Konponbideari begira

Berriak

Prozesua desblokeatzeko erronka du gaur Iruñean abiatuko den foro sozialak

Desarmatzeko agenda, giza eskubideen bermea eta preso eta iheslarien itzulera landuko dira foroan, besteak beste
Lokarriko Paul Rios eta Ana Elvira, eta Bake Bideako Peio Dufau, Foro Sozialaren aurkezpenean.
Lokarriko Paul Rios eta Ana Elvira, eta Bake Bideako Peio Dufau, Foro Sozialaren aurkezpenean. J. MANTEROLA / ARP

2013-03-14 / Hodei Iruretagoiena

600 lagun ingururen parte hartzearekin abiatuko da gaur arratsaldean, Iruñeko Baluarten, Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako Bake Prozesua Indartzeko Foro Soziala. «Prozesua desblokeatzea beharrezko den honetan», gizartearen parte hartzearekin eman nahi diote bultzada «bakea eraikitzeko erronka kolektiboari». Antolatzaileek gogoratu dute 2006ko prozesuan «ikusle rol hutsera zokoratuak» izan zirela herritarrak. «Ezin dugu akats bera egin. Gizartea giltzarria izan da aparteko une honetara iristeko».

Euskal Herriko ordezkariez gain, nazioartean «entzutetsuak» diren adituak ere izango dira Iruñean. Desarmatze eta desegiteko agendari buruz ariko da, beste aditu batzuekin batera, Ipar Irlandako Desarmatze Batzordeko kabineteburu Aaaro Suonio. Atsedenaldiaren ondoren, giza eskubideen bermeaz arituko dira. Bihar, berriz, preso eta iheslarien itzulera eta «iraganari aurre egiteko» moduak jorratuko dituzte Bilbon.

Ipar Euskal Herriko indar politiko guztiak izan ziren abenduko Baionako Foroan. PSE-EE eta PP, ordea, ez dira egongo Iruñean eta Bilbon. Dena den, pentsaera ugaritako gazteak daude bultzatzaileen artean; tartean, JSE Euskadiko Ezkerraren Gazteak. Parte hartuko dute, besteak beste, EPPKren bitartekariek ere.

Konponbiderako aukerak

Sortuk, berriz, dei egin dio gizarteari gatazkaren konponbidean «parte aktibo» izan eta Foro Sozialak «eskain ditzakeen tresnak» balia ditzan. Pernando Barrena bozeramaileak adierazi duenez, «aukera errealak daude bake justu eta iraunkorra lortzeko». Desarmatzeko eta presoak etxeratzeko baldintzak badaudela gogoratu du, nazioarteko eragileen laguntza eta ETAren borondatea nabarmenduz. Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera «arduragabea» salatu du. EAJri, berriz, «aurrerapausorik ez egotearen zama prozesua konponbide bururaino eramateko prest daudenen gain uztea» egotzi dio.

Publizitatea