Konponbideari begira

Berriak

Gernikako bonbardaketaren 76. urteurrena

Ereindako haziaren esker ona

Arnaldo Otegiri eta Jesus Egigureni eman diete Bakearen Gernika saria; Otegi preso dutela eta, bi sarituen alabek jaso dute Politika «hizki handiz» egiteko esan du Otegik gutun baten bidez; alderdikeriak baztertzeko
Arnaldo Otegiren seme-alabak, Gernikako alkatea, Jesus Egiguren eta Rafaela Romero, atzoko ekitaldian .
Arnaldo Otegiren seme-alabak, Gernikako alkatea, Jesus Egiguren eta Rafaela Romero, atzoko ekitaldian . LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Bakeari egindako ekarpenagatik», bakegintzarako bidean jarritako haziagatik, Arnaldo Otegi eta Jesus Egigureni eman die aurtengo Bakearen Gernika Saria Bizkaiko herriko udalak. Mahai baten inguruan biltzen hasi zireneko egoeratik egungora jauzi egiteko giltzarri izateagatik. Aurrez aurre zeuden jarrera politikoetako kideak izan arren, bata ezker abertzaleko buruzagia eta bestea PSE-EEkoa izanda ere, elkarrengana hurbildu eta elkarrekin bakegintza lantzen hasi zirelako. Egoera berri batera iristeko hazia erein zutelako.

Atzo, Gernikako bonbardaketaren urteurrenean, izan zen sari banaketa lepo beteta zegoen Lizeo Antzokian. Xumea izan zen. Hunkigarria. Zintzoa. Bi saridunetako batek joan ezin, eta aldarrikapen bihurtu zen saioa. Egigurenen hitzetan bakegintzaren alde jarduteagatik kartzelan duten Otegik, ezin saririk eskura jaso. Egigurenek, urteetan mahai kide izan zuen Otegik «lagun eta aberrikide» izendatu duenak, bestea gabe saria eskura jaso nahi ez. Bien alabek hartu zuten lekukoa: Maria Egigurenek eta Garazi Otegik.

Otegi kartzelan egotea ez dela zilegi aldarrikatzeko hartu zuen eskenatokira ez igotzeko erabakia Egigurenek. Kalean behar lukeela adierazteko. 'Berak ezin badu, nik ere ez', nolabait esateko. Oinordekoek hartu dute lekukoa. Belaunaldi berriei utzitako ondarea eskertu diete biei alabek, halako konplizitate kutsua publikoki adierazita.

Konplizitate keinuak

Eskainitako konplizitatea eskertu zien senideei Otegik ere, Logroñoko espetxetik bidalitako gutunean: «Nire familiari, emazteari, seme alabei, gurasoei... beraien laguntza, babesa eta konplizidaderik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako nire lana».

Antzeko keinua egin zion Egigureni: «Asko zor dio Euskal Herriak berari. Bere konpromisoa, leialtasuna eta zintzotasunak ekarri du Euskal Herria gaurko egoerara». Haren emazteari zein seme-alabei ere bidali die besarkada bana. Besarkadak eman dira ikusleen artean ere. Konpromisozkoak batzuk, benetakoak besteak.

Sarituen familia politikoetako kideak izan dira aretoko lehen lerroetan. Tartean, Jesus Egiguren beraren eta Rafaela Romero emaztearen ondoan, PSEko Jose Antonio Pastor, Idoia Mendia eta Begoña Gil. Beste multzo batean, ezker abertzaleko Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu eta Jone Goirizelaia, EH Bilduko Laura Mintegi eta Pello Urizar.

Konplizitatez betetako besarkada sutsua eman diote elkarri Romerok eta Goirizelaiak guztien erdian. Inguruan zen, baita ere, Egiguren eta Otegiri bilkuretarako etxea eman zien Txilarre baserriko Pello Rubio, bai Egigurenekiko bai ezker abertzaleko kideekiko hurbiltasun handiz.

Otegik, ekitaldirako igorritako gutunean espresuki aipatu du: «Txillarre baserrian Pellok ongi hornitzen zuen mahaian hasitako istorioa, hein batean egungo egoerara ekarri gaituena».

Mahai haren inguruan egindako elkarrizketen giltzarri batzuk aipatu ditu presoak Logroñotik: «Pixkanaka, hauteskundeak, boto lehia, kalkulu politikoak, jokatzeko miseriak eta txikira jotzeko dugun ohitura alboratu eta handira jokatzea erabaki genuen. Mahai horretatik, esan genuen, Euskal Herriak merezi duen justizian eta bakean oinarritutako akordioa atera behar zen».

Txillarren hasitako bide hark egungo egoerara ekarri gaituela dio Otegik; «bere fruituak» eman dituela. «Baina ez denak», ohartarazi du; «oraino bidea dago egiteko, oraino fruituak badira hartzeke».

Bidean aurrera egiteko deia egin du, beraz, esperientzia hark utzitako irakaspenak plazaratuta: «Politika herri zerbitzuan egiteko handira jokatu eta hizki handiz egin behar dela eta beraz alderdikeriak, sektarismoak, boto lehiak albo batean utzi eta herri borondateari eman behar zaiola bide, ez dagoela inor eta ezer herria baino garrantzitsuagorik». Beste ohar bat ere plazaratu du jarraian: «Herria, lagunok, ez dute osatzen gu bezala pentsatzen dutenek, gu bezala pentsatzen ez dutenak ere badira herria».

Saria jasotzea «ohorea» dela ere adierazi du Otegik gutun bidez; «ohore eta arduraz beteriko eginkizuna etorkizunerako. Ez dizuet horretan kale egingo».

«Badakit zer gertatu den»

Etorkizunari begira jarri da Maria Egiguren ere, eskenatokira igota. Jesus Egigurenen ordez igo da saria jasotzera 13 urteko alaba. «Hemen nago dena ikusi dudalako. 13 urte ditut baina badakit zer gertatu den», hasi du hizketaldia. «Badakit zer den gorrotoa. Badakit zer den sufritzea. Badakit zer den beldurra izatea eta badakit zer den isilean negar egitea».

Ekitaldira horregatik joan dela adierazi du. «Euskal herritarrei eta espainiarrei eskatzeko biktimengatik otoitz egin dezatela, eta bakearen alde lan egiten dutenak kartzelatik atera daitezela». Espresuki aipatu du «Arnaldo».

«Gertatutakoa» lehenbailehen oroitzapena izan dadin nahia azaldu du. Bere aitona «sozialista errepublikarraren filosofia» bete dadila: «Gorroto gehiagorik ez».

Jesus Egigurenen izenean, Otegiri, «Alfredo bakearen ministroari» eta Patxi Lopezi eskaini die saria, besteak beste .

Ekitaldiaren bideoa ikusteko BERRIAren webgunea bisitatu:

www.berria.info

Informazio osagarria

Publizitatea