Konponbideari begira

Berriak

ETAren agiria

ETA: «Ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziazio gunea desegin da»

ETAk zailtasunen berri eman du argitaratu duen agiri batean, baina «konponbidea eraikitzeko lanean» jarraituko duela dio «Ekarpen eraikitzaileak egiteko aztertzen ari ziren aukerak kolokan gelditu dira», dio
ETAko kide bat, artxiboko irudi batean.
ETAko kide bat, artxiboko irudi batean. BERRIA

2013-03-27 / Erredakzioa

�Gatazkaren ondorioen konponbiderako ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziazioa gunea» desegin egin dela jakinarazi du ETAk Naiz.info agerkari digitalera bidalitako agirian. Gune hori haustea «atzerapauso garbia» dela dio, eta «ondorio ezkorrak» izango dituela, «gatazkaren konponbidea zailtzen eta atzeratzen duen neurrian». Nolanahi ere, «behin betiko konponbidea eraikitzeko» lanean jarraituko duela dio, elkarrizketa agendaren barruan desarmeaz hitz egiteko prest dagoela, eta horretarako izendatutako ordezkaritza «aktibo» mantenduko duela. «Ez dugu zailtasunen aurrean etsiko, Euskal Herriak bakea eta askatasuna merezi eta behar duelako».

Gune hori hautsi izanak beste ondorio batzuk ere ekarriko dituela ohartarazi du ETAk: «ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen arteko harremana zailduko du aurrerantzean. Horrenbestez, ekarpen eraikitzaileak egiteko aztertzen ari ziren aukerak kolokan gelditu dira».

Gunea ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman aurretik sortu zela dio: «ETAren erabaki historikoaren aurretik eta nazioarteko eragile jakinen babesarekin, Espainiako Gobernuak eta ETAk hartutako konpromisoen emaitza izan zen». PSOEk konpromiso horiek ez zituela bete dio, eta PP gune horren nondik norakoez jakinaren gainean egon dela Espainiako Gobernua eskuratu zuenetik. PPrekin harremana egon dela ere ematen du ulertzera. «ETAk modu serio eta eraikitzailean jokatu du une oro, bai Espainiako Gobernuak gogoeta egiteko denbora eskatu duenean, bai eta harreman bide diskretu eta egonkor bat eraikitzeko aukera sortu denean ere», baina «elkarrizketa gunea hiltzen uztea» aurpegiratu dio PPri.

Nazioarteko eragileei proposamenak eta gogoetak helarazi dizkiela ere jakinarazi du ETAk, eta haiek Espainiako Gobernuaren jarrera «ezinegonez eta ulertezintasunez» jaso dutela dio.

EAJri kritika gogorra egin dio ETAk agirian: «Ulergaitza da, EAJk Espainiako Gobernuaren itxikeria estaltzeko eta kritika oro saihesteko, diskrezioaren argudioa erabiltzea».

Informazio osagarria

Publizitatea