Konponbideari begira

Berriak

Sakabanaketa amaitzeko eskatu du legebiltzarrak, PSEko hautetsi batek botoa gaizki eman duelako

EH Bildu abstenitu egin da, jatorrian zegoen UPDren testuaren eztabaidan parte ez hartzea erabaki zuelako

2013-02-08 / Oihana Elduaien Uranga

Euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eskatzen duen testu bat onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak, akats bat medio. EAJk proposatutako testuaren kontra botatzen saiatu zen Blanca Roncal PSE-EEko hautetsia, baina ez zuen asmatu, edo botoa emateko gailuak ez zuen ondo funtzionatu. Kontua da, ezezkoa izan nahi zuen botoa abstentzio bezala zenbatu zuela sistemak, eta sakabanaketaren kontrako testua onartuta gelditu zela, boto baten aldearekin: Alde EAJren 27 boto lortu zituen, eta kontra PSE-EEren 15, PPren 10 eta UPDren 1. EH Bilduko legebiltzarkideak abstenitu egin ziren.

Bozketa ontzat ez emateko eskatu zion Roncalek Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteari, bere asmoa ezezko botoa ematea zela azpimarratuz. Tejeriak ez zuen ontzat eman Roncalen kexua, eta abstentzioa ofizial egin zuen, sistemak inolako akatsik ez duela argudiatuta. Helegitea jartzea pentsatzen ari da PSE-EE.

Joan zen astean UPDk proposatutako testu bat dago eztabaidaren oinarrian. Testu haren edukiak eztabaidatzerik ere ez zuela merezi iritzita, ez zuten hitzik hartu EH Bilduko hautetsiek. Testu hari kontra egiteko proposatu zuen atzo bozkatutakoa EAJk, eta koalizio abertzaleak eztabaidan parte hartu ez zuenez, ez zuen bi testuetako inoren bozketan parte hartu. EAJk proposatutako testu horrekin egin ziren bi bozketetan bina berdinketa izan zirenez, aste honetan berriz bozkatu da testu hori, eztabaidarik gabe. EH Bilduko iturriek azaldu dute, orduko jarrerari eustea erabaki dutela, eta horregatik ez zutela bozketan parte hartu.

Nolanahi ere, jeltzaleentzako mezua izan zuen atzo koalizio abertzaleak. Presoen egoeraren «arduradun bakarrak» Espainiako eta Frantziako gobernuak direla ohartarazi zion Hasier Arraiz legebiltzarkideak, eta ez zitzaion egoki iruditu alderdi jeltzaleak «presoak, ezker abertzalea eta EH Bildu egitea egoeraren erantzule». Elkarretaratzea egin zuten EH Bilduko hautetsiek legebiltzarraren kanpoaldean Mitxel Turrientes presoaren senitartekoek bisitatik bueltan izandako istripua salatzeko.

Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak gogor egin zuen EH Bilduren kontra: «Ez dute beharrezko ikusten, nonbait, sakabanaketa amaitzea». Ulertezina egiten zaio koalizio abertzalearen jarrera: «Ez dute planik, ez dute ibilbide orririk, eta planik eta ibilbide orririk gabe zaudenean ez dakizu nora zoazen». EAJren borezamailearen irudiko, «biribilgunean bueltaka jarraitzeko» egin zuen EH Bilduk abstentzioaren alde.

Publizitatea