Konponbideari begira

Berriak

Europako erakundeen giltza

«Blokeo egoera» gainditzen laguntzeko eskatu dute Europako Parlamentuan, euskal gatazkari buruzko mintegi batean Adierazi dute presoak prozesuaren parte direla eta gizarteratzea bultzatu behar dela
Konferentzian parte hartu duten hizlariak; lehen planoan, Gabi Mouesca euskal preso ohia.
Konferentzian parte hartu duten hizlariak; lehen planoan, Gabi Mouesca euskal preso ohia. BERRIA

2013-03-28 / Jokin Sagarzazu

Korridoreetan hitz egiten genuen euskal gatazkaz. Presioak oso handiak ziren, eta ezin genuen parlamentuan hitz egin. Baina orain aldatu egin da egoera, eta hemen gaude». Nelly Maes europarlamentari ohiaren hitzak dira horiek, eta Europako Parlamentuan, Bruselan, entzun ziren atzo, euskal gatazkari buruz eginiko konferentzian. Friendship Europako Legebiltzarrean Euskal Herriko bake prozesuaren alde dagoen babes taldeak eta ALE-Berdeak Europako Parlamentuko taldeak antolatu zuten mintegia, eta Euskal Herriko alderdi abertzaleen ordezkaritza zabal bat izan zen bertan: besteak beste, Sortuko Gorka Elejabarrieta, EAko Lorena Lopez de Lacalle, Aralarreko Inaki Irazabalbeitia eta ABko Mertxe Colina.

Maes bezala, ekinbide horretan parte hartu duten guztiak Europan jarri dute beren esperantza. Uste dute Europako instituzioen betebeharra ere badela euskal prozesuak duen «blokeoa egoera» gainditzea, eta gatazkaren konponbidean engaiatzeko eskatu diete Europako Batasuneko erakundeei eta gobernuei; Raul Alfonsi Berdeen talde parlamentarioko kideak nabarmendu duenez, «euskal gatazka Europako gatazka bat ere badelako», edo Maesek gaineratu duenez, bakeak izan behar duelako Europako Batasunaren «balio gorena». «Solidarioak izan bagara bankuak erreskatatzeko orduan, bide onetik doan bake prozesu batekin ere izan beharko genuke solidarioak. Gure herrialdeetako parlamentuetatik, puntu geografiko guztietatik babestu behar dugu prozesua», nabarmendu du Maesek.

Espetxe politikaz eta presoen auziaz jardun dute bereziki konferentzian. Hegoafrikako eta Irlanda iparraldeko esperientziak ekarri dituzte gogora, eta adierazi dute konponbidearen «giltza» direla presoak. Robert McBride Hegoafrikako preso ohiak, bere herrialdeko konponbide prozesutik abiatuta, nabarmendu du edozein prozesutan lehen urratsa izan behar dela «negoziazioei buruzko negoziazioak» abiatzea eta aldeen arteko konfiantza sareak sortzea. Bidean aurki daitezkeen oztopo eta trabak gaintzeko «borondate politikoa» ezinbestekoa dela adierazi du, eta presoen auzian, besteak beste, adierazi du elkarrizketak bailagarriak izan daitezkeela delitu politikoak zer diren definitzeko edo presoen izaera politikoaz jabetzeko. Halaber, adierazi du «lagungarria» dela marko juridiko berri bat negoziatzea eta ahal bada martxan jartzea, presoak kaleratzen joateko eta zer ekintza amnistiatu daitezkeen zehazteko. Nolanahi ere McBridek nabarmendu du estatuek eskumenak dituztela, legeak aldatu gabe, alor horretan aurrera egiteko. «Baita arrazoi humanitarioengatik ere». Halaber, presoen auziak esanahi politikoa daukala gogoratu du. Konponbidea eraikitzeko «adreilua» direla presoak. «Oso erraza da terroristak deitzea, baina askotan gobernuek ez dute ikusten presoek zer nolako pisua duten euren komunitate politikoetan. Preso bat espetxean mantentzea komunitate horren zati bat moztea da».

Presoen auzia, lehen lerroan

Avila Kilmurray Irlanda iparraldeko Community Foundationeko zuzendaria, berriz, preso ohien gizarteratze prozesuaz mintzatu da. Nabarmendu du prozesu luzea eta zaila dela eta gogoratu du Irlandan jarraitzen dutela presoen bazterketa sozialak, haiei buruzko estereotipoak eta mesfidantzak. Horren harira, adierazi du presoentzako eta euren familientzako babes programak beharrezkoak direla, eta horretan lagundu behar dutela Europako instituzioek. «Gatazka eraldatzeko beharrezkoak dira presoei babesa ematen diete ahotsak. Haien integrazioa babestea ezinbestekoa da», laburbildu du.

Gabi Mouesca euskal preso ohia eta Observatoire International des Prisons erakundeko zuzendari izandakoak azaldu ditu euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak», eta hainbat zifra eta izen eman ditu, gaixo dauden presoei buruzkoak eta sakabanaketari buruzkoak, besteak beste. Gogoratu du neurri horiek guztiak Espainiako, Frantziako eta Europako legediak urratzen dituztela. Azpimarratu du, halaber, presoen kolektiboaren jarrera «zintzoa eta benetakoa» dela, bide demokratikoen eta elkarrizketaren alde dagoela, eta Europako instituzioei eskatu die Espainiako eta Frantziako estatuak bake prozesura ekartzeko.

Dei bera egin du Nelly Maesek, europarlamentari ohiak eta Flandriako Bake Institutuko zuzendariak. Hark adierazi du euskal presoen egoera konpontzea «urgentziazkoa» dela, «ikuspuntu humanitario batetik» bereziki, baina baita ikuspuntu politikotik batetik ere. Adierazi du Europako Batasuneko kideek ezin dituztela «inolaz ere» onartu presoen eskubideen urraketak, eta Europako Batasunaren helburua bakea izan behar dela eta ezin diola «entzungor» egin Euskal Herriko konponbide prozesuari.

Publizitatea