Konponbideari begira

Berriak

Sortuk Espainiari gogorarazi dio «arau unibertsala» dela negoziazioa

Izkok salatu du «gerra estrategia» mantentzen ari dela PP, elkarrizketa politikorako jokalekua saihestu nahi duelako

2013-03-27 / Hodei Iruretagoiena

Elkarrizketa, akordioa eta, «bereziki, demokrazia». Horiek dira, Sorturen iritziz, gatazken konponbide prozesu guztiek dituzten oinarri eta arau unibertsalak, bakoitzak bere berezitasunak izan arren. Munduko hainbat lekutan martxan diren prozesuak adibide gisa jarrita, negoziazioa eta alde ezberdinen arteko akordioa beharrezkoak direla gogorarazi zuten, atzo goizean egindako agerraldian. «Nazioarteko komunitatearen iritziz erabat aplikagarria da bide hori», ohartarazi zuen Maite Ubiriak. «Azken finean, nazioarteko komunitateak badaki prozesuak eta elkarrizketak ez dutela alternatibarik».

Izan ere, Ubiriaren esanetan, joan den astean jazotako hiru gertakarik «agerian» uzten dute zein diren gatazkak konpontzeko bide unibertsalak. Batetik, Habanan egiten ari diren elkarrizketetan, aurrerapausoak iragarri zituen FARCek. Nekazaritza erreformaren inguruan ari dira negoziatzen, eta parte hartzea bultzatzeko foro bat egitea ere hitzartu zuten Kolonbiako Gobernuarekin. Kurdistanen, berriz, preso duten Abdullah Ocalan buruzagiaren mezuaren ostean —«armen garaitik ideien garaira» igarotzeko deia egin zuen—, su-etena iragarri zuen PKK-k. Ubiriaren esanetan, Turkiako Gobernuarekin abiatutako «negoziazio prozesuaren emaitza» izan da iragarpena.

Azkenik, Eskozian egitekoa den erreferenduma aipatu zuen. Izan ere, irailaren 18an galdetuko diete eskoziarrei independentziaren inguruan, Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuek hala hitzartuta. «Egun horretan, demokrazia ariketa baten bidez, Eskoziak ere etorkizunaz erabakiko du», nabarmendu zuen Ubiriak. Eskozia ere Europako Batasunaren barnean egonda, garrantzi «berezia» du horrek Euskal Herriarentzat, Sortuko nazioarteko koordinatzailearen hitzetan.

Gainera, Ubiriak gogorarazi zuen bere horretan dela oraindik nazioarteko komunitateak konponbide prozesuan «laguntzeko» agertutako borondatea. Zenbait herrialdek gatazkari amaiera «modu ordenatuan» emateko agertutako prestasuna eta herenegun nazioarteko hamabi adituk kaleratutako adierazpena ekarri zituen gogora. Agiri horretan, besteak beste, Parot doktrina indargabetzeko eta sakabanaketa amaitzeko eskatu zieten Frantziako eta Espainiako gobernuei.

Euskal gizartea eta nazioartea

Espetxe politika da, hain zuzen, PPren «blokeo estrategiaren» oinarria. Adibide gisa, Jabi Martinez Izagirre presoaren lagunek joan den asteburuan izandako istripua ekarri du gogora Sortuko bozeramaile Amaia Izkok: «Hori da EAJk PP eta PSOErekin adostutako oinarri etikoa».

Negoziaziorako nazioarteko komunitatearen eskaerak aintzat hartu beharrean, konponbiderako proposamenak «mespretxatzen» ari da Espainiako Gobernua, Izkoren esanetan. «Eta hori guztia zertarako? Elkarrizketa politikorako jokaleku bat saihesteko», azaldu zuen. Horrela, «gerra estrategia» alboratzeko deia egin zion Rajoyren gobernuari, eta ohartarazi zion ezin duela gutxietsi «euskal gizartearen borondatea». «Lubakitik atera, eta ikus eta azter dezatela nazioarteko testuingurua», gaineratu zuen. Izan ere, euskal gizartearen babesarekin batera, hori izango da «erabakigarria», Sorturen iritziz.

Publizitatea