Konponbideari begira

Berriak

Autodeterminazio eskubidea

Erabakitzeko eskubidea arautzeko eskatu dute Amaiur, ERC eta BNGk

Autodeterminazio eskubidea Espainiako legedian sartzeko lege egitasmoa aurkeztu dute hiru indar politikoek Kongresuan Galdeketaren bitartez independentzia aldarrikatzeko bidea jaso dute egitasmoan

2013-02-08 / Edurne Begiristain

Nazioek determinazio librerako duten eskubidea Espainiako araudian sartua egon dadin eskatu dute Amaiur, ERC eta BNG alderdiek Kongresuan. Autodeterminazio eskubidea legez arautzea da hiru indar politikoek erregistroan aurkeztu duten lege egitasmoaren helburua. Taldeok proposamenean gogorarazi dute autodeterminazio eskubidea Nazio Batuen Erakundeak espresuki jasotzen duela eta Espainiako Estatuak ere aldarri hori bere egina duela nazioarteko zenbait hitzarmenen bidez. Besteak beste, oroitu dute Nazio Batuen Erakundeak 1966. urtean aldarrikatu eta Espainiak 1977an sinatu zuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak autodeterminazio eskubidea aitortzen ziela herri guztiei. Hala, uste dute Euskal Herriak, Herrialde Katalanek eta Galiziak, nazio gisa, «munduko beste edozein lekutan dauden komunitateen eskubide eta askatasun berberak» dituztela, eta, beraz, autodeterminazio eskubidea Espainiako araudian sartu beharko litzatekeela.

Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok, ERCko Alfred Boschek eta BNGko Olaia Fernandezek erregistratu dute lege proposamena Kongresuan. Orain, mahaiaren onespena beharrezkoa da lege egitasmoa tramitatua eta eztabaidatua izan dadin. Mahaiak oniritzia ematea espero dute talde proposatzaileek, ekimena «demokratikoa, baketsua, zibikoa eta legezkoa» delako. Atzera botako balu, ordea, Kongresuaren «gabezia demokratikoa» agerian geratuko litzateke, haien ustetan. Nolanahi ere, proposamena gainerako taldeei igorri diete jada, ekarpenak egin diezazkioten. Jakinarazi dutenez, CIU, EAJ eta ICV-IU taldeak egitasmoa babesteko prest leudeke. PSCrekin ere harremanetan jarri dira, baina ez dute oraindik erantzunik jaso.

Lege egitasmoaren xehetasunak ematerakoan, Amaiurreko diputatuak nabarmendu du «garaia» dela herrien erabakitzeko eskubidea mahai gainean jartzeko. Errekondoren arabera, azken ustelkeria auziek agerian utzi dute Espainiako Estatuak «porrot» egin duela eta estatu eredua bera kinka larrian dagoela.«Autodeterminazio eskubidea ez da eman ala kendu egiten den eskubide bat, herriek berezkoa duten eskubidea da», esan du ERCko eledunak. Aurkeztutako lege egitasmoa, bere aburuz, Espainiako «demokraziaren maila» neurtzeko balioko du. «Herriek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidean sinesten dugu. Espainiako Konstituzioak berak errealitate historikoak aitortzen ditu», gogoratu du, gero, BNGko diputatuak.

Hiru taldeek lege proposamenean adierazi dutenez, norbanakoek zein kolektiboek daukate aldarrikapen hori aurrera eramateko eskubidea, eta garatzeko eta gauzatzeko bermea ere izan beharko lukete. Ordea, gaur egun ezinezkoa da hori egitea Espainiako Konstituzioaren arabera. Proposatutako legearen bitartez, beraz, Espainiako araudiak duen «hutsune» hori bete nahi dute hiru talde independentistek: herrien erabakitzeko eskubidea araudian bertan txeratzea nahi dute, Konstituzioa bera moldatu gabe. «Herrien autodeterminazio eskubidea legezkoa eta zilegi da, baina Espainiako legediak ez du garatu, eta hutsune hori betetzeko asmoz aurkeztu dugu proposamena», esan du Boschek. Lege proposamenaren atarian ere jasota dago helburu hori: testuak dioenez, Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko herritarren eskubide eta borondatea urratzen duen Espainiako Estatuaren «gabezia demokratikoa» konpontzeko asmoa du lege egitasmoak.

Erreferenduma, tresna

Autodeterminazio eskubidea onartzeko bidea ez ezik, gauzatzeko eta garatzeko bermeak ere jaso ditu hiru indar politikoen lege egitasmoak. Hiru taldeek aurkeztutako testuak dioenez, determinazio librerako eskubidearen ondorioz nazioek eskubidea dute «modu librean» erabakitzeko zein estatus politiko izango duten, zein eskumen erabiliko dituzten edo utziko dituzten, eta zein harreman izan nahi duten beste egitura eta nazioz gaindiko elkarte batzuekin.

Gainera, Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizia «nazio onartuak» direla eta, beraz, determinazio librerako eskubidea dutela zehaztu dute lege proposamenean. Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Estatuan «lau foru herrialdeek» osatzen dutela diote. Horiek hala, autodeterminazio eskubidea gauzatzeko bidea erreferenduma dela diote. Galdeketa hori tokian tokiko gobernu, parlamentu eta herri ekimenez antolatu beharko litzateke, eta, azken kasuan, «azken udal hauteskundeetako erroldaren %20ren ekimenez».

Proposamenean jasotzen denez, erreferendumaren emaitza balekoa izango da baldin eta erroldako erdiak baino gehiagok parte hartzen badute. Halaber, testuak dio botoen erdiak baino gehiago independentziaren aldekoak badira, gobernu autonomoak bere nazioaren independentzia aldarrikatuko lukeela.

Independentziarako prozesuak nolakoa izan beharko lukeen ere xehatu dute lege egitasmoan. Diotenez, independentzia aldarrikatutakoan, Espainiako Estatuarekin negoziatzeari ekin behar zaio, zehazteko batak eta besteak zein eskubide eta betebehar izango dituzten. Halaber, nabarmendu dute Espainiak bidea zabaldu beharko lukeela nazioarteak estatu berria onar dezan. Desadostasunak agertuko balira, berriz, Nazio Batuen bitartekaritza eskatzeko aukera izango lukete bi aldeek, lege asmoak dioenez.

Informazio osagarria

Publizitatea