Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

Espainiako Gobernuak esan du 'Langraiz bidea' ez dela nahikoa 3. gradua lortzeko

Espetxe onurak «eskubidea» direla ohartarazi du Jonan Fernandezek, eta ez «pribilegioa»
Jonan Fernandez, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Jonan Fernandez, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2013-03-26 / Erredakzioa

Langraiz bidea deiturikoa hartutako presoek ere ez dute nahikoa egin Espainiako Gobernuaren ustez. Haietako hainbat presori ukatu egin die espetxe zigorra hirugarren graduan betetzeko eskaera —egunero irteteko baimena izatea esan nahi du hirugarren graduak—. Espetxe onurak lortzeko Barne Ministerioak egindako gizarteratze planari atxiki behar zaizkiola eman die aditzera preso horiei; Espainiako Gobernuak euskal presoentzat hobesten duen bidea ez dela Langraizekoa.

Hainbat iturrik jakinarazi dutenez, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ukatu die hainbat presori azken hilabetean. Haien artean daude Kepa Pikabea, Iñaki Rekarte, Aitor Bores, Joseba Urrosolo, Rafa Caride eta Valentin Lasarte.

Betetzeko espetxe urte asko dituztela eta erantzukizun zibila ere ordaintzeko daukatela argudiatu diete gradu aldaketa ukatzeko. Zaballako espetxea (Araba) baimena ematearen alde azaldu zen, baina, hala ere, Espainiako Gobernuak ukatu egin die hirugarren gradua. Langraizeko bidea hartu duten presoek damua azaldu dute, ETArekin apurtu dute eta beraien ardura zibilari aurre egiteko konpromisoa hartu dute. Biktimekin bilerak ere egin dituzte, batzuek barkamena eskatzeko, eta beste batzuek egindako mina aitortzeko. Erabaki horrekin, PSOEren Gobernuak abian jarritako bidea itxi egin du PPk.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezi ez zaio egokia iruditu erabakia, eta Espainiako Gobernuari ohartarazi dio espetxe onurak ez direla «pribilegioa», baizik eta presoen «eskubidea». «Ezin ditugu eskubideak, giza eskubideak eta legea betetzea neurrira egiten den txaketa baten gisa erabili, koiunturaren arabera», esan du Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketan.

Publizitatea