Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Xabier Lopez Peñaren heriotza

Tratua salatu, eta Lopez Peñaren heriotza ikertzeko eskatu dute

Familiak salaketa jarriko du espetxeko zuzendariaren, erietxearen eta Estatuaren abokatuaren «jarrera basatiaren» aurka Konfiantzazko sendagilea ez da autopsian egon, eta familiak ezin izan du gorpua ikusi
Ezkerretik hasita, Murielle Lucantis Etxerat-eko kidea, Yolanda Molina abokatua eta Itsaso Idoiaga Jaiki Hadi elkarteko sendagilea, atzo.
Ezkerretik hasita, Murielle Lucantis Etxerat-eko kidea, Yolanda Molina abokatua eta Itsaso Idoiaga Jaiki Hadi elkarteko sendagilea, atzo. GAIZKA IROZ

2013-04-02 / Aitor Renteria

Ezin da ulertu preso bat espetxetik atera, erietxera eraman azterketa arrunta egiteko, ebakuntza egin eta hiru asteren buruan hiltzea, sendagileek erran dutelarik haren osasun egoera egonkorra dela», erran du Yolanda Molina abokatuak. Xabier Lopez Peña euskal presoa joan den ostiral gauean zendu zen, Parisko Pitie-Salpetriere erietxean. Lehenik, Fleury Merogisko espetxetik Corbeil-Essonnesko erietxera eraman zuten. Indartsu, haserre, minduta eta oldarturik kontatu du Molinak azken hiru asteotan Lopez Peñak eta haren familiak pairatu duten tratua. «Basatiak! Krudelak! Errabiaz beterik jokatu dute familiaren kontra», erran du abokatuak.

Lopez Peña 2008an atxilotu zuten, Bordelen (Frantzia), eta lehen osasun arazoak 2009an pairatu zituen, Itsaso Idoiaga Jaiki Hadi elkarteko sendagileak jakinarazi zuenaren arabera. Lopez Peña martxoaren 11n eraman zuten erietxera, azterketa egitera. Sendagileek ikusi zuten bihotz arazo larriak zituela, eta ebakuntza egiteko deliberoa hartu zuten. Familiak, ordea, ez zekien non zegoen. Presoen bidez jakin zuten espetxetik atera zutela, baina ez zekiten non zegoen. Familiak eta abokatuak bilatzeari ekin zioten, aurkitu ezinik. Erietxeetara deika ibili ziren, espetxeetara. Han ez zegoela erantzun zieten, lehor.

Bigarren astean, martxoaren 18an, telefono deiak egin zituen Molinak, faxez galdetu zuen erietxean zegoen, espetxean zegoen. Erantzunik ez zuen jaso. Martxoaren 19an, auzitegian erran zioten erietxean zegoela. Corbeil-Essonnesko erietxea erraldoia da, eta zerbitzuz zerbitzu ibili ziren, non zegoen jakin gabe. Azkenean, erran zioten kardiologia zerbitzuan zegoela, baina familiak ezin zuela ikusi, Prefetaren esku zegoelako erabakia. Zerbitzuz zerbitzu, gelaz gela Lopez Peñaren bila segitu zuen familiak. Azkenean, bulego batean erran zieten zerbitzu hartan zegoela, baina familiak ez zuela hura ikusteko baimenik. Abokatuak bai ordea.

«Xabier oso ahul atzeman nuen, ezin zuen abantzu zutik egon». Atean hiru polizia zituen. Ebakuntza eginik, gaizki zegoen Lopez Peña, baina ez zuten erietxeko zaintzapeko eremuan atxiki, haren barnean den espetxean baizik. Martxoaren 20an, sendagilearekin bildu zen Molina. Bihotzeko ebakuntzak buruko odol jarioa eragin ziola erran zion. Errekuperatzerik ba ote zeukan galdetu zion Molinak. Berreziketa egin ondoren baietz erantzun zion sendagileak. Bizia arriskuan ote zuen galdetu zion segidan. Erietxe batean edozer gerta daitekeela erran zion, baina kontuan hartuz zaintzapean zegoela eta haren egoera egonkorra zela arrisku berezirik ez zegoela erran zion sendagileak. Erietxean zegoen bigarren astean, Lopez Peña osasun arrazoiengatik libre uzteko eskatu zion Molinak auzitegiko abokatu orokorrari.

«Arranoaren gosea»

Abokatu orokorrak ez zuen eskaria onartu. «Arranoa! Basatia! Krudel ankerra! Ez zuela hiltzaile bat karrikan libre utziko erran zidan», jakinarazi zuen Molinak. Eztarria emozioak tinkaturik zeukan, negar hipaka, ezin sentimenduak atxiki.

Emozioak gaina hartu zion Molinari, familiari eman dioten tratua oroitzean. Senidea larri egon arren, erietxean berean ikusteko aukera eduki arren, behin eta berriz ukatu zioten eskubide hori. Lopez Peña hil zen egunean berean, familia Parisen zegoen. Espetxera sartzeko, familia goitik behera miatu zuten, kontuan hartu gabe senidearen egoera.

Larunbatean Lopez Peña ikustera joan zen familia, oren batean. Hara heltzean jakinarazi zieten bezperan hil zela. Goizaldeko oren batean hil zen, baina ez zioten deus erran familiari hamabi oren pasatu arte. Saminak gaina hartu zion Molinari, eta negarrak eten zion hitza, gogoratuz, hala ere, Lopez Peñak 16 urterekin ekin ziola militantzia politikoari eta hil arte atxiki zuela engaiamendu hori.

Itsaso Idoiagak Jaiki Hadi elkarteko kide gisa hartu zuen hitza. Euskal presoen osasuna aztertzen 30 urte baino gehiago daramatza Jaiki Hadi elkarteak, eta, haren izenean, nabarmendu zuen azken urteetan ikusi dutenaren arabera espetxeetako egoera ez dela batere aldatu. Lopez Peñaren kasuan elementu «bitxiak» izan direla nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen Lopez Peñaren bihotz arazoak 2009an atzeman zituztela eta geroztik eritasun horren aurkako artak bakanak izan direla hala ere.

Idoiagaren arabera, bitxia da presoa lehen unean erietxeko presondegian atxikitzea, buruko odolbildua pairatu zuelarik. Ez zuten eraman zaintza berezietarako gunera, nahiz eta haren egoerak arta bereziak eskatu, eta hori, Jaiki Hadiko sendagilearen arabera, ulertezina da.

Konponbidearen aurka

Etxerat-en izenean Nagore Lopez de Luzuriaga eta Muriel Lucantis mintzatu ziren. Espetxeak eta erietxeak tratu «lotsagarria» izan dutela salatu zuten. Informaziorik eza eta gardentasun falta azpimarratu zuten. Osasun egoera larrian dagoen presoa ez askatzea, muturreraino eramatea espetxealdia, krudeltasun hutsa dela erran zuen Lopez de Luzuriagak. «Bizi osorako espetxeari hil arteko zigorra erantsi diote estatuek». Logika horretatik atera eta konponbidearen zentzuan kokatzeko eskatu zien Frantziari eta Espainiari.

Lopez Peñaren familiak tratu krudela pairatu duela salatu zuen Etxerat-ek. Frantziako Gobernuari duen ardura hartzeko ere eskatu zion, «aski dela» gaineratuz. Ardura hori hartu eta egun eri diren hamalau presoak askatzeko eskatu zuen. Sakabanaketa, bakartze eta urruntze politika bukatzeko eskatu zion Frantziari.

Herrira mugimenduak, Nagore Garzia eta Garbiñe Erasoren ahotik, «Paristik egon den informazio falta» salatu zuen. Gaur egun Frantziak eta Espainiak duten espetxe politika bakea eraikitzeko eta gatazkaren konponbiderako oztopo handi bat dela nabarmendu zuten. Gogoratu zuten euskal gizartearen gogoa konponbide politikoa eraikitzea dela. Baiona eta Bilboko manifestazio handiei erreferentzia egin zien borondate horren lekuko. «Herrira lanean da berriz errepika ez dadin eta politika krudel hau desager dadin. Konponbide klabeetara aldatzea derrigorrezkoa da», erran zuen.

Presoaren heriotza salatzeko, hainbat mobilizazio antolatu ditu Herrira-k. Ostiralerako elkarretaratzeak antolatu dituzte Baiona, Donibane Garazi, Maule, Hazparne eta Donibane Lohizunen.

Igandean Basaurin eta atzo Galdakaon ere elkarretaratze bana egin zuten ETAren bitartekari izandakoaren heriotza salatzeko, eta Herrira-k mobilizazio gehiagoren berri emango du gaur, Bilbon.

Informazio osagarria

Publizitatea