Konponbideari begira

Berriak

Emilio Hellin ofizialki ikertzeko eskatu dute Kongresuan

Yolanda Gonzalezen familiak sustatu du eskaera, eta bat egin dute PPk eta UPDk ez beste alderdi guztiek

2013-03-22 / Erredakzioa

Emilio Hellinekin gertatutakoaren inguruan «ikerketa ofiziala eta ebaluazio xehetua» egin dadila eskatu diote Espainiako Gobernuari PPk eta UPDk ez beste alderdi guztiek. PSOEk, CIUk, Ezker Anitzak (IU-ICV-CHA), EAJk eta Talde Mistoak (Amaiur, ERC, BNG, Equo eta Geroa Bai) legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten atzo Espainiako Kongresuan horren guztiaren berri emanez. Yolanda Gonzalez zenaren familiak eta ingurukoek sustatutako ekinaldiari erantzun bateratua eman diote horrela.

Ezker Batuak, Amaiurrek, ERCk eta BNGk ere euren kabuz eskatu izan dizkiote azalpenak Barne Ministerioari gai horren inguruan, baina talde guztiek egin dute bat oraingoan. Jakina zen PPk ez zuela eskaera babestuko, eta UPDk azken unean egin du atzera, Amaiur ere babesleen artean zegoelako. «Erabat lotsagarria eta inkoherentzia penagarria» iruditu zaio UPDri Amaiurrek Emilio Hellinek Segurtasun Indarrekin izandako tratua argitzeko eskatzea.

Familiak txalotu egin du Kongresuko oposizioak agertu duen jarrera. Angel Luis Parra bozeramaileak «eskertu» egin du ikerketa ofizial bat abiatzeko eskatu izana, baina «atsekabez» hartu du PP kanpora gelditzea. «Gobernuan dagoen alderdia izanik, hura izan behar luke lehen interesatua hau guztia argitzen. Espero dut, higiene demokratikoagatik, gobernuak ere baiezkoa ematea, eta gai hau amaieraraino ikertzea», nabarmendu du Parrak.

Gobernuak onartu du Hellin kontratatu zuela 2006 eta 2011 artean Polizia eta Guardia Zibilei ikastaroak emateko. Garai horretan, gobernuan PSOE alderdia ere egon zen, eta atzoko eskaera sinatu zutenen artean dago.

Publizitatea