Konponbideari begira

Berriak

Gatazkaren jatorriari buruzko akordioa ez dela posible dio EAJk

Mintegik dio hilketen jatorri politikoa aipatzean biktima denen alde ari zela eta bere hitzak faltsutu egin direla

2013-03-24 / Erredakzioa

Joseba Egibar EAJren GBBko presidentearen ustez, «gaur-gaurkoz» ez da posible gatazkaren jatorriari buruz akordio bat lortzea. Bake eta elkarbizitzarako lantaldeari buruz eta alderdiek gaiaren inguruan duten jarrerari buruz mintzatu da Radio Euskadi irratian. «Mina eta sufrimendua» eragin dela aitortzea begien bistako zerbait aitortzea besterik ez dela esan du, eta beste urrats bat egin behar dela: «Indarkeria eta sufrimendua eragin dutenek euren interesa, kausa edo estatu arrazoia giza duintasunaren aurretik jarri dutela da aitortu beharrekoa».

Bake eta elkarbizitzarako lantaldearen egitekoa ez da «indarkeriaren amaiera egiaztatu edo estatus berriari buruzko akordioa lortzea», Egibarren hitzetan. Haren lana «humanizazioan eta adiskidetzan» aurrera egitea dela azaldu du, eta, ildo horretan, espetxe politika ere aztertu beharko dela. EAJk proposatutako estatus politiko berriari buruz eztabaidatzeko «beste ponentzia bat» egongo dela iragarri du.

Bake ponentziari dagokionez, bai aurreko legealdian hasi zen taldean bai ostiralean onartutako ebazpenean oinarri bat onartu zela nabarmendu du: «Denak bat gatoz interpretazio ugari egongo direla giza eskubideen urratzeen jatorriaren inguruan». Hortik aurrera, batzorde txostengileak elkarrizketa eskatzen duen heinean ekarpena egiten duela iruditzen zaio: «Hitz eginez eta entzunez bestearen jarrera ulertzera irits gaitezke».

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea, berriz, indarkeria goratzea leporatuta kereila jasotzeko EAEko Fiskaltzak egin dion mehatxuaz aritu da Bilbon egindako agerraldian, kazetarien galderei erantzunez. Bere hitzak nahita faltsutu direla salatu du. «Biktima guztien memoriaren defentsa egiten ari nintzen, eta ondo dakite hori legebiltzarrean zeuden guztiek; ondo dakite zein zen nire hitzen borondatea».

Bere hitzen erabilerak «dezepzioa» eragin diola aitortu, eta zenbait alderdi beren interesengatik «edozein prezio ordaintzeko prest» daudela salatu du; bere izen ona zikintzea jarri du adibidetzat.

Mintegiren ustez, PPk Bake eta Elkarbizitzarako batzorde txostengilearen osaera atzeratu nahi zuen, eta horretarako sortu zuen zalaparta arrazoirik ez zegoen lekuan. «Helburua lortu zuen».

Juan Priederen omenaldia

Iñaki Arriola PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak «gizarte sanoa» eraikitzeko deia egin du Orion, ETAk 2002an hil zuen Juan Priede zinegotziari egindako omenaldian. «Elkarbizitza oinarri izango duen gizarte berri bat» sortzeko, «biktimen memoriak present» egon beharko duela ohartarazi du, eta «gertatutakoa onartu» beharko dela, «ez dadin halakorik berriz gertatu».

Publizitatea