Konponbideari begira

Berriak

Otegirentzat eta Egigurenentzat izango dira aurtengo Gernika sariak

Bakeari egindako ekarpenagatik sarituko dituzte; «elkar ulertzea bultzatu dute», esan du Gernikako alkateak

2013-03-23 / Erredakzioa

Arnaldo Otegi eta Jesus Egigureni emango dizkiete, besteak beste, aurtengo Bakearen eta Elkarbizitzaren aldeko Gernika sariak. Bi politikariek Euskal Herrian bakeari egin dioten ekarpena nabarmendu dute epaimahaiko kideek —Gernikako Udalak, Gernika Gogoratuz elkarteak, Kulturaren Etxeak eta Bakearen Museoak osatu dute—. Gernikako alkate Jose Mari Gorroñok azaldu duenez, «elkar ulertzea» bultzatu dute Egigurenek eta Otegik, «ideologikoki elkarrengandik urrun egon arren».

Ezker abertzaleko eta PSE-EEko bi politikariak ez ezik, Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua ere sarituko dute aurten. Urtero bezala, apirilaren 26an egingo da sari banaketa, Gernikaren bonbardaketaren urteurreneko ekitaldien barruan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hautagaien artean izan dira PKK-ko buruzagi Abdullah Ocalan eta Gesto por la Paz elkartea.

Publizitatea