Konponbideari begira

Berriak

Hamazazpi herrialdetako epaileek ebatziko dute 'Parot doktrinaz'

2013-03-19 /

Europako Giza Eskubideen Auzitegiko areto nagusia izango da iazko uztailaren 10eko ebazpenaren aurka Espainiak jarritako helegitea aztertuko duena.


Areto nagusi hori hamazazpi kidek osatuko dute: presidenteak, bi presidenteordek, areto presidenteek, auzian nahasita dagoen estatuaren ordezkariak —Luis Lopez Guerrak ordezkatuko du Espainia— eta beste herrialde batzuetako epaileek. Zozketa bidez aukeratu ohi dituzte beste herrialdeetako epaileak.


Orotara, Letonia, Liechtenstein, Monako, Austria, Zipre, Italia, Albania, Irlanda, Turkia, Belgika, Txekiar Errepublika, Herbehereak, Moldavia eta Bosnia Herzegovinako epaileak izango dira bihar areto nagusian. Luxenburgoko Dean Spielmann da areto horretako presidentea. Ordezko gisa, Hungaria, Islandia eta Esloveniako epaileek har dezakete parte eztabaidan.


09:15ean hasiko da abokatuen txanda. Aurretik, areto nagusiko presidentea bi aldeetako abokatuekin batzartuko da, txandak-eta zehazteko. Epaileek nahi adina galdera egin diezaiekete abokatuei.

Publizitatea