin zuen batek polizi buruaren debekua jaso zuela, horretarako eskubiderik ez duen arren. Galdeketeti buruz, berriz, salatu du urratu egiten dela Espainiako Legedia. Auzi medikuei buruz, batzordeak dio atxilotuekin hitz eginda osatzen dituztela txostenak, ez dituztela azterketa mediku sakonak egiten, eta, kasu gehienetan, auzi medikuei jakinarazten dietela galdeketen orduak. Bideo kameren erabilera ere ez dela modu egokian erabiltzen salatu du batzordeak, ez direla atxiloketaren gune guztiak bideoz grabatzen, besteak beste.

Informazio osagarria

Publizitatea