Konponbideari begira

Berriak

Bakerako lantaldearen oinarriak finkatu dituzte EAJk, PSEk eta PPk

EH Bildu akordiotik baztertzea eta PPrekin «lerrokatzea» egotzi die koalizio subiranistak jeltzaleei eta sozialistei Euskal gatazkak izaera politikoa duela zioen ebazpena atzera bota du Legebiltzarrak
Patxi Lopez PSEko legebiltzarkide eta lehendakari ohia, atzoko osoko bilkuran, The Croods jokoa bere iPadera ekarri nahian.
Patxi Lopez PSEko legebiltzarkide eta lehendakari ohia, atzoko osoko bilkuran, The Croods jokoa bere iPadera ekarri nahian. I. LARRAÑAGA

2013-03-23 / Edurne Begiristain

Joan den legealdian Bake eta Bizikidetzarako lantaldean jasotako printzipioak berretsi eta konpromiso horiek etorkizunean garatu beharreko lanaren «oinarri etiko eta demokratikoak» izan behar dutela hitzartu dute EAJk, PSEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean. Gatazkaren konponbidean egin beharreko urratsak eztabaidatu zituzten atzo osoko bilkura monografikoan, eta EAJk, PSEk eta PPk bat egin zuten joan den legealdiko bakerako lantaldearen oinarriak berresterakoan. Akordio horretatik kanpo nahita utzi dutela salatu zuen EH Bilduk bilkuran, eta «PPrekin lerrokatzea» egotzi zien EAJri eta PSEri.

EH Bilduren ekimenez egin zen atzoko eztabaida. Koalizioaren asmoa zen Euskal Herriko gatazka politikoaren muinaz eta ondorioez «sakon» eztabaidatzea eta konponbidean egin beharreko urratsekin «ibilbide orri integrala» definitzea. EAJk, PSEk eta PPk hitzartutako ebazpenak, baina, ez dio aipamenik egiten gatazkaren izaera politikoari. Hor jasotzen dute ETAk 2011ko urriaren 20an hartu zuen erabakiaren ondoren zabaldu den garaia «ETAren desagerpen behin betikoarekin» finkatu ahal izango dela, eta gertatutakoa berriro gerta ez dadin «arrazoi politiko bat bera ere» ezin dela jarri etika eta giza eskubideen errespetuaren gainetik. Oroimenari dagokionez, «etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeria aitortzea» eskatzen dute, bai eta biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutela ere. Iraganean bakoitzak izan duen ardura aitortzea ere galdegiten du testuan.

Lortutako akordioarekin pozik agertu ziren EAJ, PSE eta, bereziki, PP. Arantza Quiroga PPko parlamentaria, esaterako, «harro» agertu zen ebazpenarekin: «Desberdinen arteko akordioa da. Oinarri etikoan eta demokratikoan bat egiten dugu hiru taldeok. Egin dugun ahaleginak merezi izan du». Laura Mintegik, ordea, EH Bildurekin adosteko borondaterik ez izatea leporatu zien gainerako taldeei, baina gaineratu zuen horrek ez duela bere taldea kikilduko: «EH Bilduk bakearen aldeko apustu irmo eta sendoa egiten jarraituko du». UPDko Gorka Maneirok, berriz, etsigarritzat jo zuen ebazpena, haren hitzetan, testuak ez duelako ETAren indarkeriaren gaitzespena behar beste aipatzen.

Bestelako ebazpenak ere onartu zituzten atzoko saioan. EH Bilduk hamar proposamen aurkeztu zituen, eta hiru baino ez ziren onartu, jeltzaleen aldeko botoarekin. Ebazpen horietan, biktima guztiak aitortzea, konponbide prozesuan gizartearen parte hartzea sustatzea, eta Ajuria Eneko itunaren hamargarren puntua gogoan harturik Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazio prozesu bati babesa agertzea jasotzen da. Ordea, Legebiltzarrak atzera bota zituen koalizioaren gainerako ekimenak, tartean, euskal gatazkaren izaera politikoa aldarrikatzen zuena, Espainiako Gobernuari eskatzen ziona ETArekin hitz egin zezala desarmeaz eta presoen auziaz, eta Jaurlaritzari galdegiten ziona euskal presoak Euskal Herriratzeko eta gaixorik daudenak kaleratzeko ekimena har zezala. Bestalde, UPDren beste bi ebazpen ere aurrera atera ziren, EH Bildu ez gainerako taldeen babesarekin. ETAri baldintzarik gabe desegiteko eta egindako mina aitortzeko eskatzen dio batak, eta «terrorismoaren biktimei merezi duten arreta» eskaintzeko, besteak.

Eztabaidatik ihesi

Onartutako ebazpenetatik harago, atzoko eztabaidak agerian utzi zuen bake eta konponbide prozesuan urrun daudela alderdi batzuen eta besteen arteko jarrerak. Hain zuzen, gatazkari buruzko eztabaida «lubakietatik» ateratzeko ahalegina egiteko eskatu zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak hitza hartu bezain pronto: «Gatazka diskurtso batetik konponbide diskurtso batera pasatu beharra daukagu». Gatazkaren jatorri politikoa aldarrikatu zuen, eta haren ondorioei buruz akordioak lortzeko beharra nabarmendu ere bai.

PSEk, PPk eta UPDk, ordea, ETAren indarkeria bakarrik jorratu zuen gatazkaren inguruko eztabaidan, eta EH Bilduren aurka jotzeko baliatu zuten euren txanda. ETAren hilketetan EH Bilduk erantzukizuna duela esanez abiatu zuen hizketaldia PPko Antonio Basagoitik. Jarraian, eztabaidatzeari uko egin eta ETAri egozten zaizkion 857 biktimen izen-abizenak banan-banan irakurri zituen PPkoak: Jean Serge Nerinetik hasi, eta, Jose Pardinesekin bukatu zuen —Begoña Urroz haurra aipatu gabe utzi zuen —. Zerrendarekin amaitu eta gero, hildakoak gatazka politikoaren ondorio direla esatea ETA justifikatzea dela argudiatu zuen.

Rodolfo Ares PSEko legebiltzarkideak ere ETAren ibilbidea «justifikatu» nahi izatea egotzi zion EH Bilduri: «Ez duzue lortuko historia berridaztea. Herri honetan gertatu den egiazko kontakizuna demokratok idatziko dugu». Urratsak egiteko eskatu zion koalizioari: «Oraindik etxeko lanak egiteke dituzue». UPDko Gorka Maneirok harago jo zuen, eta ETA gaitzesten ez duen bitartean EH Bildurekin hitz egiteari uko egiteko deia egin zien gainerako taldeei.

EAJtik Joseba Egibarrek, berriz, gatazkaren izaera politikoa nabarmendu zuen batetik, eta ETAren indarkeriari buruzko «gogoeta etikoa eta politikoa» egiteko eskatu zion EH Bilduri, bestetik. Eusko Jaurlaritzatik, Iñigo Urkullu lehendakariak bake txostenaren balioa aldarrikatu zuen elkarren arteko «mesfidantzak» gainditzeko.

Publizitatea