Konponbideari begira

Berriak

Tortura. Urtebete salaketarik gabe

Urtebeteko arnasa

Urtebete da TATek tortura salaketarik jaso ez duela. Historikoa da. Baina tortura ezin dela amaitutzat jo dio: «Inkomunikazioa esku artean dute oraindik, badaezpada».
Antifaza begietan, eta hamar orduz zutik. Uste dut zortzi guardia zibil nituela inguruan. Kolpeak ematen zizkidaten bularraldean, bizkarraldean eta barrabiletan (...). Barrabilak estutzen zizkidaten. (...). Emaztea bertara ekarri eta bortxatuko zutela esaten zidaten. Haurrak non ibiltzen ziren bazekitela. (...). Masa moduko bat egiten zuten eta sudurraren aurrean jartzen zidaten. Su ematen zioten eta berehala zerbait berezia arnasten ari nintzela nabaritzen nuen. (...). Ondorio hauek nabaritu nituen: nerbioak, hankak ezin nituen geldirik eduki, oreka galdu nuen, eta eskuak eta besoak oso hotz nabaritzen nituen». Duela urtebete Inazio Otañok salatu zuen tratuaren pasarte bat da. Hiru egunez inkomunikatuta eduki ondoren kontatu zien bizi izandakoa abokatuei, kartzelan.

«Zaina bilatzeko esan zion guardia zibil batek beste bati. Bien artean besoa eutsi zidaten eta zainaren inguruan ziztada txiki bat nabaritu nuen. (...). Elektrodoak jartzeko imintzioa egin zuten. (...). Galtzak indarrez jaitsi zizkidaten, eta makurtuta jarri ninduten. Ipurdiko zulotik arkatz edo boligrafoaren punta izan zitekeen zerbait sartu zidaten».

«Epaileari jasandako tratua azaldu nion. Ohartarazi zidan salatu nuen tratua ez bazen egia funtzionario publikoaren aurkako testigantza faltsua egiten ariko nintzela, eta hori delitua dela. Ea salaketarekin jarraitu nahi nuen. Baietz esan nion, guztia egia zelako, eta odol analisiak egiteko eskatu nion». Iñaki Igarategik ere, zeina Otañoren sarekada berean atxilotu zuten, konortea galdu arterainoko torturak jasan zituela salatu zuen.

Torturaren Aurkako Taldeak jaso dituen azken bi tortura salaketak dira. Bihar urtebete izango da tortura salaketarik jaso gabe. «Historikotzat» jo du datua, baina tortura amaitu denik ezin dela ondorioztatu dio Lorea Bilbaok, TATeko kideak. Tortura ahalbidetzen duten tresnak indarrean daudela oraindik. Inkomunikazioa hor dago, «badaezpada».

Bilbaoren ustez, ez da kasualitatea atxiloketak egon diren arren tortura orain eten izana. «Torturatzea edo ez torturatzea erabaki politikoa da». Eta torturak etetea ETAk jardun armatua eten eta hilabete batzuetara etorri da. 2011n hamahiru tortura salaketa izan ziren. «Mendekuagatik izan zela uste dut, 'Hemen gaude', esateko», dio abokatuak. Aurrez, 2006ko su-eten garaian, hiru tortura salaketa «soilik» izan ziren. Hori ere, ordura arte ikusi gabeko datua izan zen.

Hala ere, Bilbaoren hitzetan, urtebeteren ondoren ezin da ondorioztatu tortura amaitu dela «Momentu honetan ez dira ari inkomunikazioa ezartzen, baina hor jarraitzen du; edozein momentutan heldu ahal diote berriz». Hortaz, «badaezpada» esku artean izan nahi duten «baliabide bat» dela dio, «oso baliagarria» zaielako. Tortura ondo pentsatutako erabaki baten ondorio izanik, «erantzuleak» zeintzuk diren argi dauka Bilbaok. Eta ez dira gutxi. Politikariengana jo du lehenik, «legeak politikariek egiten dituztelako». «Inkomunikazioa bulegoetan adosten da», ohartarazi du. Hortaz, politikariak zein gobernuek erantzukizun zuzena dutela dio. «Politikariek esango balute hemendik aurrera ez dela inkomunikatuko, amaitua legoke».

Ez du zalantzarik tortura ahalbidetzen duen tresna nagusia inkomunikazioa dela esateko. Inkomunikatuta dagoen atxilotuak ezin du bere konfiantzazko abokatuarekin hitz egin. «Baina ezta ofiziozkoarekin ere». Ofiziozko abokatua Madrildik joaten da komisariara, baina egon besterik ez du egiten. Ezin du ez atxilotuarekin hitz egin, ez ezer esan. Atxilotu askok ez dute jakiten han dagoela ere. Ez dute ikusten.

Konfiantzazko medikurik ez du inkomunikazioa ezarria duenak. Auzi medikuak artatzen du atxilotua. Auzitegi Nazionaletik joaten da, eta, Bilbaoren hitzetan, «torturak ezkutatzeko profesionala» da. Atxilotuei egiten dizkieten artatzeak «oso kaskarrak» izaten direla dio. Sarri, galdeketen gela berean egiten direla, eta, horrela, beldurrez inguratuta hasten dela azterketa. Ondorioz, atxilotuei ez diete inolako konfiantzarik ematen, eta, sarritan, haiek ez diete zertzuk pasatzen ari diren jakinarazten. Gainera, atxilotua benetan artatu ordez, kontatzen dietena halahola idatzi besterik ez dutela egiten salatu du. «Horrela ezin da jaso tortura salaketa bat!». Pertsona hori ondo aztertu behar dela dio, eta komisarian ez badaude horretarako baliabideak, ospitalera eraman behar duela proba zehatzak egitera. Probak egoki eginda, pertsona hori torturatzen ari diren edo ez frogatu ahalko litzakeela azaldu du.

Baina auzi mediku gehienek beren lana torturek utzitako arrastoak justifikatzera bideratzen dutela salatu du. «Tratu txarrek utzitako markak eltxoen ziztadak direla esaten ikusi ditugu; ubelduren inguruan, atxilotuak azal fina duela; eta burua galdua duenaren kasuan, egoerak urduritasuna sortzea normala dela». Horiek hala, auzi medikuak torturen erantzule «oso modu larrian» direla uste du.

Atxilotu batek auzi medikuari tratu txarrak jaso dituela esaten dionean, epaileari zuzenean eman behar dio horren berri, legez. Epaileak, «zerbait arraroa» egon dela sumatzen badu, komisariara bertara joateko aukera du, zer gertatzen ari den bere begiekin ikusteko. «Hori ez da sekula gertatu», esan du.

Atxilotuak habeas corpus-a eskatzeko aukera ere badu; polizien eskuetan tratu desegokia jasoko duela pentsatzeko zantzuak daudenean, zuzenean epailearen aurrera eraman dezaten. Auzi medikuari egin izan diote eskaera atxilotuek, eta horrek, eskaera zuzenean bideratzeko beharra du. Baina medikuak, sarritan, ez du eskaera bideratzen, eta hala egiten duenean, epaileak atzera botatzen du. Hortaz, atxiloketa agintzen duen epailearen erantzukizuna zuzena da tortura kasuetan, abokatuaren ustez: bai atxilotua inkomunikatzeko agindu duenean, bai atxilotuak tratu txarrak jasotzen ari dela azaldu arren inolako neurririk hartu ez duenean, bai bere aurrean torturak salatuta ere eginbiderik bideratu ez duenean. Izan ere, epaileak tortura salaketei bide emateko eginbeharra duen arren, ez du horiek ikertzeko agintzen; ez du salaketa egokitzen zaion auzitegira igortzen.

Gerora, atxilotuek beraiek tortura salaketak jartzen dituztenean, auzi horiek ikertzen dituzten epaileek ere ez dutela ezer egiten salatu du TATeko kideak. «Ez dute inolako borondaterik ikertzeko». Tortura salaketak Euskal Herriko auzitegietan aurkeztu ohi dira, atxilotu bakoitzaren bizileku ondoko epaitegietan. Horiek, auzia «gainetik kentzen» saiatu ohi dira lehenik; Madrilera desbideratzen. Eta hori ikertzea beraiei dagokiela ebazten denean, «pare bat tramite» egin, eta zuzenean artxibatzen direla salatu du: «Ikertu ezazue azkeneraino zer gertatu den!», eskatu die. Haren ustez, «ez dute busti nahi» ordea.

Komunikabideek ere badutela erantzukizuna dio, tortura salaketak isildu egiten dituztelako. «Euskal Herrian badira pare bat komunikabide agertzen dutenak, baina Espainiako komunikabideak entzun edo irakurtzen dituztenek ez dute sekula jakingo errealitate hori ere badagoela».

Ondorioa argi du Torturaren Aurkako Taldeak: «Bost egun horietan inork ez daki zer gertatzen ari den eta egiten diren salaketak isildu egiten dira». Gune «ilun» horietan tortura saihesteko bermeak ezartzea «ezinezkoa» da. Tortura amaitzeko, inkomunikazioa indargabetzea ezinbestekoa da. Eta, horrez gain, beste neurri batzuk ere hartzea.

Edozein kasutan, bermea, atxiloaldia saihestea izango litzateke: «Atxilotua epailearen aurrera zuzenean eramango balitz komisaldegitik igaro gabe, ez legoke torturarik».

Baina auzitegiei torturak baliagarri zaizkiela ohartarazi du Bilbaok, eta epaileak horren parte direla. Torturak saihesteko protokoloak iragarri izan dituzten arren, horiek ez dute emaitzarik eman. «Epaileek protokoloa ezartzeko agindu duten kasuetan ez dugu sekula atxiloaldiaren grabazioa ikusteko aukerarik izan. Edo komisaldegi horietan ez dago kamararik, edo ez daude leku guztietan, edo ez da ikusten. Ez da serioa».

Informazio osagarria

Publizitatea