Konponbideari begira

Berriak

Gomez Bermudez harro 'Parot doktrina' sustatu zuelako

Auzitegi Nazionaleko epailea, Amaia Izko abokatua eta Jon Garai Herrira-ko kidea doktrinari buruz aritu dira mahai berean Entzuleek aurrez aurre adierazi dizkiote epaileari mota guztietako kexa eta zalantzak
Gomez Bermudez epailea, Izko abokatua eta Garai Herrira-ko kidea, mahaian esertzen.
Gomez Bermudez epailea, Izko abokatua eta Garai Herrira-ko kidea, mahaian esertzen. L. JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Parot doktrina justua da; orain arteko okerra zuzentzera dator». «Doktrinaren akats bakarra, presoaren espektatibak zapuzten dituela da». «Ez da egia bakegintzarako oztopoa denik». Legea behar bezala ezartzea esan nahi du 197/2006 doktrinak Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen ustez. Sutsu defendatu du presoen espetxealdiak urteetan luzatzen dituen neurria. Aspaldi egin behar zen «interpretazio berria» dela dio, eta bera pertsonalki urteetan tematu ondoren ezarri dela.

Bilbon egin du doktrinaren defentsa, oso gune berezian gainera. Bizkaiko Abokatuen Bazkunak antolatuta, mahai berean aritu dira Gomez Bermudez, Amaia Izko Abokatua, Jon Garai Herrira-ko kidea, eta Rafa Sainz de Rozas Arartekoaren aholkularia. Hau da, doktrinaren sustatzaile nagusia izan dena, eta neurriaren aurkari sutsuak.

Entzuleak ere denetarikoak izan dituzte, baina, gehien-gehienak, doktrinaren aurkakoak. Euskal presoen defentsan aritzen diren abokatu asko, zein Giza Eskubideen Behatokiko, Sortuko, Amaiurreko eta Ernaiko ordezkariak, besteak beste. Doktrina ezarrita espetxealdia luzatu ondoren neurria gaizki aplikatu zaielako askatu duten preso ohirik ere izan da. Zuzenean egin dizkiete galderak entzuleek epaileari, eta zuzen erantzun die Gomez Bermudezek ere, behin baino gehiagotan arrazoi emanda, eta auzitegiek hartzen dituzten hainbat neurrik eragiten duten mina aitortuta.

Errespetu osoz egindako elkarrizketa emankorra utzi du saioak, halako gai baten inguruan sekula ikusi gabekoa; bakegintzarako elkarlanean aritu beharraz ere aritu da epailea, beste garai batzuetan etsaien arteko liskarra eragingo lukeen ekimen batetan. «Gustua ematen du Euskadi nola dagoen ikusteak, egia da, eta guztiok nahi dugu horretan sakontzea. Baina urratsak egin behar dira. Denok elkarrekin egin behar dugu arraun, noski, baina lege barruan», adierazi du.

197/2006 doktrina ez dela bakerako oztopo adierazi du. Neurria oso pertsona gutxiri ezarri zaiela adierazi du, «50i soilik, eta hori praktikan ez da ezer; eragina sinbolikoa da praktikoa baino gehiago». Mina eragin du horrek entzuleen artean, eta min hori onartzen duela erantzun die entzuleei: «Ez nuen fribolitatez aritu nahi».

Edozein kasutan, doktrina alde batera utzita, badaudela presoak espetxeetatik lehenago ateratzeko beste neurri batzuk azaldu du. «Banakako neurrien onurez baliatu daitezke».

Doktrinaren premia azaltzerakoan, orain arteko «onkeria» amaitu beharra dagoela adierazi du. Izan ere, bere ustez, legea ez da zuzen interpretatu orain arte. Legearen sorreraraino egin du atzera. Frankismoaren ondorenera. Garai haietan espetxeak presoz beteta zeudela esan du, horietako asko mugimendu sozialetakoak zirela, eta hustu egin behar zirela kartzelak. Hori dela-eta, 30 urteko zigorrak zituzten presoak lehenago kaleratzeko neurria hartu zela esan du. Horregatik egin zela orain arte indarrean izan den baina bere ustez okerra den interpretazioa.

Garai zehatz hura amaituta, interpretazioa ere aldatu behar zela dio epaileak: «Ezin dute espetxealdi bera bete ia 30 urteko espetxe zigorra duenak eta 3.000 urtekoa duenak». Horregatik dio doktrina «justua» dela eta lehenago ezarri behar zela.

Gainontzeko hizlariek doktrinak oinarrizko giza eskubideak urratzen dituela salatu dute; baita moderatzaile lanetan aritu den eta Abokatuen Bazkuneko dekano den Nazario Oleagak ere. Herrira-ko kidea, euskal gizartearen nahiari eta konponbideari begira aritu da.

Alde batera edo bestera, argia

Gauza bakarrean egin dute bat bi aldeek: Hurrengo asteazkenean Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren kasuari erantzunez 197/2006 doktrinari buruz emango duen epaia argia eta sakona izango dela. Auziaren funtsari helduko diola uste dute Gomez Bermudezek eta Izkok, eta zalantzarik gabeko epaia izango dela. Hortxe erabakiko da behin betiko doktrinaren bidea: bere amaiera hasiko duen, edo aurrera jarraituko duen.

Entzuleen galderei erantzunda, beste zenbait gairi buruz ere aritu da epailea. Torturak saihesteko behar adina neurririk ez dela hartu izan aitortu du, esaterako, berak ez duela «sekula beste aldera begiratu» zehaztuta: «Esan dezatela zer jarri nuen bere epaietan hemen diren Martxelo Otamendik edo Maribi Ugarteburuk».

Informazio osagarria

Publizitatea