Konponbideari begira

Berriak

Egiaztatze Batzordeak alde guztiei eskatu die «urratsak orain egiteko»

ETAk bere konpromisoak betetzen segitzen duela ziurtatu du egiaztatzaile taldeak, eta ongietorria egin dio legebiltzar berriari Baikor agertu arren, «garai historiko hau aprobetxatzeko» deia egin diete guztiei

2013-02-21 / Hodei Iruretagoiena

Ezinbestekoa da, atzerapenak saihesteko, urrats egokiak orain egitea ». Hala adierazi dute Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek, Bilbon eragile ugarirekin egindako bileraren ostean, eta alde guztiei eskatu diete pausoak emateko. Egunotan izandako harremanen ondorioz, «euskal gizarteak bakea sendotzeko egin beharreko urratsei buruz itxaropen handiak» dituela baieztatu dute, ohar bidez esan dutenez. Horregatik, dei egin diete alde guztiei «urrats horiek egin eta konfiantza sortzeko neurriak har ditzaten».

PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek bilerara sartu aurretik argitu duenez, Espainiako eta Frantziako Gobernuarengandik «keinuak» espero dituzte Mannikalingam buru duen taldeko kideek. Horiek baikor agertu dira bileraren ondoren, eta «pauso horiek» emango direla espero dutela adierazi dute.

Indar politiko guztietako ordezkariak izan dira bileran, PPkoak, UPNkoak eta UPDkoak izan ezik. Pastorrez gain —PSE-EEren ordezkari gisa izan zen—, han izan ziren EAJko Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena. Besteak beste, ELAko Raul Arza, LABeko Ainhoa Etxaide, UGTko Emilia Malaga, Confebaskeko Miguel Angel Lujua, eta Juan Maria Uriarte Gipuzkoako gotzain ohia ere izan ziren bileran. Egiaztatze Batzordeko kideen bilera nagusia atzo izan bazen ere, alde biko bilerak ere egin zituzten astelehen eta asteartean, atzo Bilbon izan ziren eragileetako ordezkariekin. Aipatutakoez gain, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin ere izan ziren alde biko bilera horietako batean.

Bilkura horien aurreko egunetan adierazpen ugari izan dira ETAk arma uzteko bidean pausoren bat iragarriko zuela esanez, batez ere, PPren aldetik. Iñaki Oiarzabal idazkari nagusiak, esaterako, ETAk «partzialki» armak utziko zituela esan zuen asteartean, beste behin. Zurrumurru horiek astelehenean bertan gezurtatu nahi izan zituzten Egiaztatze Batzordeko kideek, eta aurreratu zuten ez zutela «berritasun nabarmenik» espero bileren ostean.

ETAren konpromisoaz

Izan ere, «pozik» agertu ziren atzo ETA bere konpromisoak betetzen ari dela eta. Eragileekin nahiz ETArekin berarekin izandako harremanetan hala baieztatu dutela adierazi zuten Manikkalingamen taldekoek: «ETAk bere konpromisoak betetzen jarraitzen du, su eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria iragarri zirenetik bi urte eta jarduera armatua behin betiko utzi zuenetik hamasei hilabete pasa diren honetan».

2011ko irailean aurkeztu zuten Egiaztatze Batzordea, eta ETAk hurrengo egunean bertan erantzun zion haren eskaerari. Izan ere, ontzat jo zuen batzordea, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin zien hala egin zezaten. Urte bereko urrian berriz, jardun armatua behin betiko utz zezan eskatu zioten nazioarteko kide esanguratsuek ETAri, Aieteko Adierazpenaren bidez. ETAk hala eginez gero, Frantziako eta Espainiako Gobernuei zegokien ETArekin elkarrizketak abiatzea, «gatazkaren ondorioei» buruz hitz egiteko, Aieteko Adierazpenaren arabera. Espainiak eta Frantziak, ordea, ez diete oraindik erantzun nazioarteko kideen eskaerei.

Legebiltzarrari ongi etorria

Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako indar politiko guztien ordezkaritzaz osatutako Eusko Legebiltzar berriari ongi etorria eman dio Egiaztatze Batzordeak. «Batzordeak konfiantza osoa du Legebiltzar honek aurrera egingo duela bakea sendotzera bidean», gaineratu dute. Zehazki, joan den ostegunean osatu zen Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldea izan dute hizpide, alde guztien arteko elkarrizketa bultzatzen lagunduko duelakoan.

EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu zuten, joan den ostegunean, Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldea. Abstentziora jo zuen EH Bilduk, lantaldea «indar politikoen korrelazio berria oinarri hartuta» abiatzea eskatzen baitzuen, eta ez aurrekoaren segida gisa. Aurkako botoa eman zuten PPk eta UPDk, testuak ez zuelako ETA gaitzesten eta koalizio subiranista lantaldean onartu zutelako. EH Bilduk salatu zuenez, azken orduan aldatu zuten onartu beharreko testua EAJk eta PSE-EEk, eta aurreko legegintzaldian abiatutako lanari eman zioten jarraipena. Den den, EH Bilduk esana du parte hartuko duela lantalde horretan.

Pastorrek atzo adierazi zuenez, oso «garrantzitsua eta argigarria» izango da Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldeak egingo duen lana. Ñabardura bat ere gaineratu zuen, ordea, Egiaztatze Batzordearekin izan aurretik egindako adierazpenetan: «Hemen elkarrizketarako guneak zabaltzen diren heinean, garrantzia galtzen doa, logikoki, egiaztatzaile edo bitartekari talde horien presentzia».

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak, berriz, ongietorria eman zion Manikkalingamen taldeari: «Ezin da gutxietsi inongo ekarpenik». Horretaz gainera, aurreratu zuen Urkullu lehendakariak «ekarpenen bat egin dezaketen guztiekin» egingo duela lan.

Publizitatea