Konponbideari begira

Berriak

Nazioarteko 12 adituk parte hartuko dute bake prozesua indartzeko foroan

Martxoaren 14an eta 15ean egingo da foroa, Iruñean eta Bilbon, eta adituen eta herritarren ekarpenak bilduko dira
Paul Rios, Ana Elvira eta Peio Dufau, atzo, Iruñeko Tres Reyes hoteleko prentsaurrekoan.
Paul Rios, Ana Elvira eta Peio Dufau, atzo, Iruñeko Tres Reyes hoteleko prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / ARP

2013-03-07 / Joxerra Senar

Tony Blairren aholkulari zenak, Jonhattan Powellek, bake prozesu bat bizikletan malda goran joatearekin parekatu ohi du: pedalei ez eraginez gero, erori egingo da txirrindularia. Metafora hori erabili du Paul Rios Lokarriko eledunak datorren astean Iruñean eta Bilbon egingo den foro sozialaren aurkezpenean. Urte eta erdian aurrerapausoak eman badira ere, Riosek uste du arazo eta erronka handiak daudela oraindik ere bake prozesua errotu dadin. Horregatik, bake prozesuari bultzada bat emateko asmoz, nazioarteko hamabi adituk foro sozialean parte hartuko dute, eta euren esperientzia azalduko diete bertaratzen direnei, zuzenean.

Bake Bidea elkarteko Peio Dufauk eta Lokarriko Paul Riosek eta Ana Elvirak aurkeztu dute ekitaldia. Foro sozialean hiru gai nagusi jorratuko dituzte adituek: desarmatzea eta preso zein iheslariak itzultzeko agenda; giza eskubide guztien bermea, eta iraganean gertatutakoari nola aurre egin. Dufauk euskaraz esan du «oso zaila» dela halako aditu talde bat biltzea, eta nabarmendu du euren ezagutza eta ideiak partekatzeko prest direla. Dufauk gaineratu du eskarmentu handia dutela nazioarteko bake prozesu ezagunetan, hala nola Irlandan, Hego Afrikan, Aljerian, Bosnia-Herzegovinan, Kolonbian, Burundin eta Sri Lankan.

Adituek «adorea» eman

Etorriko direnen artean, Dufauk Aaro Suonio eta Robert McBride aipatu ditu. Suonio Ipar Irlandako Desarmearen Batzordeko kabineteburua izan zen, eta McBride, Afrikako Kongresu Nazionaleko adar armatuko komandanteordea. Biak, Iruñean izango dira desarmeari buruz hitz egiten. Gainera, Priscilla Hayner Justizia Trantsizionalerako Nazioarteko Zentroko sortzaileetako batek eta Brandon Hamberrek giza eskubideen bermeaz eta iraganari nola aurre egin gaiari buruz hitz egingo dute.

Dena den, Peio Dufauk azpimarratu du bake prozesua errotu dadin ezinbestekoa dela gizarteak parte hartzea. «Nazioarteko babesak adorea ematen digu. Ez gaude bakarrik eginkizun handi honetan, baina guk denok dugu gaurtik hasita errespetuan, pluralismoan eta barne hartzean bizikidetza eraikitzen hasteko betebeharra». Dufauk argudiatu du aditu guztiek esan dutela gizartearen inplikazioak garrantzia duela. «Jendartea giltzarria izan da, bere konpromisoari eta behin eta berriz ekiteari esker», azaldu du Dufauk eta dei egin die herritarrei, «bakea eraikitzeko erronka kolektibo handi honetan inplikatzeko prest diren pertsona guztiei», foro sozialean parte har dezaten.

Paul Riosek gaineratu du foroan adituen eta herritarren ekarpenak biltzeko asmoa dutela, eta ideia horiekin guztiekin lan egingo dute datozen asteetan. Helburua da apirilaren erdialdera egun diren korapiloak askatzen laguntzeko gomendioak kaleratzea.

Informazio osagarria

Publizitatea