Konponbideari begira

Berriak

EPPK-k baimena eskatu dio epaileari Lokarriren foroan parte hartzeko

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak dio «nahitaezkoa» dela haiek foroan izatea, «han jorratuko diren gaien garrantziagatik» Hala, baiezkoa eman dio Lokarrik berak kolektiboari egindako gonbidapenari

2013-03-02 / Erredakzioa

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak baiezkoa eman dio Lokarrik bere foroan parte hartzeko eskatuz igorritako gonbidapenari. Hori dela eta, irteteko baimen berezia eskatu die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Frantziako Zigorren Aplikaziorako epaile zentralari, martxoaren 14an Iruñean eta 15ean Bilbon egingo diren bileretan parte hartu ahal izateko. Lokarrik eta Bake Bideak antolatuko duten foro horretan parte hartzea «nahitaezkoa» ikusten du EPPK-k, «bilkura beraren eta han jorratuko diren gaien garrantziagatik». Hori dio BERRIAri igorritako agirian.

«Ekinaldi berritzaile eta inoiz egin gabekoa» jakinarazten du bertan presoen kolektiboak: «Gatazka Politikoaren Konponbiderako Foro Sozialean parte hartzeko erabakia». Bertan onartzen du foroaren antolatzaileek EPPK-ri gonbidapena igorri diotela, eta gonbidapen hori onartuz kolektiboaren mintzakidetzak foro horretan parte hartzea erabaki duela. Horretarako, antolatzaileei bidalitako gutunaren berri ematen dute. «Gatazka politikoa eta zehazki bere ondorioak konponbidean jartzeko egiten ari zareten ahalegina aitortzera gatozkizue», diote foroaren antolatzaileei igorritako gutunean. «Frantzia eta Espainiaren jokabide oztopatzaile eta arduragabekoa kontuan hartuta», EPPK-k bere eskuetan dagoen guztia egingo duela dio «konponbide politiko integralaren mesedetan».

Irteera baimen berezia

Agiriaz eta gutunaz gain, espetxe zaintzari egindako eskaerari buruzkoak ere jasotzen ditu EPPK-k. Foro sozialaren nondik norakoak azaltzen dizkio bertan kolektiboak espetxe zaintzari, egunen eta lekuen berri, eta foroak duen garrantziaren berri. Bake prozesua bultzatzeko foroa dela, desarmea, giza eskubideak, eta presoen bergizarteratzea jorratuko direla bertan. «Euskal presoen presentzia gabe zaila izango da gai horietan aurrera egitea. Preso horiek adierazi dute jada prozesu horrekiko duten konpromisoa eta prozesu hori bultzatzeko urrats positiboak egitekoa», gogorazten dute euren eskaeran. Guzti hori dela eta, «nahitaezkoa» da haien iritziz presoen bozeramaile batek foro horretan parte hartzea.

Baimen berezi hori lortzeko eskaerak, gainera, espetxeetako legedian tokia baduela argudiatzen du Euskal Presoen Kolektiboak. Espetxeetako Lege Organikoaren 47.1 artikuluak zera baitio: «[...] garrantzitsuak eta egiaztatuak diren arrazoiengatik, segurtasun neurri egokiekin, irteteko baimenak emango dira [...]».

Artikulu horretan oinarrituz, beraz, martxoaren 14an Iruñeko Baluartera eta martxoaren 15ean Bilboko Campos Antzokira joateko baimena eskatzen du EPPK-ren mintzakidetzak bere eskaera orrian, eta horrela jakinarazten dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe zaintzako epaileari.

Lokarriren galdetegia

Lokarrik aurrera jarraitzen du foro soziala prestatzeko bere lanekin. Herritarren ekarpenak ere bildu nahi dituzte foro horretan eta hainbat galdetegi jarri dituzte haien eskura, euren webgunean (www.bakeforosoziala.org/zure-iritzia). Galdetegi bakoitzak hainbat gai biltzen ditu: desarmea, presoak eta iheslariak, eta giza eskubideak, besteak beste. Horiekin batera, aurrera egiteko lagungarriak izan daitezkeen ideia edo proposamen batzuk zehazteko eskatzen die Lokarrik herritarrei. Galdetegiak norbanakoek edo taldeek erantzun ahalko dituzte. Eskatutako datuak partaideen profilaren estatistika egiteko soilik erabiliko dira, emandako iritziekin lotu gabe. Erantzunak ez dira publikoak izango, galdetegietan jasotako iritzien pribatutasuna bermatuko da, eta erantzunak bidaltzeko epea martxoaren 14an bukatuko da. Lokarrik jakinarazi du jada 200 herritarren ekarpenak jaso dituztela.

Bestalde, Etxerat elkarteak, martxoaren 17an Gernikako Jai Alai pilotalekuan egingo den bertso saio baten berri eman zuen atzo, Bilbon. Etxeratek urtero antolatzen du preso, iheslari eta deportatuei elkartasuna adierazteko bertso saioa Oiartzunen, baina beste urrats bat egin eta Bizkaian ere saioa antolatu dute. Han ariko dira Xabier Amuriza, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jone Uria, Fredi Paia, Xabi Paia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballes. Gai jartzaile lanetan Josu Goikoetxea ariko da.

Aldi berean, Herrira mugimenduak bat egin du gaur Logroñon Bateragune auzian zigortu zituztenen alde egingo den kontzentrazioarekin (12:00). Hainbat alderdi, sindikatu eta norbanakoren babesa jaso du ekinaldiak, eta jendetza espero da espetxearen kanpoaldean.

Publizitatea